2024ko maiatzaren 18a

Nafarroako Gobernuak Memoria Historikoaren Toki izendatutako ‘GR-225 Ibilbide Luzea’ osatu du Urepelen eskultura batekin

Ollo lehendakariordeak Javier Oyarzunen lana bisitatu du non Jovino Fernándezen irudia gogorarazten bait da, 1938ko maiatzaren 22an San Cristóbal gotorlekutik ihes egindako hiru pertsonetako bat
Inauguración de la escultura en honor a Jovino Fernández en Urepel.
camera_alt Inauguración de la escultura en honor a Jovino Fernández en Urepel.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Urepelek Jovino Fernandezen omenezko eskultura bat du, 1938ko maiatzaren 22an San Kristobal gotorlekutik ihes egindako hiru lagunetako bat, herri honetan askatasuna lortu zuena. Eskultura honekin, Foru Gobernuak ‘GR-225 Ibilbide Luzea’ osatu du, 2019ko ekainean Nafarroako Memoria Historikoaren Toki izendatua izan zena.

Jovino Fernández 1938ko ekainaren 4an iritsi zen bere omenez eskultura jarri den Nafarroa Behereko herri horretara, 13 egunez bere askatasunaren bila Nafarroa iparraldeko mendietatik ihes egin ondoren. Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak parte hartu du ekitaldian, Xole Aire Urepeleko alkatearekin.

Eskulturak, Jovinoren bidaia adibidetzat hartuta, San Kristobalgo gotorlekuan preso zeuden pertsona guztiei, 1938ko maiatzaren 22an ihes egiteko ausardia izan zutenei, mendietan eraildako 206 pertsonei eta, beren kideak bezala, errukirik gabe hil zituzten 14ei egindako omenaldia izan nahi du. Horrela, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Memoria Historikoaren Toki bat osatzen du, ‘GR-225 Ibilbide Luzea’, Jovinok Frantziako muga zeharkatu arte egin zuen ibilbidea erreproduzitzen duena. Eskaiolazko irudia Javier Oyarzunek egin zuen eta Memoriaren Nafarroako Institutuari eman. Institutuak brontzezko galdaketa egin du, Berriozarko udalak ekarritako Ezkaba mendiko harriz osatutako oinarri baten gainean. Baita ere, plaka oroigarri bat eta azalpen-panel bat jarri dira.

Ollo lehendakariordeak gogora ekarri du horrelako ekintzen garrantzia "are gehiago garai nahasietan, errebisionisten eta ukatzaileen korronte gaiztoetan murgilduta gaudenean, zalantzan jartzen baitute errepresio frankistaren biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea. Horregatik, ahaleginak batu behar ditugu, hemen gertatzen ari den bezala, erakunde eta elkarte memorialisten artean, biktima horien oroimena berreskuratzeko prozesuak indartzeko eta ahotsa altxatzeko".

Ekitaldia Hiru Herri Elkarteak antolatutako ‘La Fuga, Mendi Lasterketa’ -aren amaieran egin da, eta 300 korrikalari inguruk parte hartu dute. Aldi berean, beste ehun bat lagunek ibilbidearen hainbat zati egin dituzte, "Fuga de Ezkaba – GR 225/Ezkabako iheslariak" memoria elkarteak deituta.