Descárgate la app
Hiru plaza berrik Nafarroako Gobernuaren LGTBI Unitatea indartuko dute
2019ko otsailaren 13a
Hiru plaza berrik Nafarroako Gobernuaren LGTBI Unitatea indartuko dute
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko LGTBI Unitatea indartuko duten egiturazko hiru plaza berri sortzeko erabakia onartu du gaurko bilkuran. Gradu Ertaineko bi Teknikarik (Berdintasuna) eta adar juridikoko APT batek osatuta, kolektiboari zuzendutako zeharkako arreta politikak bultzatzeko lan egingo du.
Honela, Nafarroako Gobernuak giza-baliabideez hornitu nahi izan du LGTB kolektiboaren egiazko eskubide berdintasuna bultzatu eta sustatzea xede duten politiken garapena. Unitateak arreta neurri espezifikoen garapena ere bultzatuko du, baita esparru honen sorrera aurreikusia zuen LGTBI+ pertsonen gizarte berdintasunari buruzko 8/2017 Foru Legearen garapena ere.
Ollo kontseilariak gogoratu duenez, 2016az geroztik, “NABIren egituraren barnean, LGTBI Berdintasunerako negoziatu bat zegoen, pertsona guztien egiazko berdintasuna bultzatzearen aldeko eskariari erantzuteko”. “Alabaina, egitura hori ez zen nahikoa –esan du–, eta horren aurrean, orain, Unitatea Legean jasotakoa betezen lagunduko dion egitura batez hornitzea erabaki da”.
Halaber, Ollok argi utzi nahi izan du egitura berri honi gehitu behar zaiola “LGTBI+ pertsonei arreta emateko Kattalingune zerbitzu publikoa, 2016az geroztik sexu zein genero orientazioari loturiko diskriminazioaren aurkako borrokan eta lanean erreferentziazko entitate bihurtu den Kattalingorri kolektiboak kudeatzen duena”.
Nafarroako Kontseilua eta LGTBI Ekintza Plana
Horrekin batera, kontseilariak jakinarazi du, asteazken honetan hasi eta hilabeteko epean, Gobernu Irekiaren Atarian izanen dela LGTBI Foru Legea garatuko duen Ekintza Plana, ekarpenak egin ahal izateko.
Gainera, luze gabe, Nafarroako LGTBI Kontseilu berria eratuko duen dekretuaren zirriborroa esekiko da. Exekutiboak martxoan onartu nahi ditu bi agiri horiek, eta horrela, kontseilariaren esanetan, “aurrerapauso irmo eta sendoak ematen jarraitu ahal izango dugu, Gobernuaren jardunbidean LGTBI politikak zeharkakoak izan daitezen”.