2022ko otsailaren 15a

Osasun Departamentua haur minbizia duten pazienteentzako Lehen Mailako Arreta eta arreta espezializatua koordinatzeko lan egiten ari da

Nafarroako Unibertsitate Ospitalearen jarraipen-kontsultak patologia horren tratamendua amaitu duten haurrak artatzen ditu; izan ere, 2021ean 19 kasu berri erregistratu ziren 15 urtetik beherakoetan
Arantza Díaz, Mendialdea Guraso Elkartea; Raúl Maiza, Berriozarko alkatea; 
María Sagaseta, onkologoa; Olaia Juárez, ADANOko lehendakaria; Santos 
Induráin, Osasuneko kontseilaria; Miren Oscoz, onkologoa; eta Patricia 
Aizpún, Mendialdea II Ikastetxe Publikoko zuzendaria.
Arantza Díaz, Mendialdea Guraso Elkartea; Raúl Maiza, Berriozarko alkatea; María Sagaseta, onkologoa; Olaia Juárez, ADANOko lehendakaria; Santos Induráin, Osasuneko kontseilaria; Miren Oscoz, onkologoa; eta Patricia Aizpún, Mendialdea II Ikastetxe Publikoko zuzendaria.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Osasun Departamentua  lanean ari da gaixotasun kronikoak dituzten haurrak artatzeko, onkologikoak barne, hasiera-hasieratik ospitaleko taldeak eta Lehen Mailako Arretakoak (pediatriako, erizaintzako eta gizarte-laneko profesionalak) arreta partekatu dezaten. Profesionalen arteko komunikazio hori funtsezkoa da haurraren eta haren familiaren egunerokoa errazteko, bai eta eskola-ingurunean sor daitezkeen behar espezifikoei erantzuteko ere.

Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko (NUO) Onkohematologia Unitateak edozein tumore-gaixotasunen bat duten 18 urtetik beherako haurrak artatzen ditu. Segimendua tratamendua amaitu ondoren ere luzatzen da.

Horretarako, iazko uztailean, jarraipenerako kontsulta espezifiko bat abian jarri zen, haur-minbizitik atera direnak ospitaleratzea ez den beste eremu batean artatzeko. Modu horretan, irizpideak batzeaz gain, egun berean probak eta kontsultak egiteko aukera erraztu da.

Gaur, otsailak 15, Haurren Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Santos Indurain Osasun kontseilaria ADANOk (Minbizia duten Haurrei Laguntzeko Nafarroako Elkartea) Berriozarko Mendialdea II Ikastetxe Publikoan antolatutako ekitaldian izan da.

Bertan izan dira, halaber, herriko alkatea, Raul Maiza; ikastetxeko zuzendaria, Patricia Aizpun; NUOko Onkologiako bi espezialista, Miren Oscoz eta Maria Sagaseta de Ilurdoz; eta ADANOren lehendakaria, Olaia Juarez.

2021ean, NUOko Onkohematologia Unitateak haurren minbiziaren 19 kasu berri diagnostikatu zituen guztira. 2017an, 16 kasu diagnostikatu ziren; 2018an, 17; 2019an, 23; 2020an, 21; eta 2021ean, 19. Biziraupen-tasa %80koa da. Datu horiek 15 urtera bitarteko biztanleenak dira, eta laster gehituko dira 15 eta 18 urte arteko nerabeen eta gazte helduen datuak.

2021ean diagnostikatutako tumoreei dagokienez, ohikoenak leuzemiak eta nerbio-sistema zentraleko tumoreak izan ziren. Zehazki, leuzemia linfoblastiko akutua (6 kasu), leuzemia mieloide akutua / sindrome mielodisplasikoa (4 gaixo) eta nerbio-sistema zentralekoa (2 paziente). Horrez gain, hepatoblastoma, neuroblastoma, tiroideko minbizia, Hondking-ekoa ez den linforma eta germina-zeluletako tumorea diagnostikatu ziren.

Haurren eta nerabeen minbiziaren diziplina anitzeko unitatea

Maria Sagaseta de Ilurdoz doktorea haurren eta nerabeen minbiziaren diziplina anitzeko Unitate estreinatu berriaren koordinatzailea da (2021eko uztailean jarri zen abian). Espezialistak azaldutakoaren arabera, “minbizia duen haurraren /nerabearen arreta integralerako sortu zen, diagnostikotik hasi eta Unitatean alta eman eta nerabeen unitateetara edo Lehen Arretara aldatu arte”.

Aipatu Unitatea aldizka biltzen da haurren arretan inplikatuta dauden profesional guztiekin, une bakoitzean tratamendu-aukera onena erabakitzeko. Gainera, Unitateko kasuen erizain kudeatzaileak beharrezko arreta koordinatzen du gaixoarekin eta familiarekin batera, behar dituen kontsulta edo proba ezberdinak erraztu eta ospitalerako joan-etorriak saihestearren.

"Pandemiak haurren alderdi psikologikoa eta emozionala kaltetu du"

“Pandemiak ez du inolako ondoriorik izan medikuen jarduerari dagokionean. Arreta egunez egun mantendu da inolako arazorik gabe”, baieztatu du Maria Sagaseta de Ilurdozek.

“Dena den, alderdi psikologikoan eta emozionalean eragin duela antzeman dugu”, nabarmendu du. Bakardadea ikusi dugu haurrengan eta familiengan, ADANOren boluntarioak izateko ezintasunarengatik, horiek oso garrantzitsuak baitira haientzat. Haurrek, tratamenduetan zehar, ezin izan dute beren arteko harreman sozialik izan, jolastuz eta espazioak partekatuz”.

Asteroko prestakuntza-saioak ospitaleko eta Lehen Arretako pediatren artean

Etengabeko prestakuntza eta haur-minbiziaren pazienteak artatzen dituzten profesional guztien arteko arreta koordinatua funtsezkoak dira. Astero, prestakuntza-saioak egiten dira ospitaleko pediatren eta Lehen Arretako pediatriako taldeen artean, haurren patologia ezberdinen diagnostikoa eta lantzeko modua eguneratzea errazte aldera.

Bereziki garrantzitsua da koordinazio-lan horiek egitea gaixotasuna konplikatu edo aurreratu daitekeen uneetan, uneoro arreta egokia ziurtatzearren, pazientearen etxean nahiz joan behar duen osasun-zentroan.