2025ko abenduaren 11a

Nafarroako 36 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako ikasleek "Ipuina Eskuz Esku Giza Eskubideak 2025" idatzi dute

Ollo lehendakariordeak Katrin Pereda idazlearekin eta Angel Erro filologo eta idazlearekin batera lana aurkeztu du Iruñeko San Frantzisko Liburutegi Publikoan
Ollo lehendakariordea parte hartu duten ikasleekin
Ollo lehendakariordea parte hartu duten ikasleekin  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Lehen Hezkuntzako 36 ikastetxetako ikasleek, Katrin Pereda idazleak eta Angel Erro filologo eta idazleak idatzitako ‘Ipuina Eskuz Esku Giza Eskubideak' aurkeztu ditu Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak Iruñeko San Frantzisko Liburutegi Publikoan. Aurkezpena Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren testuinguruan egin da, abenduaren 10ean, eta lehendakariorde eta kontseilari Ana Ollo, lehen aipatutako egileak eta proiektuan parte hartu duten ikastetxeetako ikasle eta irakasleen ordezkari batzuk bertaratu dira. Zehazki, Hegoalde, Larraintzar Atakondoa Ikastetxe Publikoetatik, eta Santa Catalina Labouré, Santa Luisa de Marillac eta Dominicas Ikastetxeetatik hurbildu dira aurkezpenera. 

Urriko eta azaroko egun bakoitzean zehar, ikastetxe bakoitzak hainbat lerro gehitu dizkie ipuinei, Angel Errok euskarazko ipuinean eta Katrin Peredak gaztelaniazko ipuinean hasitakoei hain zuzen ere. Horrela, lankidetza eta sorkuntza-kate bat eratu da, Giza Eskubideak funtsezko gaitzat hartuta. 

Urriaren 7an hasitako proiektuaren zazpigarren edizio honetan, Nafarroako 36 ikastetxetako 1.170 ikaslek hartu dute parte. Ikastetxe horietako hiruk bi hizkuntzetan egin dute, euskaraz eta gaztelaniaz. Horrela, ekimena azaroko bigarren hamabostaldira arte luzatu da. Eskola-egun bakoitzean, ikastetxe bat arduratu da narrazio bakoitzari paragrafo bat edo bi gehitzeaz. Giza eskubideei buruzko hilabete baino gehiagoko lana, ardura eta hausnarketa, ikasleen eta irakasleen parte-hartze zuzena eta aktiboa sustatu duena, liburu batean jasotzen diren bi ipuinen emaitza izan da. Ale hori Nafarroako ikastetxeetan banatuko da eta herritar guztientzat eskuragarri egongo da ere. Lana Iruñeko San Frantzisko liburutegi publikoan aurkeztu da. 

Halaber, bi narrazioak Nafarroako bi herritan taularatuko dira: Cadreitan eta Noainen. Ekitaldi horietan ahozko narrazio-saioak eta giza eskubideei buruzko hausnarketa egingo dira.
Aurkezpenean, sormen prozesuan inplikatutako ikasleek eta irakasleek Erro eta Peredarekin batera euren sorkuntzaren emaitza ezagutu ahal izan dute. "Galaxien arteko eskubideen aldarrikapen unibertsala" da euskarazko ipuinaren izenburua, eta Angel Errok istorio honen lehen lerroei ekin zion.  Bestalde, "La banda del mejor mundo posible" gaztelaniazko sorkuntzaren izenburua da, eta bertan parte hartu duten ikasleak sortzeko gai izan dira, Katrin Peredak bere esaldiei eman dien loturari esker. 

Liburuaren aurkezpenaren ondoren, ikasleek bi egileekin, Katrin Peredarekin eta Angel Errorekin, hitz egiteko eta galderak eta kezkak trukatzeko aukera izan dute, eta eskerrak eman dizkiete proiektu interesgarri eta polit batean parte hartzeko aukera izateagatik. Halaber, oso interesatuta agertu dira haiek hasitako bi ipuinen garapena ikustean.

Ollo lehendakariordeak bilera informala izan du ikasleekin, eta zorionak eman dizkie Ipuina Eskuz Esku Giza Eskubideak proiektuaren zazpigarren edizio honetan parte hartzeagatik, haien inplikazioagatik eta lortutako emaitza onagatik. 

Ipuinak, eszenatokira

Argitaratu berri diren bi ipuinak Marisa Serrano, Inma Gurrea eta Izaskun Mujika narratzaileen parte-hartzeari esker taularatzen dira. Saio bat atzo egin zen Cadreitako liburutegian eta bigarrena Noaingo liburutegian egingo da, gaur, abenduak 11, 17:30ean. Horietan, Giza Eskubideei buruzko hausnarketak egiten dira, eta parte hartzen duten ikasleek bertatik bertara bizi ahal izango dituzte beren ikastetxeetatik hurbilen dagoen liburutegian beren alea aurkezten duen idazle batek bizi dituen sentsazioak. 

"Ipuina eskuz esku Giza Eskubideak” ekimenaren zazpigarren edizio honetan parte hartu duten 36 ikastetxeak ondoko hauek dira: San Miguel IP (Agoitz), La Balsa LHI (Arroniz), Paz de Ziganda Ikastola (Atarrabia), Santa Luisa de Marillac Ikastetxea (Barañain), Arizkungo IP (Baztan), Iruritako Herri Eskola (Baztan), Elizondo IP (Baztan), Legasako Eskola (Bertizarana), Arotzenea IP (Narbarte/Bertizarana), Regina Pacis Ikastetxea (Burlata), CPEIP Teresa Bertrán de Lis (Cadreita), CPEIP Virgen de Nievas (Dicastillo), San Miguel IP (Doneztebe), CPEIP San Miguel (Noain-Elortzibar), CEIP Auzperri (Aurizberri-Erroibar), Lizarra Ikastola (Lizarra), CP Justo Pastor y Santos (Fustiñana), Atakondoa Eskola Publikoa (Irurtzun), Arrano Beltza IP (Iturmendi), CPEIP Ximénez de Rada HLHIP (Rada-Murillo el Cuende), CP San Miguel (Orkoien), Bernart Etxepare IP (Iruña), Hegoalde Ikastola (Iruña), Colegio Santa Catalina Labouré (Iruña), Colegio Dominicas (Iruña), CPEIP San Jorge (Iruña), CEIP Colegio Vázquez de Mella-Bayonne (Iruña), Hezitzaile Eskola II (Iruña), Colegio FEC Vedruna (Iruña), CP Juan Bautista Irurzun (Azkoien), CPEIP San Bartolomé (Ribaforada), CP Alfonso X El Sabio (San Adrián), Garcés de los Fayos Ikastola (Tafalla), Larraintzar Ikastetxea (Ultzama), Erentzun ikastola (Viana) eta Erreniega IP (Zizur Nagusia).