Descárgate la app
Erronka teknologikoei buruzko dibulgazio eta prestakuntza gune izanen den Iturrondo enplegu agentziako Industria 4.0 ikasgela abian jarri da
2019ko apirilaren 9a
Erronka teknologikoei buruzko dibulgazio eta prestakuntza gune izanen den Iturrondo enplegu agentziako Industria 4.0 ikasgela abian jarri da
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Industria Elkartearekin (NIE) batera, gaur abian jarri du Industria 4.0 Ikasgela; hau da, laugarren industria-iraultzako teknologia berriei buruzko prestakuntza eta sentsibilizaziorako baliabide berria.
Iturrondo prestakuntza eta enplegu agentzia integralean kokatzen da (Burlatan), eta 4.0 Ikasgela bereziki industria-enpresetako agintari eta teknikarientzat da, baina beste enpresa nahiz prestakuntza- eta hezkuntza-zentroetara ere irekita dago.
Baliabide honetan modu atseginean eta interaktiboan hedatzen dira ekoizpen-prozesuetan jada sartzen ari diren teknologia eta erreminta nagusiak (errealitate birtuala eta areagotua, robot kolaboratiboak edo 3D inprimatzea), eta pertsonen eta haien etengabeko prestakuntzari garrantzi handia ematen dio laugarren industria-iraultzako erronkak jorratzeko.
Interesatuta dauden enpresek, erakundeek eta zentroek jada ordua eta eguna erreserba ditzakete ondorengo estekan: http://bit.ly/2UYUP4Q. Izen-ematea doakoa da.
NEZ-NLk baliabide honetarako 153.000 euro jarriko ditu datozen bi urteetan, eta kudeaketa NIEri esleituko zaio. Industria eta ete eremuetako nahiz hezkuntza eta prestakuntza munduko 3.600 pertsona baino gehiago txandakatzea aurreikusten da. Datorren urtean Tutera eta Lizarrara eramango da.
Erronka Nafarroan
Nafarroako eta Espainiako enpresa handiek antzeko ikasgelak dituzte haien langileak formatzeko. NEZ-NLk baliabide hori sustatu du, Foru Komunitateko produkzio-ehun osoaren eskura jartzeko eta enpresen eraldaketa digitala eta teknologikoa bultzatzeko, Nafarroako Garapen Adimentsuaren Estrategian eta Enpleguko Politika Aktiboen inguruko Akordioan ezartzen den moduan. Diseinatzeko, Sodenak ere osatzen duen ordezkaritzak Seaten instalazioak bisitatu zituen Martorell-en.
Instalazioak astearte honetan ireki eta aurkeztu dituzte baliabidea abian jartzen esku hartu duten erakundeen aurrean, Iturrondon. Bertan izan dira Ignacio Catalán, Gaitasun Profesionalen Garapen Zerbitzuko zuzendaria, eta Susana Otazu, Aingo Prestakuntza Zentroko arduraduna. Horrez gain, ekitaldian izan dira proiektuan modu aktiboan esku hartu duten enpresetako ordezkariak, hots, General Mills, Schneider Electrics eta SKF enpresetakoak, eta ikasgelaren teknologien hornitzaileak izan diren ete nafarretako zuzendariak, tartean, Kunak, Tasiva, Unity, Tumaker eta Helix North enpresetakoak.
“Lanen ekoizpena eta edukia antolatzeko modua aldatzen ari da. Enpleguaren aurrean erronka berriak ditugu. 4.0 Ikasgelak trantsizioa, aldaketa historikoa eta egokitzeko premia erraztu nahi ditu. Era berean, bide bat da langileek, eta etorkizunekoek ere bai, teknologia berriekiko konfiantza irabazteko eta etengabe prestatzeko beharra barneratzeko”, azaldu du Catalánek. Orobat, gogoratu du Nafarroan erronka hori lehen mailakoa dela, industria-sektoreak Nafarroako BEGd-aren %32,86a osatzen duelako (INE 2017), zuzeneko enpleguarekiko pisua %23,5ekoa izanik. Ekarpen hori estatuko eta Europako batez bestekoa baino askoz ere altuagoa da, %17 eta %20 ingurukoak baitira, hurrenez hurren.
AINen izenean (ikasgelaren kudeaketaren erakunde esleipenduna), Susana Otazuk, prestakuntza-zentroko arduradunak, azaldu du ikasgelak “4.0 industria-iraultzan protagonistak diren teknologiekin elkarreragiteko aukera eskaintzen duela, orain hor murgilduta gaude-eta. Helburua da bertaratzen direnek bizipen-esperientzia batean parte hartzea, teknologia berriak ingurune profesionala aldatzen ari den eta are gehiago aldatuko duen aukera direla ohar daitezen”.
Era berean, 4.0 ikasgela hau abian jartzearekin bat eginez, NEZ-NLk eta AINek hitzaldi bat antolatu dute Alberto Moranekin, SMC Españako senior innovation managerrarekin, automatizazioaz hitz egiteko giza ikuspegitik. Topaketan izan dira Nafarroako industria-faktorietako eta prestakuntza-zentroetako 50 bat arduradun.
Alberto Morán adituak honela berretsi du: “gizakia ez da produkzio-prozesuan sartzen; prozesu horren kudeatzailea da. 4.0 industriak fabrikazio pertsonalizatua ekartzen digu, premien arabera, just in time une justuan, etengabeko hobekuntza eta autonomazioa bezala, teknologia berriak erabilita. Baina erronka berri horretan garrantzitsuena da produkzio eraginkorra lortzea”.
4.0 Ikasgelako teknologiak eta baliabideak
4.0 Industria ezagutzaren gizartean kokatzen da, eta fabrika adimentsuak egin nahi ditu, premietara egokitzeko gai direnak (produktuen pertsonalizazio handiagoa, denboren murrizketa, besteak beste), eta baliabideak modu eraginkorrean erabili, adimen artifizialaren bitartez (big data, algoritmoak eta sistemen eta gailuen interkonexio masiboa).
Inplikazioak ezagutzeko, bi ordutan, 4.0 Ikasgelara joandako pertsonak 10-15 laguneko taldetan antolatuko dira, eta dinamika ezberdinetan hartuko dute parte. Lehenik, sarrera moduan, laugarren Industria Iraultza deiturikoaren teknologia garrantzitsuenen berri emango zaie panelen bitartez.
Bigarren, 10 minutuko bideo bat ikusiko dute, Nafarroan kokatutako enpresetako zuzendari nagusiei egindako elkarrizketena; tartean, honako hauek aurkitzen dira: Imanol Vidal, General Mills-ekoa; Elisa Genua, Schneider Electrics-ekoa; eta Julián Jiménez, SKFkoa. Horiek jada eraldaketa-proiektuak garatzen ari diren haien enpresetan.
Azkenik, bertaratuek sei teknologia probatu ahal izango dituzte erabilera eta funtzionaltasuna egiaztatzeko. Nabarmentzekoak dira errealitate birtualeko betaurrekoak, 3D inprimagailuaren erabilera edo robot kolaboratiboaren funtzionamendua. Halaber, parte-hartzaileek aukera izango dute dron bat zuzentzeko edota industria-inguruneetan errealitate areagotuaren aukerak ezagutzeko.