Descárgate la app
300 ikur frankista eta ohorezko aipamen baino gehiago kendu dituzte Nafarroan
2019ko otsailaren 18a
300 ikur frankista eta ohorezko aipamen baino gehiago kendu dituzte Nafarroan
Nafarroako Gobernuak, tokiko erakundeekin elkarlanean, 300 ikur frankista eta ohorezko aipamen baino gehiago kendu ditu 2016an Nafarroako ikur frankisten lehenengo errolda martxan jarri zuenetik.
Hasiera batean onartutako zerrendak 224 laureada eta etxebizitza-plakak eta 78 ohorezko aipamen eta kaleen edo semeorde edo seme kutunen izenak jasotzen zituen, eta, harrezkero, beste 160 ikur detektatu dituzte. Guztira, beraz, 460 inguru.
Dena dela, Ana Ollok Herritar eta Erakunde Harremanetarako kontseilariak eta Álvaro Baraibarrek Bakea, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak aurkeztu duten balantzearen arabera, 300 baino gehiago kendu dira dagoeneko, eta beste 68 kentze-prozesuan daude.
Zehazki, detektatutako 350 laureada eta etxebizitza-plaka edo hildakoen omenezko plaketatik 234 kendu dira eta beste 52 kentze-prozesuan daude. Ohorezko aipamenei dagokionez, 112 kasu detektatu dira eta horietatik 75 kendu dira eta beste 16 kentze-prozesuan daude.
Ollo kontseilariak azaldu du Nafarroako Gobernuaren memoriaren politika publikoen barruan “eremu publikoaren demokratizazioa beti izan dela lehentasunezko jardunbideetako bat, 2016ko hasieran Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarekin batera aurkeztu genuen bezala. Eta erantsi du indarkeria laudatzen duten sinboloek “biktimak iraintzen dituztela, eta onartezinak direla guztiz indarkeria kondenatzen duen pertsona ororentzat”.
Errolda eguneratzeari dagokionez, kontseilariak gogoratu du “errolda bizia eta aldakorra izan dela hasieratik, ezagutzen ez genituen ikur berriak agertzen joan zitezkeelako, eta aldi berean, tokiko erakunde asko ikur horiek kentzen zihoazelako".
Oraindik ere kentzeko dauden ikurrei buruz, Álvaro Baraibarrek azaldu du Nafarroako Gobernuak lanean jarraituko duela “horiek kentzeko beharraz eta arrazoiez konbentzitzen, eta biktimei zein eratan eragiten dieten azalduz". Aurten, tokiko erakundeei zuzendutako bakearen eta bizikidetzaren arloko diru-laguntzen barruan ikurrak kentzen laguntzeko jarduerak barne hartu nahi dira.
Arlo horretan aurrera egiteko aurreikusitako ekintzen barruan, kontseilariak argitu du Gobernuak “identifikaturiko ikur guztiak kentzea sustatuko duela eta inplikatutako tokiko erakundeei laguntza eskatuko diela horretarako". Gainera, Gobernuak ikerlanetan jarraituko du, identifikatu gabeko beste ikur batzuen kokapenaren bila.
Elkarrekintzako gunea
Martxoan, Nafarroako Memoria Historikoaren Erkidegoen arteko Sarearen I. Topaketaren urtemugan, Nafarroako Gobernuak sentsibilizaziorako jarduera bat antolatu du, ikurrak kentzeko arloan egindako lana erakutsi asmoz. Xede horrekin, barrakoi bat instalatuko du, eta argazkien eta mapa interaktibo baten bidez kendutako ikurren balantzea ikusgai jarriko du.