Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak eta NUPek Europako proiektuei buruzko prestakuntza ikastaroaren edizio berri bati hasiera eman diote
2025ko irailaren 4a
Nafarroako Gobernuak eta NUPek Europako proiektuei buruzko prestakuntza ikastaroaren edizio berri bati hasiera eman diote
Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok "Europako Proiektuen Sustapen eta Kudeaketarako Etengabeko Prestakuntza Ikastaroaren" seigarren edizioaren irekiera ofiziala egin du ostegun honetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Harekin batera Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Sergio Pérezek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntzen errektoreorde Javier Goicoecheak eta Proiektuen Zuzendaritzako Masterraren arduradun Sara Marcelinok parte hartu dute.
Ollo lehendakariordeak adierazi duenez, 2020an NUPi proposatu zitzaion hitzarmen bat ezartzea espezializazio-ikastaro bat emateko, helburu bikoitzarekin: alde batetik, Nafarroako eragile sozioekonomikoek Europar Batasunari, haren politikei eta erakundeei buruzko ezagutza handiagoa lortzea, eta, bestetik, gure erkidegoan gero eta pertsona gehiago trebatzea norgehiagokako Europako finantzaketa-mekanismoetan.
Helburu horrekin, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak eta NUPek batera diseinatu zuten espezializazio-ikastaro hau, Europako programei eta deialdiei buruzko ezagutza zehatza lortzeko, nazioarteko partzuergo eta partenariatuetara iristeko, itun estrategikoak garatzeko eta norgehiagoka-deialdietan parte hartzeko, proiektu sendoen proposamenekin, Nafarroarako itzulkin ekonomikoa areagotuz.
Ikastaro honek arrakasta izan du dagoeneko bost edizio egin direlako, eta dagoeneko esparru publikotik nahiz pribatutik etorritako ia 200 pertsonari eman zaielako prestakuntza.
Ollo lehendakariordeak gogorarazi duenez, Europar Batasunari, bere politikei, erakundeei eta programei buruzko prestakuntza "Europako Proiektuen Bulegoak gauzatzen duen Nafarroa Europan jarduera-ardatzaren barruan 2025-2028 Kanpo Ekintzako II. Planaren jarduera-ildoetako bat da". "Horregatik -jarraitu du Ollok-, oso garrantzitsua da Gobernuaren eta Unibertsitate Publikoaren arteko aliantza estrategikoa, mundura irekitako Nafarroa garatzeko. Ikasturte honen seigarren edizioa gaur hasteak erakundeen arteko lankidetza sendotzera garamatza, eta lankidetza hori eguneratzen eta Europako testuinguru berrira egokitzen ari gara".
Etengabeko prestakuntza nafar enpresentzat eta SINAIko eragileentzat
Europar Batasunaren 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparruak interes handiko finantzaketa-aukerak eskaintzen ditu Nafarroako enpresentzat, bai eta Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileentzat eta Foru Administrazioarentzat berarentzat ere.
Ikastaroaren edizio honek zati teorikoa eta praktikoa uztartzen ditu. Finantzaketa-programa nagusietan adituak diren hizlariek (lurralde-lankidetza, Horizon Europe, Digital Europe, Life, Europa Sortzailea edo EU4Health) prestakuntza teorikoa emango dute, funtsen eta laguntzen koordinazioa, kudeaketa eta kontrola Europar Batasunak ezarritako irizpideen eta eskakizunen arabera bideratzeko beharrezkoak diren gaitasunak trebatzeko.
Irailaren 4tik urriaren 16ra bitartean egingo diren prestakuntza teoriko presentzialeko 30 orduei beste 30 lan-ordu praktiko gehituko zaizkie, eta parte-hartzaileek, taldeka, beren proiektu-proposamenak prestatuko dituzte. Proposamen horiek azaroaren 27an eta 28an defendatuko dituzte, azken bi saioetan.
Ostegun honetan, irekiera ofizialaren ondoren, lehen prestakuntza-saioa egin dute Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak eta Silvia Ojer Europako Proiektuen Bulegoko zuzendariak. Bileran Nafarroak Europan duen presentzia, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak bertan duen papera eta Nafarroako Gobernuak 2025-2028 Kanpo Ekintzako II. Planaren bidez dituen laguntza-tresnak aztertu dira.