2026ko urriaren 26a

Urtarrilaren 1ean I+G+b-ko eskumena Nafarroari transferituko zaio

Foru Komunitateak eta Espainiako Gobernuak funtzioen transferentzia formalizatu dute Nafarroako Jauregian egindako transferentzien batzorde mistoaren bilera batean
Formalización del traspaso de la I+D+i a Navarra Irudi galeria

Formalización del traspaso de la I+D+i a Navarra

Nafarroako Foru Komunitateak eta Espainiako Gobernuak gaur formalizatu dute ikerketa, garapen zientifiko eta tekniko eta berrikuntzako (I+G+b) eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzea. Transferentzien batzorde mistoaren bileran egin da akordioaren ofizializazioa, Nafarroako Jauregian, Foru Gobernuaren egoitzan.

Nafarroako Foru Komunitateak eta Espainiako Gobernuak gaur formalizatu dute ikerketa, garapen zientifiko eta tekniko eta berrikuntzako (I+G+b) eginkizunak eta zerbitzuak transferitzea, eta urtarrilaren 1ean burutuko da. Transferentzien batzorde mistoaren bileran egin da akordioaren ofizializazioa, Nafarroako Jauregian, Foru Gobernuaren egoitzan.

Javier Remírez lehen lehendakariordea, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Nafarroako Gobernuaren aldetik, eta Myriam Álvarez Lurralde Politikarako estatu-idazkaria, Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, bileraren buru izan dira, hiru ministerioekin koordinatuta: Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioa, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa eta Ogasun Ministerioa.

Gaurko bileran izan dira, halaber, Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Alicia Echeverría Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Juan Cruz Cigudosa Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateko estatu-idazkaria, Rafael Francisco Briet Autonomia Erkidegoetako eta Toki Lankidetzarako zuzendari nagusia eta Jorge García Estatuko Administrazioaren Transferentzien Batzordeko idazkaria. Bestalde, bilera telematikoki jarraitu dute Monica García Autonomia Erkidegoetako eta Tokiko Finantzaketarako idazkari nagusiak, Luis María Temes Aurrekontu Egonkortasunerako eta Lurralde Finantzaketaren Kudeaketarako zuzendari nagusiak, Javier Jiménez Autonomia Erkidegoetako Finantzaketaren Kudeaketarako zuzendariorde nagusiak eta Gabriela Rembado Autonomia Erkidegoetako Finantzaketaren Kudeaketarako Idazkaritza Nagusiko finantza-aholkularitzako buruak.

Nafarroako alderdi politikoen aldetik, Cristina Ibarrolak (UPN), Ainhoa Unzuk (PSN), Laura Aznalek (EH Bildu), Pablo Azconak (Geroa Bai), Javier Garciak (PP), Carlos Guzmanek (Contigo Zurekin) eta Emilio Jimenezek (T.P. Mistoa/Vox) hartu dute parte.

Transferentzien Batzordeko batzorde mistoak akordioa formalizatu ondoren, hurrengo urratsak Ministro Kontseiluak Errege Dekretu bidez onestea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratzea izango dira. Transferentzia 2027ko urtarrilaren 1ean burutzea aurreikusten da.

Transferentzia hori bi administrazioek elkarrekin egindako hilabeteetako lanaren emaitza da, eta lankidetza-esparru bat ezartzen du Nafarroan ikerketa, garapen zientifiko eta teknikoko eta berrikuntzako jarduerak garatzeko.

Lankidetza-funtzioak eta -mekanismoak

Foru Komunitateak honako funtzio hauek hartuko ditu bere gain: programak eta proiektuak antolatzea, planifikatzea, bultzatzea eta sustatzea, kudeatzea, eta jarduerak koordinatzea ikerketa, garapen zientifiko eta tekniko eta berrikuntzaren arloetan.

Era berean, Estatuko Administrazio Orokorrak eta Foru Komunitateko Administrazioak elkarlanean jardungo dute Nafarroako ikerketa-azpiegitura indartzen, proiektuak planifikatzen eta burutzen, eta informazio-, zerbitzu- eta laguntza-mekanismoak sortzen.

Transferentzia Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44. artikuluaren barruan sartzen da; artikulu horrek ikerketa zientifiko eta teknikoaren arloko eskumen esklusiboa ematen dio Foru Komunitateari, Estatuari sustapen eta koordinazio orokorrerako dagozkion ahalmenei kalterik egin gabe.

Transferentziaren balorazio ekonomikoa

Akordioaren balorazio ekonomikoa egiteko, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioari dagozkion Estatuko Aurrekontu Orokorretako partidak kuantifikatu dira. Partida horiek jarduera estrukturalak finantzatzen dituzte, iraunkorrak edo transferitzen diren zerbitzuen funtzionamenduari zuzenean lotutakoak.

Hautatutako partidak 829 milioi eurokoak dira gutxi gorabehera, eta horrek esan nahi du 13,3 milioi euro inguru izango direla Foru Administrazioarentzat, gaur egun Nafarroan aplikatzen den egozpen-indizearen arabera.

Nafarroako erakundeek Estatuak sustatzen dituen lehiazko konkurrentzien deialdietan normaltasunez parte hartzen jarraitu ahal izango dute; beraz, egindako zenbatespenean berariaz baztertu dira horiek finantzatzen dituzten partidak. Era berean, politika publikoko arloetan Nafarroatik egiten ari diren bikoiztasunak ezabatuko dira.