2019ko apirilaren 11a

Nafarroak Madrilgo “El Invernadero” jatetxean aurkeztu du Tuterako barazkiak goresteko festa

Halaber, Elizalde kontseilariak sostengua adierazi die hamalau nafar ekoizleri Gourmet Azokara egin duen bisitaldian
Tuterako Barazkiak Goresteko Festa Jardunaldien XXV. edizioaren aurkezpena
Tuterako Barazkiak Goresteko Festa Jardunaldien XXV. edizioaren aurkezpena "El Invernadero" jatetxean.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek parte hartu du asteazken honetan, Madrilgo “El Invernadero” jatetxean, Tuterako Barazkiak Goresteko Festa Jardunaldien aurkezpenean. Aurretik, goizean, kontseilariak sostengua adierazi die, 100.000 bisitari profesional inguru erakarri dituen Gourmet Azokan erakusketari dabiltzan nekazaritzako elikadura arloko enpresei.

Rodrigo de la Calleserá sukaldaria arduratu da ekitaldia gidatzeaz eta Tuterako eta Nafarroako barazkien onurak aurkezteaz, eta ondoan izan ditu hiru nafar sukaldari: Luis Salcedo, Remigio jatetxekoa; Virgilio Martínez, Beethoven jatetxekoa, eta José Aguado, Topero jatetxekoa. Lau sukaldarien artean Nafarroako zainzuria eta Tuterako orburua gisako baratzeko produktuak tarteko zituen dastaketa ederra prestatu dute.

Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Tuterako alkate Eneko Larrartek eta Volantin Ordenako lehendakariak. Espezializatutako 30 komunikabide baino gehiago bildu dira Reyno Gourmet nafar gastronomia markak (INTIA sozietate publikoak kudeatua) Tuterako Udalarekin eta Volantin Ordekarekin batera antolatutako ekitaldi honetara, eta bertan, ekimenaren gakoak ez ezik, aurtengo programa ere aurkeztu dute.

Remigio jatetxeko Luis Salcedo, Beethoven jatetxeko Virgilio Martínez eta Topero jatetxeko José Aguado nafar sukaldariek Rodrigo de la Calle sukaldariarekin batera jardun dute lanean. Dastaketaren ardatz nagusia Nafarroako baratzearen lehengai aparta izan da, bereziki Nafarroako Zainzuria eta Tuterako Orburua, urtaro honetan goreneko unean daudelarik. Dastaketan, garnatxa mahatsaz landutako ardoak ere izan dira, bata gorria eta beste beltza, Nafarroako JIko Ardorik Onenen artean hautaturikoak: 2018ko Viña Zorzal Gorria eta 2016ko Unsi Terrazas Beltza.

14 gourmet enpresa

Elizalde kontseilariak Gourmet Azokaren hogeita hamahirugarren edizioan parte hartzen ari diren 14 nafar enpresaren standak bisitatu ditu asteazken honetan. Arratsaldean, azokako ateak itxiko dira Madrilgo Ifema azoka-eremuan. Horraino joan dira hainbat elikadura sektoretako hamalau nafar enpresa, 2.000 erakusketari ingururen 45.000 produktu baino gehiago ezagutzeko bildu diren ehun mila bisitari profesionalen artean ezagutzera emateko xedez. Hemen ere, Nafarroako barazkiak eta ardo gorriak protagonista nagusiak izan dira egunean antolaturiko ekitaldietan.

Elizaldek bisitan adierazi duenez, “Nafarroako ekoizleak bide berriak zabaltzen ari dira kontsumitzaileen artean, izan ere, kontsumitzaileek ederki ezagutzen dute gure produktuen kalitatea eta berehala ezagutzen dituzte hainbat komertzializazio-formula, azoka nahiz hurbileko komertzializazio-kanal laburren bitartez. Horrela, merkatu berriak konkistatzen hasiak dira”.

Produktu hauetako batzuk Madrilen egunotan aurkezturiko delicatessen gozoenen artean koka daitezke. Enpresak elikadura sektore askotakoak dira: Conservas Vela, El Navarrico, Conservas Medrano, Anko, Conservas Pedro Luis eta Viuda de Cayo, landare-kontserben sektorekoak. Etxenike eta Katealde, ahate-produktuak lantzen dituztenen sektorekoak; Ubidea eta Copos Bio, plater prestatuen sektorekoak; Hacienda Queiles, olioaren sektorekoa; Leframa, hestebeteen sektorekoak, eta Alex Viñedos de Calidad eta Inurrieta upategiak.