2023ko urtarrilaren 9a

Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboak 80 funts dokumental ditu

Fondoak musikako, dantzako eta antzerkiko pertsona ospetsuek eta erakundeek emandako dohaintza eta erabilera-lagapenei dagozkie
Partitura donada al archivo.
camera_alt Partitura donada al archivo.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

2017ko ekainetik, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa-AMAEN aurkeztu zenetik, Nafarroarentzat interesgarri diren laurogei pertsona eta erakunde interesgarri sartu dira artxibo horretan, dohaintza bidez edo erabilera-lagapen gisa, etorkizuneko belaunaldien kultura ezagutzeko, ikertzeko eta aberasteko.

Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa-AMAEN Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako programa da, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren bitartez, eta horren helburua da Foru Komunitatearentzat musikaren, dantzaren eta antzerkiaren esparruetan interesgarria den ondare dokumentala kontserbatzea eta zabaltzea.

2022an jasotako azken funtsen artean, Txistularien Elkarteak egindako dohaintzak, Arteaga eta Fernandez J. familien ondareak eta Valentin Larrea, Marcelino Otaegui, Miguel Angel Otaegui eta Serafin Huder bezalako pertsona ospetsuen artxiboak aurkitzen dira, denak musika-arlokoak, eta Vicente Galbetenak ere bai, antzerkiari dagokionez.

Funts horiek guztiak, AMAENen jarduera hasi zenetik sartutakoekin batera, programa horren web orrialdean eskura daitezke, https://www.amaen.es/ estekaren bidez.

Dohaintza-akordioen zehaztapenen arabera, legatuak kontserbatzea bermatzeko erantzukizunarekin, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak konpromisoa hartu du ondare horren hedapena, kultura- eta pedagogia-arloko jardueren bitartez, nahiz ikerketa zientifikoa hedatzeko.

2022an egindako dohaintzak

Euskal Herriko Txistulari Elkartea Nafarroak egindako dohaintza Txistulari aldizkariaren aleek osatzen dute: Euskal Herriko-Nafarroako Txistularien Elkartearen buletina (1964az geroztik), grabazioak (tartean, txistua ikasteko bi metodo nabarmentzen dira) eta alarde, kontzertu, prestakuntza-tailer, kanpaina eta programen proiektu osoen dokumentu digitalen multzoa; azken horretan, aipatzekoak dira partituren konposizioak eta moldaketak nahiz txistu eta akordeoi espezialitateetako ikasketa-amaierako lanak.

2015ean sortu zen Elkartea, baina horren jatorria 1927an Arraten (Gipuzkoa) sortutako “Euskal Herriko Txistukari Elkartean” dago, eta elkarte horrekin harreman estua du oraindik. Elkarteak txistua bildu, defendatu eta sustatzen du musikarekin eta musikari eta instrumentuekin lotutako alderdi guztietan, txistuaren presentzia etengabea baita kontzertuetan, alardeetan eta gainerako proiektuetan.

Vicente Galbete Martinicorena eszenografo, figurista eta eskultoreak emandako dokumentazioaren artean, honako hauek nabarmentzen dira: esku-programak, memoriak, atrezzoa, eszenografiak eta figurinak, argazkiak eta haren jarduera artistikoan zehar egindako ekoizpenei buruzko artxibo digitalen multzo garrantzitsu bat.

Galbete Arte Ederretan lizentziatu zen, eta Marrazketan Katedraduna da. Halaber, Diseinu Industrialean graduatu-ikasketak egin zituen eta Grabatu espezialitatea Bartzelonan, Madrilen eta Valentzian. 1979an, figuringile eta eszenografo bezala parte hartzen hasi zen antzezlanak eszenaratzen, Aita Moret Batxilergoko Institutu Nazionalean, eta, 1987an, berriz, Navarro Villoslada Eskola Antzerki Tailerrarekin eta Ignacio Aranguren zuzendariarekin elkarlanean hasi zen. Irakasle gisa hartu zuen erretiroa Iruñeko Felix Urabayen Institutuan, 2010. urtean.  

Valentin Larrea (Gabiria, 1876 – Iruña, 1970) konpositorearen eta piano-jotzailearen familiak emandako funtsean konpositore gisa egindako ekoizpenaren lagin bat aurkitzen da, eskuz idatzitako eta inprimatutako partitura-kopuru handiarekin; horrez gain, prentsa-ebakinak, grabazioak eta haren musika-prestakuntzaren eta jarduera artistikoa dela-eta jasotako aintzatespenen (dominak, sariak, diplomak eta hil ondorengo omenaldiak) inguruko bestelako dokumentazioa.

Konpositore eta piano-jotzaileak Madrilgo Musika eta Deklamazio Eskola Nazionalean jaso zuen prestakuntza. Piano-jotzailearen plaza eskuratu zuen Iruñeko Eslava Kasinoan, eta 1898 eta1948 urte artean aritu zen bertan. Euskal Jaietan saritua izan zen 1900, 1901, 1902, 1904, 1905, 1906, 1907 eta 1911. urteetan, hainbat talderentzat konposatutako obrengatik, tartean, abesbatza eta txistularien taldeak, edo piano bakarlariarentzat egindako lanengatik.

Serafín Huder Lasala (Iruña, 1874 - 1962) medikuaren funtsa Emausko Traperoei erositako 253 pianola biribilkik eta Maria Teresa eta Eduardo Diaz Huder bilobek dohaintzat emandako beste 33k osatzen dute. Bilduman ahots-musikako eta musika instrumentaleko pianoletarako askotariko moldaketak biltzen dira, opera, zarzuela eta XX. mendearen lehen erdialdeko abesti arinen aleekin.

Medikuntza ikasi zuen Madrilen, eta bertan doktoratu zen 1899an. Gregorio anaiarekin batera, Nafarroako Alderdi Errepublikano Autonomoaren sorreran parte hartu zuen eta haren berrantolaketan ere bai 1931n. Halaber, Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen Iruñeko Udaletxeko balkoitik. Nafarroako Alderdi Errepublikano Autonomoaren eta Batzorde Errepublika-Sozialistaren presidente izan zen. Mediku gisa, Nafarroako Etxalar, Biurrun, Tiebas eta Campanas bezalako herrietan lan egin zuen, 1902an Iruñeko Udal Ongintzan sartu aurretik. Iruñeko osasunari eta tuberkulosiaren aurkako borrokari buruz idatzi zuelako ezagutzen da. Manuel Jimeno Egurvide eta Simon Blasco de Salasekin batera, Nafarroako Medikuen Elkartea sortu zuen 1908. urtean.

Uxua Jimenez Marcelino Otaegui Otaegui (Billabona, 1902 – Iruña, 1983) akordeoilariaren erraina da, eta berak dohaintzan emandako funtsean, partitura-bilduma, korrespondentzia, deialdiak, eskuzko programak, prentsa-ebakinak, sariak eta Espainiako Autoreen Elkarte Orokorreko erregistroak aurkitzen dira.

Soinujole autodidakta zen, eta hainbat akordeoilari frantsesen laguntza jaso zuen, haiekin harremana baitzuen. 18 urte zituela, lehiaketa bat irabazi zuen Parisen. 1934an Iruñera joan zen bizitzera familiarekin, eta akordeoia ikasteko akademia bat sortu zuen; bertan, instrumentista ugari trebatu ziren. Nafarroan zehar ibili zen emanaldiak eskaintzen, eta “Billabona” bezala aurkezten zuen bere burua. RNEn eta TVEn behin baino gehiagotan jo zuen. Akordeoirako hainbat obra konposatu zituen, horietan ezagunena bandarako Bear-zana martxa.

Miguel Angel Otaegui Arregi (Iruña, 1939 – 2019) piano-jotzaileari buruzko funts dokumentala Uxua Jimenez emazteak eman du dohaintzan, eta inprimatutako partituren eta diskoen bilduma bikain batek ez ezik, musika-gaietan espezializatutako liburutegi zabal batek ere osatzen du (liburuak eta aldizkariak); horrez gain, kartelak, eskuzko programak, programazioak, prentsa-oharrak, argazkiak, korrespondentzia eta bestelako dokumentazio pertsonala aurkitzen dira.

Marcelino Otaegui akordeoilariaren semea zen. Nafarroako Diputazioan beka bat lortu zuen, eta horri esker urtebetez ikasi ahal izan zuen Madrilgo Errege Kontserbatorioan. 1966an eta Vianako Printzea Erakundearen ezohiko bekei esker, prestatzen jarraitu zuen Erromako Santa Cecilia Akademian. Interpretazioaren aldetik, hainbat errezitalditan aritu zen Nafarroan, Errioxan, Aragoin edota Euskadin, baina baita Italian edo Ingalaterran ere. Luisillo Ballet Nazionalarekin batera, bira bat egin zuen Europan eta Ekialde Hurbilean barrena. Piano-jotzaile bakarlari moduan jo zuen Santa Cecilia Orkestra eta Espainiako Orkestra Nazionalarekin. Radio Nacional de Españarako grabatu zuen. 1973an, Pablo Sarasate Kontserbatorioan sartu zen, pianorako katedra eskuratu zuen bertan, eta irakasten aritu zen 2009. urtera arte.

Mariano Arteaga arkitekto, pianista eta konpositorearen funtsa Arteaga Familiak eman du dohaintzan, zehazki, Mª Luisa Arteaga Gomisek, eta Mª Rosario Arteagak biolinista gisa egindako ibilbideak eta Marianoren partituren bildumek nahiz bien argazki pertsonalek osatzen dute.

Mariano Arteaga Villamor (1886-1958) nafar arkitekto ezaguna izan zen, Iruñeko Orfeoiaren presidentea 1925 eta 1950 urte artean. Bi seme-alaba izan zituen Mª Rosario Aguirrerekin: Julian, arkitekto doktorea, pianista eta konpositorea, eta Mª Rosario, biolinista. Mª Rosariok Iruñeko Ursulinas ikastetxean ikasi zuen, eta musika Iruñeko eta Donostiako kontserbatorioetan. Parisko Kontserbatorioan prestakuntza handitu zuen, eta, oposizio bidez, biolinista plaza eskuratu zuen Radio Televisión Españolaren Orkestra Sinfonikoan.

Azkenik, Fernandez J. Familiak dohaintzan emandako 40 pianola-biribilkiren bilduma dago, 1910-1930 ingurukoa. Garai hartako musika-artxibo familiarraren adibide bat da, opera eta zarzuela zenbakiekin pianolarako egindako moldaketekin, Albeniz eta Granadosen pianorako konposizioekin, obra sinfonikoekin eta dantza-musikekin (adibidez, foxtrotak) osatua. Dokumentazioa higiezin batean aurkitu zuen jabe berriak erosi zuenean, eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari eman zion.