Descárgate la app
Nafarroako Foru Ogasunak bideoteka publiko bat jarri du abian
2026ko urtarrilaren 29a
Nafarroako Foru Ogasunak bideoteka publiko bat jarri du abian
Ogasunarekin izapideren bat egin behar baduzu, aste honetatik aurrera beste bide batetik errazago egiteko laguntza lor dezakezu: Nafarroako Foru Ogasunaren bideoteka.
Askotariko edukia duen bideo-biltegia da: errenta aitorpenean alokairu bat aitortzeko jarraibideak, profesional autonomo gisa ezartzeko lehen urratsak, Karpeta Fiskalaren funtzionamendua eta edukia.
Tresna berri hau Ogasunaren webgunean dago, eta "Bideoak" atala bilatuz edo Bideotekaren webgunea zuzenean bisitatuz eskura daiteke.
Biltegi hau, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari José Luis Arastik nabarmendu duen bezala, Foru Ogasunak zergadunei arreta emateko duen ereduaren barruan kokatzen da. Eredu hori eskainitako arretaren aniztasunean eta zergadunek beren zerga-betebeharrak betetzeko eskura dituzten tresnetan oinarritzen da, bai eta hori egiteko duten autonomian ere.
Bideoak gaika multzokatuta, bideotekak eskuragarri dagoen edukia erraz kontsultatzeko aukera ematen du. Horretarako, hiru kategoria daude: Bideo orokorrak, Ekintzaileentzako bideoak eta Errentari eta Ondareari buruzko bideoak. Dibulgazio-premia berriak antzemanez gero, atal horiek handitu egin daitezke.
Gordailu honen sorkuntza ez da ekimen isolatu bat; plangintza egituratu bati erantzuten dio, eta Ogasunak lantzen dituen planen parte da. Horietako bat Iruzurraren aurka Borrokatzeko 2025-2027 Planarena da. Plan horretan jasotzen da egokia dela herritarren zerbitzura dauden tutorialak eta gidak izatea. Gainera, betebeharrak borondatez betetzea errazteko eta laguntza-zerbitzuak eraginkortasunez komunikatzeko, zenbait kanal eta tresna erabiltzea gomendatzen da, besteak beste, azalpen-bideoak.
Zergak Kontrolatzeko Planean, bestalde, laguntza- eta informazio-tresna berriak ezartzeko eta dibulgazio-materialak egiteko beharra islatzen da, zerga-betebeharrak errazago ulertuko dituzten eduki digitalak sortzea ahalbidetuko duten tresnen bidez.