2024ko apirilaren 24a

Nafarroako Gobernuak Irisgarritasuneko Udal Planak egitea bultzatuko du, inklusioa eta aukera-berdintasuna sustatzeko

Proiektu honek, funtsezko lurralde-eragileekin lankidetzan, Nafarroako udalerri eta kontzejuetan irisgarritasun unibertsalaren eredu integral bat definitzea du xede
collections Irudi galeria

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Foru Komunitateko toki entitateentzako Irisgarritasun Planaren eredua lantzeko proiektu bat jarri du abian, ILUNION enpresaren (ONCE Gizarte Taldea osatzen du) Irisgarritasunaren laguntza teknikoarekin. Proiektu honen helburua da irisgarritasun unibertsaleko eredu integral bat definitzea Nafarroako udalerri eta kontzejuetan, funtsezko lurralde-eragileekin lankidetzan.

Proiektu hau erreferentzia bat izango da udalentzat euren toki planak garatzeko orduan, Nafarroan desgaitasuna duten pertsonen arretari eta haien eskubideen bermeari buruzko azaroaren 28ko 21/2022 Foru Legearen bigarren xedapenak ezartzen duen bezala.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusi Jesús María Rodríguez jaunak gaur goizean adierazi duenez, “irisgarritasun unibertsala funtsezko auzia da, eta modu integral hala nola zeharkakoan landu behar da lurralde guztietan, parte-hartzea eta gobernantza sustatuz. Horregatik, Foru Gobernua, inklusioa eta pertsona guztientzako aukera-berdintasuna bermatzeko tresna praktiko eta beharrezko gisa ulertzen den Plan Eredu honen sorreraren buru da”.

Nafarroako Errege Artxibategi Nagusian egin den bilkura honen helburua Irisgarritasun Planaren Ereduaren definizioan eragile giltzarri ezberdinak inplikatzea da: Nafarroako Gobernuko departamentuak, tokiko administrazio publikoak, herritarren ordezkari diren elkarteak, partzuergoak eta tokiko ekintza taldeak, elkargo profesionalak zein enpresa-elkarteak.

Rodríguez zuzendari nagusiak gaineratu duenez, “nire Gobernuaren ezaugarri nagusia, entzuten duen eta erantzuten duen erakundea izatean datza. Plan honek argi eta garbi islatzen du pertsona ororekiko eta, zalantzarik gabe, bere egunerokotasuna errazago egitea behar duten pertsonekiko konpromisoa. Nire ustez, guztiok gaitasun ezberdinak ditugu eta, batzuetan, horrek zerbitzu egokituen beharra dakar. Eta horretan dihardugu, alegia, aniztasunari berdintasun-esparru batean erantzuna eman nahian”.

Hori dela eta, proiektu honen esparruan, gaur goizean Lan Mahai bat eratu da, Planaren Eredua sortzeko elkarlanean jardungo duena. Mahaia bost aldiz ere bilduko da datozen hilabeteetan, adostutako eredua baliozkotu arte.