Eskubide Sozialetako Departamentuak Nafarroako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak finantzatzeko dekretu berria aurkeztu du

Publikoaren aurrean jarri da entitate zein interesa duten pertsonek nahi adina iradokizun egin ditzaten
2019ko apirilaren 15a
Laparra lehendakariordea eta Gema Mañú Nafarroako Oinarrizko Gizarte 
Zerbitzuak finantzatzeko dekretu berria aurkezten.
camera_alt Laparra lehendakariordea eta Gema Mañú Nafarroako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak finantzatzeko dekretu berria aurkezten.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak eta Inklusio eta Babes Sozialetako zuzendari orokor Gema Mañúk, Nafarroako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak finantzatzeko dekretu berriaren proiektua aurkeztu dute. Hau publikoaren aurrean jarri da entitate zein interesa duten pertsonek nahi adina iradokizun egin ditzaten.

Dekretu berri honek finantzatu beharreko kostuak hiru eremutan egituratzen ditu: egiturazko kostuak, kostu zehatzak eta mendeko pertsonei arreta emateko etxez etxeko udal-zerbitzuen kostuak.

Egiturazko kostuei dagokionez, bete beharreko funtzioen garapenerako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan beharrezkoak diren gastuak aurreikusten dira, oinarrizko lanbide-taldearen, funtzionamenduaren eta lurraldearen sakabanatzetik eratorritako kostu estimatuak barne. Ildo horretatik, biztanleria hamar zatitan estratifikatu da, eta haietako bakoitzean tokiko erakundeak eduki beharreko oinarrizko lanbide-taldea zehaztu da.

Bigarrenik, arauak kostu zehatzak barne hartzen ditu, oinarrizko zona bakoitzerako behar sozialei erantzutera bideratuak. Ildo horretatik, baliteke lurralde bakoitzaren kasuistikaren arabera zona bakoitzean oinarrizko gizarte-zerbitzuek artatu beharreko biztanleria eta errealitatea soziala bat ez etortzea. Horregatik, dekretuak tokiko errealitatea neurtzea ahalbidetzen duten adierazle haztatuak erabiltzea aurreikusten du, horien artean lan-eskatzaileen ehunekoa, 65 urteko edo gehiagoko biztanleak eta 18 urtez azpiko biztanleak. Halaber, aintzat hartuko dira oinarrizko gizarte-zerbitzu bakoitzean emandako arreta, mendekotasuna ofizialki aitortuta duten pertsonen ehunekoa, babesgabetasun arriskuan edo egoeran dauden artatutako adingabeen ehunekoa eta errenta bermatuaren familia-unitate hartzaileen ehunekoa. Foru Gobernuak kontzeptu horrengatiko finantzaketa bere gain hartuko du, oso-osorik.

Azkenik, Foru Gobernuak etxez etxeko zerbitzuek ofizialki aitortutako mendeko pertsonak artatzeko kostua finantzatuko du, pertsonen autonomia sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legea betez.

Lanketa-prozesua eta partaidetzarako eremuak

Araua lantzeko Gizarte Zerbitzuen Departamentuak lehen proposamen teknikoa egin eta gero, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarekin kolaboratu da, hura ezagutzera eman eta ekarpenak jasotzeko.

Datozen egunetan, finantzaketari buruzko dekretu berria oinarrizko gizarte-zerbitzuetako departamentu ezberdinetako teknikari zein politikariekin landu eta aurkeztuko da. Xede horrekin, apirilaren 16aren eta maiatzaren 7aren artean zazpi bilera egitea aurreikusita dago. Bilera horiek egiten diren aldi berean, Gobernu Irekiaren atariaren bitartez araua argitaratu eta ekarpenak jaso ahal izango dira.