2019ko apirilaren 10a

Nafarroako Gobernuak, adingabei arreta emateko barneratze eta bide irekiko 73 plaza misto kudeatzeko kontzertua lizitatu du

Akordio honen bidez, erreforma sisteman dauden gazteei zuzendutako bost programa abian jarri nahi dituzte eta bi, gatazkan dauden gazteentzat

Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren bitartez, osasun eta gizarte-zerbitzuen arloetako Gizarte Kontzertuak lizitatzeko prozesua hastea onartu du gaurko bilkuran, azaroaren 16ko 13/2017 Foru Legeari jarraiki, 2 lotetan bildutako adingabe arau-hausleren arretarako 73 plaza misto kudeatzeko, honako programa hauen arabera:

- 25 plaza misto araubide itxiko edo erdi-irekiko barneratzerako zentroan, 1. mailako neurri judizialak betetzeko[1]

- 10 plaza misto araubide erdi-irekiko barneratzeko zentroan 2. mailako neurri judizialak betetzeko

- 10 plaza misto gazteei ingurune irekiko autonomia prozesuan laguntzeko programarako.

Adingabe arau-hausleek neurri judizialak ingurune irekian betetzeko programa.

- 6 plaza misto ingurune irekiko egoitza bidezko barneratze-programarako, beste pertsona, familia edo heziketa-talderen batekin elkarbizitzeko neurrirako.

- 22 plaza misto gizarte-gatazkan dauden adingabeendako, nerabeei zuzendutako heziketa programaren barnean.

- 20 adingabe eta hauen familiak artatzeko programa terapeutikoa guraso eta seme-alaben arteko indarkeria egoeretarako.

- Kontzertuaren helburua da erreforma-sistemari atxikitako adingabe arau-hausleendako bost programa eta gizarte-gatazkan daudenendako babes-sistemari atxikitako beste bi programa abian jartzeko esparru tekniko eta administratiboa zein beharrezko baliabideak ahalbidetzea.

Erreforma sistemaren menpeko adingabeak dira, faltak edo delituak egiteagatik Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren araberako eta lege hau garatzen duen uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuko araudiaren araberako neurri judizialak ezarriak dituzten 14 eta 18 urte bitartekoak.

Bestalde, Nafarroako Haurren Sustapen, Arreta eta Babesari buruzko 15/2005 Foru Legeak jasotakoaren arabera, “gatazka sozialeko egoeran dauden adingabeak dira, babes sisteman sartuak, ez-egokitzapen larriarengatik beren buruei edo besteei kalte egiteko arriskuan egon daitezkeenak”.

Kontzertuaren ezaugarriak

Kontzertua esleitzeko prozesua iragarritako prozedura irekiaren bitartez eginen da. 3 urteko indarraldia izanen du, eta hiruna urteko bi luzapen ere izaten ahalko ditu, gehienez bederatzi urte osatu arte. 2019ko uztailaren 1ean hasi eta 2022ko ekainaren 30ean bukatzea aurreikusi da.

Lizitazio hau da kontzertu modalitatearen arabera bideratu den bigarren espedientea, osasun eta gizarte zerbitzuen arloko gizarte-kontzuertuei buruzko azaroaren 16ko 13/2017 Foru Legeak araututakoaren arabera.

Gizarte-kontzertuei buruzko Foru Legeak dirulaguntzen eta bestelako finantzaketa-moduen ordezko alternatiba eskaintzea du helburu, eta harreman-eredu egonkorragoa eta bermezaleagoa eskaintzen die irabazi asmorik gabeko gizarte entitateei bide honen bitartez zein bestelako finantzaketa-formulak baliatuz ematen dituzten zerbitzu eta programen inguruan.

Honela, gizarte-ekimeneko entitate hauek egin ohi duten giza-baliabideen zein baliabide ekonomiko eta materialen ekarpen handi-handia aitortu nahi da, gizarte zein osasun arloetako zerbitzuen sistemari eskaini ohi dioten arreta arloko esperientzia barne, gerora begira Administrazio Publikoaren eta gizarte zibilaren arteko lankidetza-aukera berriak irekiz.

Askotan, arazo sozio-sanitarioak pairatzen dituzten pertsonek eragindako irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateak dira, eta haien helburu sozialak, baliabide gehigarriak eskaintzeko ahalmenarekin batera, zerbitzu eta prestazioak jasotzen dituzten pertsonen arretaren etengabeko hobekuntzan jarraitzea sustatzen du, kantitatearen zein kalitatearen ikuspegitik. Honi gehitu behar zaio zerbitzuak prebentzio programekin eta boluntariotza sozio-sanitarioko programekin osatzeko izan ohi duten ahalmena.

Lizitazio hau abian jarriz, Haurrak Babesteko Sistemak eta, oro har, gizarte-zerbitzuen, osasun zerbitzuen eta zerbitzu sozio-sanitarioen sistema publikoak herritarrei eskaintzen ahal dizkien bermeak handitzeko aukera izanen dute, zerbitzuaren jarraikortasunaren ikuspegitik nahiz eskainitako prestazioen kalitateari buruzko estandarren ikuspegitik.