Nafarroako Gobernuak hauteskundeen kudeaketako hitzarmen bat egin du Estatuko Administrazio Orokorrarekin

Beaumont kontseilariak eta Barne ministroak lau urteko hitzarmena sinatuko dute, eta beste hainbat urtez luzatu ahal izango da
2019ko apirilaren 10a

Nafarroako Gobernuak gaurko bileran onartu du hauteskundeen kudeaketako hitzarmena egitea Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean; hitzarmena lau urtekoa izango da, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da.

Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilaria den María José Beaumontek eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak hitzarmena sinatuko dute, hauteskunde-prozesuen kudeaketarako beharrezkoak diren baliabide publikoak modu eraginkorrean bermatzeko, hauteskunde-konkurrentzia kasuetan nahiz konkurrentzia hori gertatzen ez den kasuetan.

Hauteskunde-prozesuak erregulatzen dituen araudian zenbait betebehar ezartzen dira Estatuko Administrazio Orokorrarentzat, hauteskunde-deialdia autonomikoa edo estatukoa izan ala ez (horiek ez dira hitzarmen honen xede); hala ere, badira Administrazio bakoitzaren ardurapeko bestelako gaiak.

Hitzarmena egiteko, aintzat hartu da Sektore Publikoko Erregimen Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeko 143. artikuluan jasotako lankidetza-printzipioa, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Autonomia Erkidegoetako Administrazioen arteko harremanetan buru izan behar duen irizpide informatzailea, bien onerako.

Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legera (martxoaren 11koa) egokitzen da; Lege horren arabera, Foru Komunitateak hitzarmenak sinatu ahal izango ditu gainerako Herri Administrazioekin, haien eskumenen barnean.

Maiatzaren 26ko hauteskundeak

Datorren maiatzaren 26an, lau hauteskunde-prozesu egingo dira: Nafarroako Parlamenturako eta Kontzejuetarako hauteskundeak, Foru Administrazioaren mendekoak direnak, eta udal-hauteskundeak eta Europako Parlamenturako hauteskundeak, Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak.

Hitzarmenean esaten da hauteskunde-kudeaketan teknologiak partekatuta erabiliko direla edota hauteskunde-datuak jasotzeko, transmititzeko eta tratatzeko sistemak batera erabiliko direla. Era berean, Administrazioko ordezkariak, mahaietako datuak transmititzeko, berak izango dira prozesu guztietan, eta haien ordainsaria bi administrazioen artean eman beharko dute.

Horrez gain, Hitzarmenaren Segimendurako Batzordea sortu da. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentuko hiru ordezkarik eta Estatuko Gobernuko Barneko Zuzendaritza Nagusiko beste hiruk osatuko dute, eta, gutxienez, urtean behin bilduko da.