2025ko apirilaren 16a

Osés Construcción enpresari 2025eko Kirol Babeslerik Onenaren Saria eman zaio

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 21ean izango da, 19:00etan, Navarra Arena pabilioian
Osés Construcción Ardoi taldearen irudia
Osés Construcción Ardoi taldearen irudia  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren (INDAF) bitartez, 2025eko Kirol Babesaren Sariak eman ditu. Sarien helburua da enpresa sarearen konpromisoa aitortzea Nafarroako kirolaren garapenarekin.

Laugarren edizio honetan, saria Osés Construcción enpresari eman zaio. Enpresa hori da Osés Construcción Ardoi emakumezkoen saskibaloi taldearen babesle nagusia, eta taldeak maila nazionalean jokatzen du goi mailan. Aitorpen honek nabarmentzen du enpresaren babes etengabea emakumezkoen goi-mailako kirolari Nafarroan.

Sari nagusiaz gain, INDAFk bost aitorpen berezi ere eman ditu, kirol modalitate ezberdinen aldeko babesagatik eta Nafarroako kirolarekiko konpromisoagatik nabarmendu diren hainbat enpresari.

Babesle berezien aitorpenak

Babesle horietako bat Adania Gestión S.L. enpresa izan da. 2013tik etenik gabe Nafarroako Pilota Federazioarekin elkarlanean aritu da, eta horrek aukera eman du euskal kirol tradizional horren ikusgarritasuna eta jarraikortasuna indartzeko.

Multikirol babesean, aitorpena Jaylo enpresari eman zaio. Enpresaren ibilbidea oso anitza izan da: Club Atlético Osasuna bezalako klub profesionalak babesteaz gain, Club Ciclista Urbasa edo Ríos Pádel Kirol Elkartea bezalako ekimenekin ere aritu da.

Eskualdeko babesaren kategorian, saria Construcciones Mariezcurrena enpresak jaso du. Enpresak lau hamarkada baino gehiago daramatza etenik gabe Malerreka eta Baztan-Bidasoa eskualdeetako kirolari babesa ematen. Bere babesa funtsezkoa izan da klub hauentzat: C.D. Erreka K.E., Doneztebe Futbol Taldea, Laxoa Elkartea, Baztango Txirrindulariak eta Gure Txokoa, besteak beste. Halaber, Osasuna Magna "Xota", Remonte Fundazioa edo Oberena bezalako proiektuekin ere kolaboratzen du, emakumezkoen pilotaren arloan.

Babes iraunkorraren eta leialtasunaren kategorian, Maquinaria y Servicios ECA enpresaren lana aitortu da. Enpresak 15 urte baino gehiago eman ditu S.C.D.R. Anaitasunaren eskubaloiari babesa ematen, eta gaur egun Club Malkaitz eskubaloi taldearen babesle nagusia da. Gainera, 25 urtetik gora daramatza Beste Iruña klubari laguntzen, bereziki proba ezagunetan: Media Maratón eta San Silvestre. Beste hainbat entitaterekin ere ari da: Unión Deportiva Mutilvera, Baloncesto Mendillorri, Balonmano Tafalla, Aranguren Ibarreko Txirrindulari Elkartea edo Peña Sport Futbol Taldea.

Azkenik, emakumezkoen kirolaren babesaren kategorian, saria Replasa Advanced Materials S.A. enpresarentzat izan da. Enpresa hau da Replasa Beti Onak emakumezkoen eskubaloi taldearen babesle nagusia. Taldea Ohorezko Mailan jokatzen du eta 2025eko Erreginaren Kopako azpitxapeldun izendatu berri dute. Enpresak, halaber, emakumezkoen futbolean diharduen Mulier Kirol Elkartea ere babesten du, berdintasunaren aldeko apustu sendoa eginez kirol esparruan.

Sari banaketa: maiatzaren 21ean, Navarra Arenan

Sari banaketa datorren maiatzaren 21ean egingo da, 19:00etan, Navarra Arena pabilioian. 2022tik, ekitaldi hau Kirolaren Galatik bereizi da, enpresek kirolaren sustapenean duten rola ikusarazteko eta haien konpromisoa balioan jartzeko helburuarekin.

Sari hauen helburua da babes-lana publikoki aitortzea, ikusgarritasuna ematea eta kirolaren eta enpresa sarearen arteko lankidetza sustatzea, bi esparru horiek elkar aberastu ditzaten.
Azkenik, gogorarazi behar da Nafarroako legediak abantaila fiskalak aurreikusten dituela kirol jardueretan egindako publizitate-inbertsioengatik. Enpresek Sozietateen Gaineko Zergaren kuota garbiaren %30 eta %40 artean kenkaria aplika dezakete, betiere proiektuek INDAFen interes sozialeko deklarazioa badute. Emakumezkoen kirolari lotutako babesetan, kenkaria %40koa da, emandako zenbatekoa edozein izanda ere.