Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak euskararen inguruko erronkak partekatzen dituzte
2024ko urriaren 25a
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak euskararen inguruko erronkak partekatzen dituzte
Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako kontseilari Ibone Bengoetxeak bi erkidegoek euskarari buruz dituzten erronkak eta lankidetza-espazioak aztertu dituzte Iruñean. Topaketa horretan Jabi Arakama Euskarabidea – Euskararen nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak parte hartu dute ere, eta hainbat erronkatan sinergiak sortzeko eta esperientziak partekatzeko beharra partekatu dute, hala nola belaunaldi berrien artean euskararen erabilera eta sozializazioa sustatzea eta Hiruko Ituna edo Europako proiektuak bezalako lankidetza-guneak aprobetxatzea.
Bilerak, halaber, bi sailen arteko harreman instituzionalei heltzeko eta horietan sakontzeko balio izan du. Harreman horrek ibilbide luzea du, eta bi taldeen aurkezpena jaso du; izan ere, EAEko kasuan organigrama duela gutxi berritu da, legegintzaldi berriaren hasiera dela eta. Bi gobernuetan, gainera, hizkuntza-gaietan eskumena duen departamentuak lehendakariordetza-maila du.
Ana Ollok eta Ibone Bengoetxeak bat egin dute euskararen ezagutza eta hiztun-komunitate berriak, gero eta anitzagoa den gizarte honetan, hurbiltzeko dagoen erronka azpimarratzean, bai eta belaunaldi berrien artean horien erabilera sustatzean ere, pertsonen arteko harremanetan eta balio positiboekin eta bizikidetzarekin lotutako harremanetan arreta jarriz, kultura- eta hizkuntza-aniztasunetik abiatuta. Zentzu horretan, erakundeek publiko gaztearekin eta teknologia berriekin egiten duten lana lehentasunezko helburua da, denen artean azaldu dutenez.
Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Euskararen Erakunde Publikoa-Office Public de la Langue Basque biltzen dituen Hiruko Ituna bezalako elkarlanerako sortutako akordio, egitura eta erakunde ezberdinei ahalik eta etekin handiena ateratzeko interesa ere berritu dute bi gobernuek. Jakina denez, euskara sustatzeko "Lankidetza Protokolo Orokorra" 2017ko uztailaren 3an sinatu zuten lehen aldiz hiru erakundeetako sailek, eremu jakin batzuetan mugaz gaindiko lankidetza garatzeko. 2021ean berritu zen (eta eranskin batekin eguneratu) 2025era arteko epea betetzeko.
Hain zuzen ere, mugaz gaindiko lankidetzaren ardatz horri ere heldu zaio topaketa honetan, hizkuntza-politika sustatzeko aukera gisa; izan ere, erakunde horiek ere garrantzitsutzat jotzen dute energiak batzea (beste eragile batzuekin lotuta), Euroeskualdearen esparruan egin daitezkeen proiektuei begira, hala nola POCTEFA (AFOMEF) proiektuei, zeinak, gainera, bi urte hauetan (2024-2026), Nafarroak zuzentzen baitu, eta eleaniztasuna sustatzea bere ardatz estrategikoetako bat baita.