2024ko apirilaren 12a

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak Gerra Zibilaren eta frankismoaren biktimen gorpuzkiak ehorzteko panteoi berriaren hitzarmena sinatu dute

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuak 125.000 euroko aurrekontua bideratuko du aurten, eta udalak 175.000 euroko ekarpena egitea aurreikusten du
Ana Ollo lehendakariordea eta Iruñeko alkatea, Joseba Asiron, hitzarmena 
sinatzen den bitartean.
Ana Ollo lehendakariordea eta Iruñeko alkatea, Joseba Asiron, hitzarmena sinatzen den bitartean.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu dute San Jose udal hilerrian panteoi berri bat eraikitzeko, Nafarroako Gerra Zibilaren eta frankismoaren biktimen gorpuzkiak lurperatzeko. Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute. Hitzarmen horrek aurrekontu partekatuaren babesa du, eta 1936ko kolpe militarraren ondorioz erahildako eta errepresioaren biktima izan ziren herritar nafarrei errekonozimendu eta erreparazio morala emateari buruzko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea betetzearen baitan kokatzen da.

Panteoi berriaren eraikuntza, udal-titulartasunekoa izango dena, bi administrazioek finantzatzen dute, 125.000 euroko gehieneko ekarpenarekin Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuaren kasuan, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan Parlamentuak onartu berri duen partidaren arabera. Iruñeko Udalak, obra lizitatu eta gauzatzeaz arduratzen denak, lurzatiaren urbanizazioa eta lorategiak barne, 50.000 euro gehiago gehituko dizkio bere ekarpenari – hau da, 175.000ra arte –, obrak 300.000 eurotan lizitatu egin daitezen. Proiektu honen aurreko lizitazioa, iaz 250.000 eurotan atera zen eta esleitu gabe geratu zen. Obrak egungo espazioaren edukiera mugatuta dagoelako egiten dira, eta elkarte memorialisten eskaera historikoa da.

Iruñeko Udalak Nafarroako Gobernuaren eskutik jasoko du bildutako gorpuzkiei buruzko informazio guztia, indarrean dagoen Deshobiratze Protokoloaren arabera, eta ehorketak banan-banan egingo ditu, horien identifikazioa eta kokapena bermatuz. Panteoia zaintzea eta mantentzea Udalaren ardura da. Ehorzketei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hartuko ditu bere gain gorpuzkiak eramateak eragindako gastuak, bai ehorzketan, bai ondoren lurpetik atera eta senideei ematerakoan sortutakoak.

Ehorzketak

Hitzarmenaren testuak gorpuzkiak panteoi berrian ehorzteko baldintzak ezartzen ditu: 1936ko gerra zibilaren edo frankismoaren biktimak izan behar dute, Nafarroako Foru Komunitateko Deshobiratze Protokoloaren arabera desagertuak eta lurpetik atereak. Hiru egoera adierazten dira: Nafarroako hobi batean aurkitutako gorpuzkiak, identifikatu ezin izan direnak, edo behi identifikatu direnak, haien familiei eman ezin izan zaizkienak edo familiek beren gain hartu ezin izan dituztenak; fusilatutako eta identifikatutako Iruñeko egoiliarren gorpuzkiak, haien familiek hala eskatzen badute; eta Estatuko beste leku batzuetako hobietan aurkitutako biktima nafarrak, identifikatu ondoren, haien senideei eman ezin izan dizkietenak edo haien ardura hartu ezin izan dutenak edo Panteoian lurperatzeko eskatzen dutenak. Gaur sinatutako hitzarmena indarrean egongo da lau urtez, eta beste lau urtez luza daiteke.