Barkos Lehendakaria gorpuzkiak identifikatu gabe dauden frankismoaren 46 biktima lurperatzeko ekitaldian izan da

Iruñeko hilerrian egindako ekitaldian, memoriaren aldeko elkarte eta erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, biktimen egia eta justiziarako eskubideei erantzuteko
2019ko apirilaren 1a
La Presidenta Barkos deposita una ofrenda floral ante los restos.
camera_alt La Presidenta Barkos deposita una ofrenda floral ante los restos.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek nabarmendu duenez, memoria historikoan lanean diharduten erakunde eta elkarteen arteko lankidetza da “biktimen egia, justizia eta errepaziorako eskubideari erantzuteko” biderik egokiena.

Halaxe adierazi du Iruñeko hilerrian, errepresio frankistaren 46 biktimaren identifikatu gabeko gorpuzkiak lurperatzeko antolaturiko ekitaldian. Biktimak Nafarroako hainbat hobitatik atera dituzte egungo legealdian, Nafarroako Gobernuak biktimen gorpuak hilobietatik ateratzeko antolaturiko programaren barnean.

Ekitaldiaren garapena

46 pertsonen gorpuzkiak, kutxetan sartuta iritsi dira Iruñeko kanpusantura. Segizioan bildutako agintariak eta elkartearen ordezkariak hilobiaren barnealdera abiatu dira errepublikazaleen panteoiraino, bertan lurperatu baitituzte aipaturiko gorpuzkiak.

Ekitaldian izan dira, Lehendakariarekin batera, Iruñeko alkate Joseba Asiron eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana, Ollo.

Bertaratutakoen aurrean hitz egin dute Barkos Lehendakariak, Asiron alkateak eta fusilatu baten bilobak. Jarraian, Zenaida Biurrun biolin-jotzaileak musika doinua interpretatu eta aurreskua dantzatu da. Gorpuzkiak lurperatzeko ekitaldia bukatzeko, lore eskaintza egin dute Nafarroako Lehendakariak, Iruñeko alkateak eta biktimen senitartekoek.

Ekitaldia Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak antolatu du Gerra Zibilaren bukaeraren 80. urteurrenaren kariaz, izan ere, apirilaren 1a Garaipenaren Eguna izan zen diktaduraren garaian.

Lehendakariaren agerraldia

Barkos Lehendakariak gogoratu du apirilaren 1a Garaipenaren Eguna balitz bezala ospatu izan dela hainbat hamarkadatan, “baina garaipen hura gizarte libreagoa, modernoagoa eta berdinzaleagoa nahi zuten milaka familiaren aurkako indarkerian, heriotzan eta errepresioan oinarrituta eraiki zen”. Nolanahi ere, gaurko ekitaldiaren bitartez, apirilaren 1ak biktimen “duintasunaren, giza-eskubideen, justiziaren eta erreparazioaren balioak” hartu ditu, Barkosek esanetan.

“Gaurkoa –jarraitu du Lehendakariak– itxopenez betetako mezua da horrenbeste sufritu eta horrez luzaro erakundeen erantzunaren zain egon zareten guztiontzat, eta aldi berean, askatasunaren, justizia sozialaren eta elkartasunaren balioen aldeko mezua da, horiexen defentsan hil baitziren pertsona hauek eta beste aunitz”.

Halaber, memoriaren aldeko elkarteen eta erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, “biktimen egia, justizia eta erreparaziorako eskubideari erantzuteko”.

Horrekin batera, Barkosek, “etikatik eta Giza-Eskubideen ikuspegitik, beldur eta gorrotoaren diskurtsoaren gainean eraikitako iraganaren begirada kritikoa” landu behar dela aldarrikatu du. “Egun, gizarte bidezko, etiko eta demokratikoaren eraikuntzan, ez dago lekurik isiltasunerako”.

“Garai latzetan bizi gara –ziurtatu du–, eta sortuz doazen indarkeriazko iragan antidemokratikoaren aldeko muturreko jarrera nostalgikoen aurrean, argitasun eta irmotasun osoz adierazi behar dugu frankismoa eta indarkeria gaitzesten ditugula.

Agerraldia bukatzeko, egiazko bizikidetza eraikitzeko ardura aldarrikatu du, “orduko izuak eta isiltasunezko erantzuna beste inork beste inoiz paira ez ditzan. Hauxe da gure zorra gizartearekin, etorkizuneko belaunaldiekin, erail zituztenekin eta haien senitartekoekin”, adierazi du.