Descárgate la app
Nafarroako Suizidio Portaeren Prebentziorako Erakunde arteko Batzordeak komunikabideetan suizidioa tratatzeko moduari buruzko dekalogoa bultzatu du
2024ko azaroaren 21a
Nafarroako Suizidio Portaeren Prebentziorako Erakunde arteko Batzordeak komunikabideetan suizidioa tratatzeko moduari buruzko dekalogoa bultzatu du
Datorren larunbatean, Suizidiotik Bizirik Ateratakoen Nazioarteko Eguna izango da, eta Suizidio Portaeren Prebentziorako Erakunde arteko Batzordeak (NaPRESUI), Nafarroako Gobernuarenak, suizidioaren errealitatea komunikabideetan jorratzeko moduari buruzko dekalogoa aurkeztu du. Ekimen horren bitartez, prebentzioa, dibulgazioa eta jardunbide egokiak bultzatu nahi dira, komunikabideetan suizidioa eta suizidioaren biziraupena jorratzeko.
Gida gaztelaniaz nahiz euskaraz argitaratu da, eta NaPRESUIren lanaren emaitza da. Duela hamar urtetik hona, suizidioa beren errealitatea osatzen duten eremuetatik jorratzen duten eragile sozial eta instituzionalek osatzen dute. Dokumentua bi zatitan banatzen da: lehenengoak “Nola heldu suizidioaren fenomenoari buruzko informazioari?” galderari erantzuten dio. Bigarren zatian, “Nola heldu suizidio jakin baten albisteari”. Nafarroan, iaz, 63 pertsonek bere buruaz beste egin zuten.
NaPRESUI batzordeak bere lan-ildo nagusien artean dio suizidioa prebenitu egin daitekeela, eta horri gizartearen esparru guztietatik hel dakiokeela; besteak beste horien artean aurkitzen da komunikazioa. Adriana Goñi, NaPRESUIko osasun mentaleko idazkari eta bokalaren arabera, “narratiba arduratsu, zorrotz eta errespetuzkoak tabua ezabatzen eta herritarrak kontzientziatzen eta sentsibilizatzen lagun dezake. Aitzitik, informazio okerrek, fokua xehetasunetan jartzen dutenek, sentsazionalismoan erortzen direnek edo suizidioa gertaera gisa tratatzen dutenek, imitazio-efektua eragin dezakete. Horregatik da garrantzitsua informazio egokia ematea, Osasunaren Mundu Erakundeak duela bi hamarkada baino gehiagotik hona jasotzen dituen printzipio eta gomendioen arabera”.
NaPRESUIk egindako dokumentuak, hain zuzen ere, postulatu horiek hartzen ditu oinarritzat, baina eguneratuta eta Nafarroako errealitatera egokituta. Dekalogoaren argitalpena batzordeak egindako jardueren barruan kokatzen da; izan ere, aurten 10 urte bete ditu suizidioak gutxitzeko, arrisku-kasuen detekzioa hobetzeko eta biktimen familiei laguntzeko lanean.
Suizidioari buruzko kazetaritza-lan onenentzako saria
Batzordeak I. NaPRESUI Komunikazio Saria ere deitu du. Sari horren bidez, Nafarroan argitaratutako kazetaritza-lanak saritu nahi dira, suizidioaren errealitatea errespetatuz, zorroztasunez eta erantzukizunez jasotzen dutenak eta herritarrak gizarte-arazo horren inguruan sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko lan garrantzitsua egiten laguntzen dutenak. 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 1era Nafarroan argitaratutako lan guztiek (artikuluak, erreportajeak, albisteak, elkarrizketak, gaikako hariak, dokumentalak, saiakerak, etab.) jaso dezakete saria. Irabazleak “Soluzioak” izeneko artelan bat jasoko du, sari honetarako Iñigo Aristegui artistak diseinatu eta landutakoa.
NaPRESUI, suizidioa beren errealitatea osatzen duten eremuetatik jorratzen duten eragile sozial eta instituzionalek osatzen dute: Nafarroako Gobernuko hainbat arlotako ordezkariek (Osasuna, Hezkuntza, Gizarte Eskubideak, Lehendakaritza eta Barne Politika eta Migrazio Politikak), erakunde sozial eta profesionalek (Besarkada-Abrazo elkartea, Itxaropenaren Telefonoa, komunikazioko profesionalak eta gizarte-ekintzaileak), polizialek (Foruzaingoa, Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Iruñako Udaltzaingoa), 112-ko kideek, Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutuak (INML), Iruñako Udalak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak. Batzordea Osasun Departamentuak zuzentzen du, eta Antonio López Andrés Osasuneko zuzendari nagusia da batzordeburua eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko (Osasunbidea) Osasun Mentaleko eta Lehen Mailako Arretako ordezkariak ere barne hartzen dira.