2019ko apirilaren 11a

Helpbidea identifikadorea Nafarroako zenbait baserritan jarri da beren kokapena zalantzarik gabe jakiteko

Gobernua Leitzako herritarrekin bildu da bereziki larrialdi zerbitzuentzako garrantzia izanen duen proiektua azaltzeko
Beaumont kontseilaria bileran, Anaut (eskuin) eta Ayarrarekin (ezker).
Beaumont kontseilaria bileran, Anaut (eskuin) eta Ayarrarekin (ezker).  Deskargatu irudia Irudi galeria

Helpbidea identifikadorea dagoeneko Nafarroako lehen baserrietan jarrita dago, sakabanatutako eraikin bakoitzaren kokapena zalantzarik gabe ezagutzeko helburuarekin. Proiektu berri hau bereziki erabilgarria izanen da larrialdi-zerbitzuentzat.

Nafarroako Gobernuak informazio-bileren erronda hasi du gaur arratsaldean Leitzako Udaletxean (ondorengoak Zubietan, Beran, Goizuetan eta Aranon eginen dira), herritarrei proiektuaren berri emateko, eta plaka identifikatzailea baserrietan jartzea eta 112 telefonora deitu edo larrialdi zerbitzuren bat behar den bakoitzean erabiltzea arras gomendagarria dela ulertarazteko.

Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilari María José Beaumontek horixe nabarmendu du bileran. “Larrialdi zerbitzuek eta gainerako zerbitzu publikoek herritar guztiengana behar den moduan iristeko aukera izatea nahi dugu. Horretarako, proiektu hau funtsezkoa da, eta eskerrak eman behar dizkiot Leitzako Udalari, eta beste herrietako udalei ere, proiektu hau garatzearen alde egin duten lanagatik. Orain, herritarren txanda da, haiexei dagokie inplikatu eta parte hartzea, pertsona guztiendako eta bereziki lekurrik urrunenetan edo komunikaziorik txarrenak dituztenetan bizi direnendako arretaren hobekuntza hau gauzatu ahal izateko”.

Ondoren, proiektuaren xehetasunak azaldu dituzte Babes Zibilaren Zerbitzuko zuzendari Isabel Anautek, Lurraldeko Informazio Sistemen (SITNA) ataleko buru Fernando Alonsok eta Oronoz-Mugairiko Suhiltzaileen Parkeko sarjentu Javier Ayarrak.

Helpbidea web aplikazioa API SITNA deritzonean oinarritutako web-bisore geografikoa da, Nafarroako edozein posta helbide aurkitzeko aukera eskaintzen duena, izan ere, landa-eraikin bakoitzak adiera bakarreko identifikadorea du geolokalizatua izateko; hau, nolabait esanda, Nafarroan dagoen eraikin bakoitzaren NANa bezalakoxea litzateke.

Aplikazioak hainbat irizpide konbinatzen ditu Nafarroako posta helbide bat aurkitzeko: udalerria, entitate berezia, bidea, ataria, etxearen izena eta helpbidea IDa, eta horrek lehengo hankasartzeak eta atzerapenak saihesten ditu baserriak bilatzerakoan.

Plakak eta baserri-metroa

Helburua da Nafarroan sakabanatuta dauden eraikinetako bakoitzean plaka identifikatzaile bat egotea, eta horrela, norbaitek 112 larrialdi telefonoarekin hitz egiten duen bakoitzean, aski izanen du idenfikadore hori ematea. Leitzaren kasuan, plaka horiek eginak daude jadanik eta orain kokatzeko aholkua egin da.

Aldi berean, Udalak baserri-metroa izenaz bataiatu duen mapa topologikoa landu du PDFan, metroko planoen estetikan oinarrituta, eraikin bakoitza modu azkar eta errazean lokalizatu eta horretara iristeko biderik egokiena zehaztu ahal izateko. Izena eta helpbidea identifikadorea ditu, jarraitu beharreko ibilbidearekin batera.

Halaber, bide-gurutzeetan seinaleztapen horizontala jartzen hasi da, eraikin bakoitzaren izenarekin, helbidearekin eta helpbidea identifikadorearekin.