Natur jardueren agenda udaberri honetarako

Ibilaldiak, behaketak, hitzaldiak, bisita gidatuak naturaren interpretazio zentroetara, ingurumen hezkuntzaren eta boluntariotzaren programa, eta PIRIBUS erakusketa ibiltaria eskaintzen dira
2019ko apirilaren 5a

Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuaren Natura Interpretatzeko Zentroek eta ingurumen hezkuntzarako eta boluntarioei laguntzeko programak naturan egiteko moduko jarduera ugari eskainiko dituzte udaberri honetan: paseoak, behaketak, hitzaldiak, erakusketak, tailerrak eta bisita gidatuak, apirilean, maiatzean eta ekainean. Informazio guztia Departamentuaren agendan eskuratzen ahal da esteka honen bitartez.

Las Cañas, Pitillas, Irunberri, Erronkari eta Otsagabiko Interpretazio Zentroak

Loraldi eta hazierarako sasoia izanik, Las Cañas urtegiko eta Pitillasko urmaeleko Natura Interpretatzeko Zentroek bisita gidatuak eta hegaztien behaketak eskainiko dituzte. Maiatzeko igandeetan Las Cañasen eta apirilaren 19an eta 21ean Pitillasen.

Irunberrin, Arroiletako Interpretazio Zentroak, haurrentzako tailerrekin eta “Euskal mendia, zeruaren eta lurraren artean” erakusketarekin batera, “Basoko ipuinak” deritzon ipuin-kontaketa saioa eskainiko du apirilaren 24an, bi hitzaldi –bata, ekonomia zirkularrari buruzkoa, apirilaren 13an, eta bestea, bide atlantikoko hegaztien migrazioari buruzkoa, maiatzaren 10ean-, eta hitzaldi eta irteera bat ugaztunak bilatzen ikasteko, Irunberrin, ekainaren 15ean.

Erronkarin, Erronkariko Interpretazio Zentroak, “Hartz arrea eta Natura Sarea” erakusketarekin eta ohiko bisita gidatuekin eta haurrentzako tailerrekin batera, bisita gidatuak prestatu ditu Burgiko arroila eta ofizioen herria ezagutzeko apirilaren 19 eta 27an, maiatzaren 4an eta ekainaren 8an; Azanzorea haitzulorako bisita bat (apirilaren 14an, maiatzaren 19an eta ekainaren 23an; izarrak behatzeko saio bat Belaguan maiatzaren 4an eta hartz arrea ezagutzeko ibilaldi bat (“Erronkari, hartzaren lurraldea”), ekainaren 22an.

Zaraitzun, Otsagabiko Interpretazio Zentroak LIFE Natura 200+Oso Proiektuari buruzko erakusketa du ikusgai ohiko bisita gidatuekin batera, eta nafar pirinioa ezagutzeko 10 ibilbidetako programa egiten jarraituko du Aintzioa-Larrogain haitzetarako bisitaldiarekin maiatzaren 4an, Orreaga-Iratiko KBErako bisitarekin ekainaren 29an, eta ingurumen-hezkuntzarako irteerekin maiatzaren 15 eta 29an eta ekainaren 5 eta 12an, asteazkenez.

Pinudiak, arroilak, mahastiak eta abereak, adituen eskutik

Bestalde, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuaren ingurumen hezkuntzarako eta boluntarioei laguntzeko urteko programaren barnean, apirilaren 13an, “Leringo pinudiak: Alepo pinuaren muga naturala Nafarroan” deritzon paseo gidatua eginen da Lizarrako mugapeko Basozaingoaren eskutik; apirilaren 24an, bisita gidatua izurriteak aliatu naturalekin kudeatzen dituen Erriberriko Bareton mahastira, EVENAko teknikariekin batera; maiatzaren 12an, bisoi europarraren lurraldea bisitatuko da Tafalla-Zangozako Basozaingoaren konpainian; maiatzaren 18an, ibilaldia eginen da Jurramendin barna Lizarrako Basozaingoaren eskutik, eta ekainaren 1ean, Santa Colombako arroileko hegaztiak ezagutzeko bisita eginen da Aspurtzen. Ekainean ere, hilaren 8an, INTIAk gidari lana eginen du Nafarroako Gobernuak Orreagan duen finkarako irteeran, bertako ardiekin egiten ari den lana ezagutzera emateko, eta hilaren 15ean, arrainen laginketa eginen da arrainketa elektrikoaren laguntzaz Iruñean, Arga ibaian.

PIRIBUSek Pirinioaren Eguna ospatuko du Aezkoan eta Erronkarin

Aurtengo udaberriko programa zabalaren barnean, kolektiboendako jarduera espezifikoekin, lehiaketekin eta erakusketekin batera, apirilaren 14ra arte Tuterako Queiles pasealekuan kokatuta dagoen Piribus “Pirinietako bihotzera bidaia” deritzon erakusketa ibiltariarekin batera osatutako programazioa ere nabarmendu behar da.

Hartara, bihar, larunbata, erakusketak Pirinioaren Eguna ospatuko du Fernando Hualde idazlea buru duen “Pirinioa eta Erribera, ondare komuna” izenburuko mahainguruarekin, eguerdiko 12etatik aurrera, eta Eduardo Blancoren “Bardenas reales en busca de la luz” liburuaren aurkezpenarekin. Aurretik, goizeko 8:30etan, bi talde autobusez abiatuko dira Aekoara eta Erronkarira, Pirinioen ingurua ezagutzeko. Arratsaldean, ugaztunei buruzko erakusketaz gain, “Bat-Night. Ezagut ezazu saguzarren garrantzia” programatuko da, eta gaiari buruzko azalpena osatzeko, ibilaldia eginen da Ebro ibaian barna Juan Tomas Alcalde eta Iñaki Martínezen eskutik. PIRIBUSen eguneko programazioa webgunean honetan eskuratzen ahal da: www.piribustudela.