Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hitzarmena sinatu dute euskararen erabilera sustatzeko
2023ko martxoaren 13a
Nafarroako Gobernuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hitzarmena sinatu dute euskararen erabilera sustatzeko
Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, eta Iraitz Lazkano, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariak, elkarlanerako hitzarmena sinatu dute toki entitateetan euskararen gizarte erabilerarako programak garatzeko. Sinadura ekitaldian izan dira, Mikel Arregi, Euskarabideako zuzendari kudeatzailea eta Aitor Elexpuru Berako alkate eta UEMAko zuzendaritza kontseiluko kidea. Bi erakundeen artean ezartzen den lehen akordioa da eta 30.000 euroko aurrekontua izango du.
Ollo kontseilariak, hitzarmena Euskarabidearen ardatz estrategikoen barruan kokatu duenak, “euskarak espazio propioak izatearen eta bere funtzio sozialak garatzeko aukera izatearen garrantzia” nabarmendu du, eta, ildo horretan, gogorarazi du “eremu horretan ezinbestekoak direla arnasguneak, udalerri eta eskualde euskaldunak deiturikoak, hizkuntzaren arloko politika publikoek babestu beharrekoak”. “Udalerri euskaldunetan euskaraz bizi daiteke modu naturalean, eta hizkuntza belaunaldi batetik hurrengora transmititzen da, presentzia fisikoari eutsiz”, adierazi duenez. Bestalde, Nafarroako aniztasunari eta kulturari egiten dion ekarpena aipatu du, eta, beraz, “beharrezkoa da haiek zaintzea, babestea eta indartzea”, gehitu du.
Bestalde, Iraitz Lazkanok azpimarratu du garrantzitsua dela UEMAren eta Nafarroako Gobernuaren arteko harremana sendotzea eta eremu berrietara zabaltzea. “Ezinbestekoa da udalak euskalduntzea, herritarren hizkuntza-eskubideak zaintzeko, eta esparru horretan gero eta garrantzi handiagoa ematen ari gara”. Era berean, gazteak kontzientziatu beharra aipatu du, “inertziatik kontzientziara jauzi egin dezaten”.
Akordio horren bidez, udaletako euskararen erabilera planak berrituko dira, Kemen izeneko metodologiaren bidez, eta hizkuntzari buruzko aholkularitza emango zaie udalei. Era berean, kulturartekotasun-proiektu bat garatuko da toki-erakundeetan, bai eta hezitzaileak prestatzeko ekintzak ere. Itzulpen-zerbitzua emango zaie udalerriei, eta Salto. udalekuak antolatuko dira.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 14 herrik osatzen dute Nafarroan: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Baztan, Bera, Etxalar, Etxarri Aranatz, Goizueta, Igantzi, Larraun, Leitza, Lesaka. Epe laburrean Doneztebe eta Arruazu ere bertan izatea aurreikusi da.