2024ko abuztuaren 8a

Ollo lehendakariordeak frankismoko bunkerrak aurkitu eta berreskuratzeko lanak bisitatu ditu Nafarroako Pirinioetan

Guztira 50 gaztek parte hartuko dute aurten Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Memoriaren Nafarroako Institutuak antolatutako "Muga gotortua" programan
Irudi galeria

Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo frankismoko bunkerrak aurkitu eta berreskuratzeko lanetan izan da gaur goizean Baztanen, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Memoriaren Nafarroako Institutuak antolatutako "La frontera fortificada/Muga gotortua" programaren bitartez, Baztango Udalaren laguntzarekin.

Otsondo eta Doneztebe/Santestebanen garatuko da aurten proiektua, beste 25 gazterekin batera, Otsagabian eta Aezkoan (Orbaitzeta), eta 'Memoria duten Eskolak' programaren barruan kokatzen da. Helburua Nafarroako Pirinioetan frankismoan eraikitako eta erabilitako bunkerrak berreskuratzea da, gazteen boluntariotzako esparruen bidez. Eremu horiek, aldi berean, errespetuzko, bakezko, berdintasuneko, elkartasuneko eta ekologiako balioak elkartzeko eta trukatzeko gune gisa balio dute. José Miguel Gastón, Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria, eta Carlos Amatriain, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendariordea izan dira bisitan, baita Baztango alkate Fernando Anbustegi ere.

Ana Ollo lehendakariordeak belaunaldi gazteenei memoria helaraztearen garrantzia azpimarratu du, mugalde gotortuaren moduko espazioak berreskuratzeko lanetan aktiboki parte hartuz. Era berean, gazteek erregimen frankistaren bidegabeko indarkeriaren oroimena bizirik mantentzeko konpromisoan izan behar duten protagonismoa nabarmendu du, gaur egun terrorearen politika haiek legitimatu nahi dituzten faszismoen eta faszismo ondoko mugimenduen gorakadaren testuinguruan. "Gure gizartean bizikidetza ezin da ahanzturan edo ukazioan oinarritu, memoria kritikoan baizik", adierazi du.

Otsondoko eremua

Otsondo eta Donezteben (Baztan eta Malerreka) garatzen ari den boluntariotza eremua Nafarroatik nahiz beste autonomia erkidego batzuetatik datozen 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Abuztuaren 1etik 15era Nafarroako Pirinioetan, Otsondo mendatearen inguruan, Baztan ibarrean, eta Donezteben garatutako frankismoaren erresistentzia-zentroetako bunker batzuk berreskuratzeko lanean ari dira. Gazteak Andaluziatik, Errioxatik, Balearretatik, Kataluniatik, Aragoitik, Euskaditik, Valentziako Erkidegotik, Madrildik, Nafarroatik, Gaztela eta Leondik eta Kantabriatik etorri dira.

Hala, gazteak gotorleku horietako batzuen garbiketan, berreskuratzean eta dokumentazioan murgilduta daude. Gotorleku horiek Baztango bailara bera eta Bidasoatik Malerrekarako sarbidea kontrolatzen zituzten. Lan horren osagarri, gotorleku horien guztien eraikuntzari buruzko azalpenak, garaiko dokumentazioa, arkeologia-erregistroaren oinarrizko nozioak eta aisialdiko bisita eta jarduera desberdinak daude.

Nafarroako Gobernuak gazte horien ahalegina aitortzen du, beren borondatezko lanarekin jatorri desberdinetako pertsonen arteko elkartrukerako eta topaketarako gune bat baitute, interes komunitarioko proiektu bat garatzeko, non ikaskuntza, jarduera ludikoak eta kulturalak partekatzeaz gain, bizikidetzaren, elkartasunaren eta tolerantziaren balioetan esperientzia baten protagonista izateko aukera duten.

'Muga gotortua' proiektuaren bidez, 2017az geroztik hainbat bunker eta barrakoi egokitu dira Burguete, Igal, Erratzu, Bera, Lesaka, Eugi edo Izaban. Gainera, abuztuaren 16tik 30era, antzeko boluntariotza eremu bat egingo da Otsagabian, Zaraitzu ibarrean, eta Aezkoan. Lan horren emaitzak 'Hormigoizko mugak' proiektuaren parte dira.

'Hormigoizko mugak' proiektua

'Hormigoizko mugak' proiektua Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzarekin egindako lankidetza-hitzarmen baten esparruan garatu da, eta Pirinioetako mugaren gotorlekuaren testuinguruan (frankismoaren proiektu megalomanoa) bortxazko eskulan bidez eraikitako defentsa-egiturak egokitu, garbitu, mantendu, seinaleztatu eta balizatzean datza.

'Hormigoizko Mugak' erakusketa Bigarren Mundu Gerran eraikitako bi defentsa-azpiegituratan zehar memoria-ibilbide bat proposatzen duen erakusketa batekin hasi zen. Azpiegitura horiek ia ukitu ere egiten dira Bidasoaren bokalean: Atlantikoko Harresia eta Pirinioetako Gotorlekua. Jendearentzat erakusketa Iruñean, Beran, Elizondon, Lizarran, Izaban, Martzillan, Otsagabian eta Zizur Nagusian, NUPez eta beste ikastetxe batzuez gain; baita Bruselan, Portboun, Maulen, Baionan eta Oloron-Sainte Marie-n ere izan da.