Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak 2019rako hitzarmena sinatu dute
2019ko apirilaren 12a
Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak 2019rako hitzarmena sinatu dute
Gaur goizean, Ana Ollo Hualde Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Andrés Urrutia Euskaltzaindiko lehendakariak 2019ko lankidetzarako hitzarmena sinatu dute. Horren bidez, Gobernuak –Euskarabidearen bidez– jarraipena emango dio Euskaltzaindiarekin duen lankidetzari, eta 2019ko Aurrekontuetan Euskaltzaindiarentzat aurreikusitako 169.000 euroak hainbat proiektu aurrera eraman ahal izateko baliatuko ditu.
Hitzarmen horretan 2019an gauzatuko diren jarduerak jasotzen dira, baita Euskaltzaindia sortu zeneko mendeurrena zela bide Iruñean urte hasieran antolatu ziren ekitaldiak ere, hots, urtarrilaren 17an eta 18an egin ziren hizkuntza-eskubideei buruzko jardunaldiak.
Euskararen lexikoari, toponimiari eta onomastikari buruzko ikerketak
Hain zuzen, dirulaguntza horrekin, lau proiektu finantzatuko dira:
- Euskal Corpus Onomastikoa (ECO), 66.541,92 euroko aurrekontuarekin.
- Onomastikari eta Toponimiari buruzko lanak, 17.362,02 euroko aurrekontuarekin.
- Jagon bilduman argitaratuko den “Euskaltzaindiaren XXIII. Jagon Jardunaldia (Iruñean, 2019ko urtarrilaren 17 eta 18an)” liburua eta “Jose Agerre: Biografia de Arturo Campión” liburua. Bi liburu horien argitalpenak 10.504,89 euroko aurrekontua du.
- Joakin Lizarragaren lexikoaren azterketa, 53.866,74 euroko aurrekontuarekin.
Horretaz gain, 20.000 euro aurreikusi dira Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko urte hasieran antolatu ziren jardueretarako.
Bi erakundeek hitzarmena berritzearekin Nafarroako Foru Erkidegoaren berezko hizkuntzetako bat, euskara, normalizatzeko eta haren garapen, azterketa eta ikerketan kolaboratzen jarraitzeko nahia erakutsi dute.
Euskaltzaindiaren sortzailea
Nafarroako Foru Aldundia, 1918an, Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen. Harrezkero, Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko harremana etengabea izan da, eta, lankidetza horri esker, hainbat ekimen akademiko eta kultural atera ahal izan da aurrera. Gaur sinatutako hitzarmenak jarraipena ematen dio alde biek era horretako ekimenak bideratzeko duten interesari eta egiten duten ahaleginari.