Descárgate la app
Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak eskaileratik ez irtetea aholkatu du, kez beteta badago, hiriko suteetan biktimarik ez izateko
2024ko ekainaren 18a
Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak eskaileratik ez irtetea aholkatu du, kez beteta badago, hiriko suteetan biktimarik ez izateko
Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak triptiko bat prestatu du herritarrei argibideak emateko etxebizitzako suteetan gerta daitezkeen hiru egoeretan nola jardun behar duten jakiteko: zure blokeko beste etxebizitza batean sutea piztu da, zure etxebizitzan sutea piztu da eta bertatik ihes egin dezakezu; eta zure etxebizitzan sutea piztu da eta ezin duzu ihes egin. Aholku horiek berak, hala nola eskaileran kea badago etxebizitzatik ez irtetea edo suak kaltetutako logelako atea ixtea, ikus-entzunezko formatuan ere eskuragarri daude, sare sozialen bidez banatzeko.
Urte honetan, Suhiltzaileen Zerbitzuak 139 esku-hartze egin ditu etxebizitza-mota askotan, familia bakarrekoak eta pisu-blokeak barne, eta horietatik gutxienez 96k etxebizitzetan eragin zuzena izan dute; gainerakoak, berriz, estalkietan, tximinietan, sotoetan eta lurpeko garajeetan izan dira. 2023an, era horretako 286 ezbehar gertatu ziren, eta gutxienez 189 etxebizitzetan izan ziren. 2022an, 269 erregistratu ziren, 196 etxebizitzetan, zuzenean.
Zure blokeko beste etxebizitza batean sutea gertatzen bada
Zure blokeko beste etxebizitza batean sutea gertatzen bada, segurtasuneko aholku nagusia da etxearen barruan geratzea, eskailera kez beteta baldin badago. “Etxebizitzetako suteetako biktima gehienak eskaileratan arnasa hartzeagatik izaten dira”, azaldu du Alberto Gardek, Suhiltzaileetako ofizialordeak eta Prebentzio, Ikuskaritza eta Dibulgazioaren ataleko arduradunak. “Pertsona bat eskailera-eremura ateratzen bada eta kez beteta badago, bi minututan intoxikatu eta hil egingo da. Etxebizitzako suteetako kea oso toxikoa izaten da normalean, eta kea irensten hasten zaren unean, eztula egiten hasten zara, ikusmena galtzen, eta konortea galdu eta hil zaitezke. Beraz, eskailera kez beteta badago, bertatik ez irteten ahalegintzea gomendatzen dugu etxebizitzako bizilagunen segurtasunarengatik”, baieztatu du.
Gainera, “suhiltzaile-taldeak eskaileretan pertsonak gora eta behera ikusten baditu, ezin izango du sutea artatu, eta pertsona horiek ebakuatu beharko ditu. Era horretan, atzeratu egingo da istripuaren amaiera, eta arriskuan jarriko dira eraikinean egon daitezkeen beste pertsona batzuk”.
Beraz, eskailera-eremua kez beteta badago, seguruena da zure etxean sartuta geratzea eta atearen zirrikituk eskuoihal edo trapu bustiekin zigilatzea, kea sar ez dadin. Era berean, leihoak ere ixtea kea ez sartzeko. Jarraian, Suhiltzaileen Zerbitzuak 112ra deitzea gomendatzen du, operadoreari sua dagoen etxebizitzaren helbidea emateko eta, ahal bada, zer erretzen ari den eta etxebizitza barruan pertsonarik badagoen adieraziko zaio. Azkenik, suhiltzaileek gomendatzen dute leihoan bistan jartzea, larrialdiko zerbitzuak iritsi bitartean.
Gardek azaldutakoaren arabera, kea ohikoak ez diren beste sarrera batzuetatik sar daiteke; esate baterako, bainugelako edo sukaldeko aireztapen-sareetatik. “Hori gertatzen bada, irten komunetik edo sukaldetik, itxi atea eta joan kerik sartu ez den gela batera, eta hurbildu leihora, suhiltzaileek aurkitu ahal izan zaitzaten. Gela horrek leihorik ez badu edo leiho horretan kea badago eta ezin bazara bertara atera, deitu 112ra eta azaldu zein gelatan zauden suhiltzaileek zu aurkitzeko edota zuri deitu ahal izateko, bertatik segurua denean irtetea eskatzeko”, jarraitu du ofizialordeak.
Zure etxebizitzan sutea badago, ezin baduzu itzali baina ihes egin badezakezu
Sutea zure etxebizitzan gertatzen bada eta ezin baduzu itzali, baina ihes egin badezakezu kea ez delako eskailera-eremura zabaldu, Suhiltzaileen Zerbitzuak etxetik irtetea gomendatzen du, ate guztiak itxiz, kea eraikinaren gainerako lekuetara zabal ez dadin. Gainera, etxebizitzako giltza sarrerako atearen kanpoaldean jarrita uztea gomendatzen da, suhiltzaileek errazago sartzeko, edota larrialdi-zerbitzuei ematea, iristen direnean.
Ondoren, 112ra deitu behar da eta operadoreari azaldu zein den sutea gertatzen ari den etxebizitzaren helbidea. Ahal bada, gainera, zer erretzen ari den eta etxebizitzaren barruan pertsonarik badagoen adieraziko da. Azkenik, gertu egon, leku seguru batean, larrialdi-zerbitzuek behar bazaituzten ere.
Egoera horretan, Gardek honela nabarmendu du: “sutea oso garatuta badago, zuhurtzia-gabekeria bat da itzaltzen saiatzea, etxeetan izan ohi ditugun baliabideekin itzaltzea oso zaila baita. Normalean pertsonak erre egiten dira, kea arnasten dute edo bizitza galtzen dute, eskaileretara irteteari buruz hitz egin dugunean aipatu dugun arrazoi beragatik. Kea arnasten hasten da (oso toxikoa), eztula egiten, ikusmena galtzen da eta pertsonak konortea galtzen du, hil egiten da, eta, gero, erre egiten da”.
Hortaz, “zentzuzkoena eta seguruena da erretzen ari den gelako atea ixtea, sua bertan uzteko, eta etxetik irtetea, suaren eta irteeraren artean dauden ate guztiak itxiz eta etxeko atea ere itxiz. Hori egiten baduzu, suteak soilik sua dagoen gelari bakarrik eragingo dio, eta etxearen gainerako zatia ez da kaltetuko”, azaldu du.
Zure etxebizitzan sutea badago, itzali ezin baduzu eta ihes egiterik ez baduzu
Azkenik, sutea zure etxean gertatzen bada eta ezin baduzu itzali edota ihes egin, suhiltzaileek sutetik ahalik eta gehien urruntzeko aholkatzen dute, suaren eta zure artean dauden ate guztiak itxiz. Sutetik urrunen dagoen gelan sartu behar da, salbu egoteko, ahal dela leiho bat duen gela bat, suhiltzaileak iristean ikus zaitzaten.
“Zure etxean sutea ikusten baduzu eta ezin baduzu itzali (adibidez, zartaginak su hartu du eta sukaldeko altzari guztietara hedatu da), lehendabizi gela horretatik atera eta atea itxi behar da”, azaldu du ofizialordeak. “Eskaileretan kea badago eta, beraz, ezin baduzu modu seguruan ihes egin, etxeko atea itxi eta sutetik urrunen dagoen gelara joan behar duzu, sutearen eta zure artean dauden ate guztiak itxiz. Ateaz ari naizela, zurezko kontratxapatua duen etxeko ate xume bat esan nahi dut, ez segurtasuneko ate bat, sutearen aldetik erretzen bada ere, sutea beste aldera pasatzea saihesten baitu. Eta sutearen eta zure artean ate bat baino gehiago badaude, segurtasuna erabatekoa da. Ate asko ikusi ditugu era guztietako suteetan, eta argi daukagu, ateak itxita, sua ez dela iritsiko”.
“Eta berdin zure gelan bazaude, atea ireki eta sua korridorean badago: atea itxi eta gelan gelditu behar zara. Ondoren, 112ra deitu, non zauden eta zer gertatzen den esan, eta itxaron suhiltzaileak iritsi arte. Atea itxita egonda, ez dago arazorik”, azpimarratu du Gardek.
Ke-detektagailuak instalatzea
Era horretako egoerak saihesteko segurtasun-neurri egoki bat da etxebizitzetan ke-detektagailuak instalatzea, merkeak eta jartzeko errazak baitira eta suteaz garaiz abisatzen baitute, baita etxekoak lo daudenean ere. Horrela, bizitzak salbatzen dituzte.
“Detektagailua oso merkea da, 20 edo 25 euro inguru kostatzen da, torloju bakarra jartzen da, 10 urte irauten duen pila bat darama, eta soinu oso indartsua ateratzen du, logelan lo egonda ere, entzun ahal izateko. Ke gutxirekin detektagailua aktibatu egiten da, eta jada badakizu zure etxean zerbait gertatzen ari dela, itzali edo kalterik izan gabe irten ahal izan dezazun”, azaldu du Gardek.
Su-itzalgailua erabiltzea
Sutea zure etxebizitzan sortzen bada eta txikia bada, su-itzalgailu batekin itzal daiteke. Horretarako, suaren fokutik gertu jarri behar da, su-itzalgailua sugarraren oinarrira bideratu eta akzionatu.
Sua, ordea, handia bada edo ke asko badago, hobe da etxetik irtetea, bidean dauden ateak eta leihoak itxiz, eta 112ra deitzea. Eta suaren kokapenak segurtasunez irteten uzten ez badu, sutetik urrunen dagoen gelan sartzea gomendatzen dute suhiltzaileek, suaren eta zure artean dauden ate guztiak itxiz, eta larrialdi-zerbitzuei deitzea.
“Su-itzalgailua su txikietan bakarrik erabiltzea gomendatzen da”, zehaztu du Suhiltzaileen ofizialordeak. “Su hasi berrietan, su-itzalgailuarekin itzaltzea lor dezakegu. Baina sua oso garatuta badago, ez gara itzaltzeko gai izango. Lehendabizi, ez garelako trebeak su-itzalgailua erabiltzen, trebetasun hori garatzeko, praktikatu egin behar baita. Eta, bigarren, ondo erabiltzen ez badugu, egoera larriagotu dezakegulako. Adibidez, zartagin bateko sua itzali nahi badugu eta itzalgailuaren zurrusta guztia zuzenean zartaginera botatzen badugu, oso litekeena da sua zabaltzea itzaliko duen agentea olioaren aurka jaurtitzean sortzen den zipriztinaren ondorioz. Beraz, su-itzalgailua erabili aurretik, oso argi izan behar da sutea itzaltzeko gai izango zarela. Bestela, aholkurik onena da sutea gertatu den gelako atea ixtea eta etxetik irtetea edo gela batean sartzea, eskailera-eremuan kea izateagatik irtetetea ezinezkoa bada”, azaldu du.