Descárgate la app
Nafarroako hamar enpresa ekoizlek parte hartuko dute Biarritzen egingo den Lurrama tokiko elikagaien azokan
2025ko azaroaren 8a
Nafarroako hamar enpresa ekoizlek parte hartuko dute Biarritzen egingo den Lurrama tokiko elikagaien azokan
Reyno Gourmet zigilupean kalitatezko hainbat figurari atxikitako Nafarroako hamar bat enpresa ekoizle eta prestakuntza aldian dauden nekazari gazte talde bat Biarritzen egiten ari den Lurrama azokan parte hartzen ari dira asteburu honetan. Topaketa horrek tokiko laborantza eta ekoizpen jasangarriko elikagaiak sustatzen ditu, eta Nafarroako, Euskadiko eta Iparraldeko komunitateetako lurralde inguruneko eragileak eta publikoak biltzen ditu.
Lurrama azokaren 20. edizioa izango da aurtengoa, eta oraingoan lehen sektoreko belaunaldi-aldaketaren erronkari eskainiko zaio, ‘Agricultores del mañana / Bihar ere laborari / Paysannes de demain’ lelopean. Atzo, ostirala, hasi eta bihar, igandera arte izango da Lapurdiko Biarritzeko Halle d’Iraty barrutian. Helburua da tokiko elikagaiak eta ekoizpen-eredu iraunkor jakin bat sustatzea, lurraldea eta ingurune natural eta tradizionala zaintzearekin lotuta.
Azoka Euskal Herriko Laborantza Ganbarak antolatu du, inguruan nekazaritza garatzeko erakundeak, eta 20.000 bisitari inguru bilduko dira hiru egunetan. Ekitaldiak, hogeigarren urteurrena dela-eta, bereziki nabarmendu nahi izan du Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeei, entitateei eta ekoizleei parte hartzeko aukera eman zaiela, mugaren bi aldeetan nekazaritzako elikagaien esparruan harreman eta sustapen handiagoa bultzatzearren. Era horretan, Lurramak Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa eta logistikoa ditu, eta lurralde horietako eragile ekoizleak ere bertan izango dira. Halaber, Communauté d’Agglomération Pays Basqueren babesa du; hots, Ipar Euskal Herriko udalerrien mankomunitatearena.
Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta ‘Agglo’-ren parte-hartzea
Lurrama irekitzeko ekitaldi ofizialean izan dira ospakizun honetan inplikaturiko hiru komunitateetako agintariak, besteak beste: Communauté d’Agglomération Pays Basqueko lehendakaria eta Baionako alkatea den Jean-René Etchegaray; Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari nagusia den Ruben Goñi; Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako zuzendaria den Nora Beltran de Otalora; eta Biarritzeko alkatea den Maider Arostegi, anfitrioi gisa. Hain zuzen ere, azokaren ekitaldi nagusian hartu dute parte, eta 200 lagunetik gora bildu dira bertan. Irekiera horretan, “nekazaritzako elikagaiak elkarren artean sustatzearen” alde agertu dira guztiak, hurbiltasuna, iraunkortasuna eta gazteen aldeko apustua bezalako irizpideak aintzat hartuta.
Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari nagusia den Ruben Goñik adierazi duenez, “elikaduraren sektorea une kritikoan aurkitzen da ikuspegi globaletik begiratuta, eta, beraz, Lurrama aukera bikaina da tokiko produktuen zirkuitu laburrak indartzeko, mugaren bi aldeetan kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko harremana sustatzeko, gazteen artean lehen sektoreko jarduerari dagokionean erakargarri egiteko landa-ingurunearekiko konpromisoa landuta, eta Euroeskualde honen eremuan hurbileko merkatu garrantzitsu bat sendotzeko”.
“Elikagai bakoitzaren atzean istorio bat eta lurra eta landa-ingurunea zaintzeko modu bat dago, eta Lurramak aukera eskaintzen du ahalegin horri aurpegia jarri eta tokikoa kontsumitzea etorkizun iraunkorrago baten alde egitea dela erakusteko”, gehitu du Ruben Goñik.
Nafarroako kalitatearen JDko bost figura
Nafarroa Lurrama azokan parte hartzen ari da, INTIA sozietate publikoak kudeatzen duen Reyno Groumet markako stand batekin, eta Jatorri Deitura duten bost figura bildu dira –Erronkariko gazta, Nafarroako olioa, Lodosako Pikillo piperra, Nafarroa JD cava eta ardoak— Idiazabalgo gazteak instalatutako standaz gain. Kasu guztietan, lurraldean errotutako produktu nafarraren kalitatea bultzatu da.
Modu horretan, Nafarroako hamaika ekoizlek beren ekoizpenean, eraldaketan eta zuzeneko salmentan egiten duten lana erakusten dute Biarritzeko azokan izen propioarekin; tartean, Miel Andiaga, Albi Gaztak, Antsonea Gaztak, Pirineki Gazta, Mendiko, Baztango Xurie, Hazialdeko, Eko Elkea, Guneko eta Azpea Upategiak.
Lurrama azoka osatzeko, jardueren programa bat ere antolatu da, eta, besteak beste, elikadura-subiranotasunaren erronkari buruzko mahai-ingurua, jarduera ludikoak, hitzaldiak edo dastatzeak egongo dira, tokiko elikagaiak eta horien ekoizpen iraunkorra ezagutzera emateko. Igandean, Erronkariko gazta, Nafarroako olioa eta Lodosako piperra dastatzeko saioa eskainiko du Nafarroak, azalpen eta guzti, herritarrek, zentzumenen bidez, bertako produktuaren balioa eta benekotasuna ezagutzeko aukera izan dezaten.