Nafarroak Skolae programa partekatu du Kantabrian

Santanderreko Jaialdien Jauregian egin da Kantabriako XII Hezkuntza Kongresua
2019ko apirilaren 10a
Ezkerretik hasita Asturias, Nafarroa eta Kantabriako Hezkuntza 
kontseilariak hurrenez hurren.
camera_alt Ezkerretik hasita Asturias, Nafarroa eta Kantabriako Hezkuntza kontseilariak hurrenez hurren.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Hezkuntzako kontseilari María Solana Aranak eta Departamentuko Berdintasun eta Bizikidetzaren Ataleko buru Pilar Mayo Flamariquek parte hartu dute gaur Kantabriako XII. Hezkuntza Kongresuan. Hain zuzen ere, Pilar Mayo arduratu da Skolae hezkidetza programa aurkezteaz Santanderreko Kantabriako Jaialdien Jauregian bildutako 500 pertsonaren baino gehiagoren aurrean. Solana, aldiz, Kantabriako Hezkuntza, Kultura eta Kiroleko kontseilari Francisco Fernandez Mañanesekin eta Asturiasko Hezkuntza eta Kulturako kontseilari Genaro Alonsorekin bildu da. Nafarroako kontseilariak zein Kantabriako eta Asturiasko kontseilariek hezkidetu beharrari buruzko gogoeta partekatu dute, eskolan ere berdintasunaren aldeko politikei bultzada sendoa emateko ahaleginean administrazio publikoek duten erantzukizuna nabarmentzeaz gain.

Kongresuan, eskolak garrantzizko eremu gisa duen eginkizuna nabarmendu dute, pertsona guztien potentzialtasunak ahalik eta gehien garatzeko eta herritartasuna eskubide-berdintasunean oinarrituta eta generoari loturiko baldintzapenik gabe gauzatzeko aukera bermatuko duen gizarte eredua eraiki ahal izateko. Horixe izan da, Kantabriako Hezkuntza kontseilariak inauguraturiko Eskualdeko Hezkuntza Kongresuaren ardatz nagusia. Jendaurreko agerraldian, Nafarroako Hezkuntzako Berdintasunaren Ataleko buru Pilar Mayok eskerrak eman ditu Skolae hezkidetza programa aurkezteko aukeragatik, eta argi utzi du programa hau “emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasunezko egoerei erantzunez sortua dela, izan ere, egoera horiek gizarte-eredua eta harremanen eredua berrikustera bultzatzen gaituzte, kasu askotan desberdintasun horretan oinarrituta eraiki baitira. Gainera, oinarrizko nahiz foru arauetan bildutako betebeharra da”.

Pilar Mayok bertaratutakoen aurrean adierazi duenez, hasiera-hasieratik, Skolareren helburua “ikasgeletan, etapa guztietan eta neskak eta mutilak barne hartuz, berdintasunari buruzko ikasketa pixkanaka-pixkanaka sartuko duen hezkuntza programa bat sortzea izan da”. Ildo horretan, Mayok berriz ere esan du Skolae programaren aplikazioa “ikastetxe bakoitzaren konpromisoan eta hezkuntza-sistema osoan egindako esku-hartze sistematikoan oinarritzen dela”. Pilar Mayok aitortu du “orain arte, hezkidetza pertsona militanteek, feministek eta berdintasunaren aldeko konpromisoari lotutakoek eraman dutela ikasgeletara. Hala ere, Skolaen funtsezkotzat jo da berdintasunari buruzko ikasketa egun-egunero ikasgeletan dauden eta ikasgaiez zein tutoretzaz arduratzen diren irakasleen esku uztea. Modu antolatuan”. Agerraldian, nafar ordezkariak Skolaeren ezapenaz garatzen ari den prozesuaren garrantzia nabarmendu du, “izan ere, horrek dakarren aldaketa irakasleekin partekatzeko aukera ematen digu, eta hori da programaren alderik positiboenetako bat”.

Jardunaldietan bildutako hezkuntza-komunitateak balorazio positiboa egin du Mayoren agerraldiari buruz eta Skolae programa ezagutzeko interesa agertu du. Bestalde, Mayok ikasgeletan hezkidetzaren alde lan egiteko gonbidapena luzatu die irakasleei, eta hezkuntza arloko berdintasun politika propioak garatzeko Kantabria ondo posizionatuta dagoela ziurtatu du, esparru juridikoa eta hezkuntza arloko profesionalak baititu errealitate bihurtzeko.