NKGIk Hasi Gazte: Gizarte Ekonomia Gazte Sariaren bigarren edizioa aurkeztu du

Ekimen Gazte Onenari eta Gizarte Ekonomiako Enpresa Gazte Onenari ematen zaie, eta kategoria bakoitzerako 3.000 euroko saria izaten da
2019ko apirilaren 12a

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak Hasi Gazte: Gizarte Ekonomia Gazte Sariaren bigarren edizioa aurkeztu du, Anel, Cein eta Laboral Kutxarekin elkarlanean, pertsona eta enpresa gazteen gizarte ekonomiako ekimenak eta proiektuak sustatzen jarraitzeko helburuarekin, eta haien okupazio-aukerak eta garapen profesionala sortzen eta hobetzen lanean jarraitze aldera.

Xehetasun guztiak gaur aurkeztu dituzte NKGIko zuzendari kudeatzaile Ruben Goñik; ANELeko lehendakariak, Ignacio Ugaldek; CEINeko kontseilari delegatuak, Pilar Irigoienek; eta Laboral Kutxako zuzendari komertziala den Javier Cortajarenak. Lau erakundek lankidetza-hitzarmena sinatu dute ekimen hau antolatzeko.

Saria bi kategoriatan banatzen da, eta bakoitza 3.000 eurokoa da: lehena Ekimen Gazte Onenaren Saria da, gizarte-ekonomiaren balioetara egokitzen den enpresa-proiektua garatzen ari diren 31 urtetik beherako pertsonentzat; eta bigarrena Gizarte Ekonomiako Enpresa Gazte Finkatu Onenarena da, eratuta dauden eta gutxienez urtebeteko eta gehienez bost urteko antzinatasuna duten enpresentzat, langile bazkideetako bat gutxienez 36 urtetik beherakoa izanik.

Sari honetan, ekintzaile gazteei laguntzen zaie ekintzailetzako proiektuak sortzen eta horiek jarraipena izaten edota jada sorturiko enpresei jarraipena izan dezaten, betiere jarduera gizarte-ekonomiaren esparruan garatzen badute. Hain zuzen ere, ekonomia sozialaren kontzeptuan sartzen da Hasi Gazte sarien beste helburu bat; hau da, gizarte-ekonomia hobeto ulertzen eta benetan zer den hedatzen laguntzea, errazago garatu dadin, gizarte-ekonomiak pertsona erdigunean jartzen duela ulertuaz, eta kalitatezko enplegua, parte-hartzailea, erantzulea eta iraunkorra sortzea eta mantentzea helburu izanik.

Deialdiaren inguruko xehetasun guztiak NKGIren web orrialdean argitaratuko dira.

Lehen edizioa

Sariaren lehen ediziora 24 proiektu aurkeztu ziren, eta horien artean irabazleak hauek izan ziren: batetik, Agoitzeko haur eskolako Taupadak hezkuntzarako kooperatiba, Gizarte Ekonomiako Enpresa Gazte Onenaren kategorian, eta, bestetik, Zaraitzu Ibarrerako zahartze aktiboaren proiektua, Eutsi, Gizarte Ekonomiako Ekimen Gazte Onenaren kategorian.

Taupadak Agoitzeko haur eskolaz arduratzen da, 0 eta 3 urte arteko haurrez, eta umeekin ez ezik, gurasoekin ere lan egin du, ingurunea eta ikasteko denbora partekatuaz. Bestalde, Zaraitzu Ibarreko-Nabaskoze Almiradioako 65 urtetik gorako pertsonen "zahartze aktibo eta osasungarrirako" proiektua da Eutsi. Inguruneko gazteek bultzatzen dute, eta, gazteria etorkizuna izan arren, adinekoak orain nagusi izanik, bi taldeekin lan egitea ezinbestekoa dela uste dute inguruko despopulatzea leheneratzeko.