Kulturak “Jota Nafarra” Kultur Intereseko Ondasun Immaterial izendatzeko espedientea hasi du

Ondare immaterialaren ikuspegitik, Foru Komunitatean garrantzia berezia duen ondasuna da, errotutako adierazpide bizi eta partekatua baita
2019ko apirilaren 10a

Kultura Zuzendaritza Nagusiak hasiera eman dio Jota Nafarra Kultur Intereseko Ondare Immaterial izendatzeko espedienteari, Navarjota kultura elkartearen eskariz onarturiko apirilaren 8ko ebazpenaren bitartez.

Ondare immaterialaren ikuspegitik, Jota Nafarra garrantzia berezia duen ondasuna da Foru Komunitatearendako, errotutako adierazpide bizi eta partekatua baita. Nahiz eta jota Iberoamerikatik hedatutako eta ia Espainiako autonomi erkidego guztietan aurki daitekeen musika estiloa izan, abestu edo dantzatu ahal den bere musika adierazpena, dokumentatutako bi mendeetako ibilbidearen ondorioz, sustraituta dago Nafarroan.

Askotariko musika-adierazpide gisa, nafarren nortasuna irudikatzen du eta bertako Kultura Ondare Immaterialaren adierazpen berezienetakoa da. Ondasun immateriala den aldetik, honako ezaugarri hauek biltzen ditu: gizabanakoek nahiz komunitateek partekatu eta nortasunaren osagai gisa barneratu dute; bizia eta dinamikoa da eta normalean haurtzaroaz geroztik transmititu eta berregiten da; normalean denbora eta leku bati atxikita dago (orainaldian garatu eta esperimentatzen da); ez du kopiarik eta erritualizatuta dago.

Jotaren jatorria eta esanahia

Jota dantza edo kantu moduko genero musikala da, eta XVIII. mendean agertzen da lehendabiziko aldiz izen horrekin. Bakarrik instrumentuak erabiliz edo musika eta kopla elkartuz, ia Iberoamerika osoan hedatuta dago, ñabardurak ñabardura.

Nafarroan, musika mota honen izendapen nagusia, kantua eta dantza barne hartuz, “Jota” edo “Jota nafarra" da. Normalean, musikak kantuari laguntzen dio (jota kantatua) edo euskarri erritmiko ematen die dantza-aldaketei (jota dantzatua edo jotaren dantza). Musika interpretatzaileak errondailak edo hari-taldeak, gaiteroak, akordeoilariak eta haize eta perkusio instrumentuak uztartzen dituzten bandak izaten ahal dira. Instrumentazioa azpimoten araberakoa egin ohi da, eta batzuetan jota kantatua a capella ere interpretatzen ahal da. Aragoin ez bezala, Nafarroako jotak ez ditu inoiz kantua eta dantza uztartzen, tonu txikiak erabiltzen ditu eta kantuak dantzak baino mantsoagoak izan ohi dira.

Ikuspegi formaletik, jota kantatua entzuleek partekaturiko tradiziozko muga formalek baldintzatzen dute (metrika, estrofa, errima, doinuak). Hizkuntzaren ikuspegitik, modu artistikoan erabiltzen du ahozko hizkuntza (ahozko estiloa eta adierazpen lirikoari loturiko baliabide erretorikoak), baita diskurtso-tradizio dialektikoa ere kasu batzuetan (bat-bateko jotak eta erronda eta gorteatzeko jota batzuk). Testuinguru pribatuetan (kanpoan zein barnean) eta testuinguru pribatuetan (solasaldietan, senideen arteko ospakizunetan) interpretatu ohi dira. Entzumenaren bitartez jasotzen dira. nagusiki. Jota kantatuaren hartzaileak koplak joteroaren ahotsean adierazitako sentimenduarekiko lotura emozionalean finkatzen ditu aurreikuspenak, eta ahotsaren estiloa, indarra eta teknika baloratzen ditu.

Nafarroan arras hedatuta dagoen jota dantzatuari dagokionez, dantza independente gisa duen izaera eta dantza tradizionalen zikloetan edo serieetan duen presentzia bereizi behar dira. Hala ere, pausoak oso antzekoak dira. Bikoteek biribilean dantzan egiten dute, besoak altxatuta, eta mugimendu azkarrak egiten dituzte alde batera eta bestera, zoruan punteatuz eta erlojuaren aldeko zein aurkako joan-etorriak eginez. Izaera tradizionaleko dantza da eta aldaera aunitz ditu. Ohiturari jarraiki, dantza eta erromeria publikoak, bereziki zaindariaren egunekoak, jota batekin (batzuetan, jota berberarekin) bukatzen dira, iraupen luzea eta gero eta erritmo eta abiadura biziagoa emanez. Hala gertatzen da Tuterako “revoltosa”-rekin, Foru Plazako kioskoaren inguruan, edo Cintruenigoko “Gigantón” deritzonarekin.

KIO izendatzeko prozesua

Navarjota Elkarteak NUPeko Ondare Immaterialaren Katedraren lankidetzaz jarraitu duen prozesuak Jotaren munduaren atxikimendua erakarri du KIO izendapenaren alde. Aurretiaz, lurralde mailako hiru topaketa antolatu dira Jotaren hainbat esparrutako pertsonak eta erakundeak bilduz: irakaskuntza, interpretazioa, elkarteak, zaleak, Administrazio publikoa, kultura kudeaketa, etab. Bilera horietan, izendapenaren aldeko ia ahobatezko atxikimendua lortzeaz gain, Jotaren egungo egoerari buruzko gogoeta egin dute, arriskuak zehaztuz eta ondarea zaintzeko neurriak proposatuz, aurkezturiko memorian azaldu den bezalaxe.

Informazio eta parte-hartze prozesu honen ondorioz, Navarjota Elkarteak ondasun immaterialaren memoria deskribatzailea aurkeztu du, 2.000 partikular ingururen zein ehun eta erdi baino gehiagoko udal eta kultura zein gizarte alorretako erakundeen sinadurekin.