2024ko apirilaren 8a

Nafarroak lehen aldiz gainditu du 2035erako ezarritako helburua, 2023an etxeko hondakinen %51 bereizita bilduz

Iaz 275.000 tona hondakin sortu ziren, 410 kg pertsona bakoitzeko
videocam Navarra supera por primera vez el objetivo fijado para 2035 al recoger en 2023 el 51% de los residuos domésticos de forma separada collections Irudi galeria

Navarra supera por primera vez el objetivo fijado para 2035 al recoger en 2023 el 51% de los residuos domésticos de forma separada

Nafarroak etxeko eta merkataritzako 275.000 tona hondakin sortu zituen 2023an, eta horietatik %51 bereizita bildu ziren. Horrela, Foru Komunitateak azken urtean, eta Hondakinei buruzko Foru Legean aurreikusitakoa baino hamar urte lehenago, %50 baino gehiago bereizita biltzeko helburua lortu du. Guztira, 275.000 tona hondakin sortu ziren, 410kg pertsona bakoitzeko, Estatuan sortzen diren 467 kiloen eta Europan sortzen diren 513 kiloen azpitik.

Jose Mari Aierdi Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak eta Raul Salanueva Hondakinen Zerbitzuko zuzendariak Nafarroako hondakinen kudeaketaren 2023ko ekitaldiko emaitzen aurrerapenaren aurkezpenean jakitera eman duten datuetako bat dugu hizpide. 

Hondakinen bilketaren emaitzen aurrerapenak adierazten duenez, 2023an 139.800 tona jaso ziren bereizita, hau da, 208 kilo biztanleko eta urteko, aurreko urtean baino % 5 gehiago eta 2010. urteko datuekin alderatuta, % 75 gehiago. “Herritarren laguntzari esker lortutako lorpenaz ari gara, zein pixkanaka egokitzen ari den ezartzen ari diren aldaketetara, legezko helburuak betetzeko eta ingurumena eta guztion osasuna babesteko” nabarmendu du Aierdi kontseilariak.

Etxeko hondakinen gainerako % 49 nahastuta biltzen dira eta gehienak berdea edota grisa den hondar-frakzioko edukiontzian uzten dira. Hondakinen % 50 materia organikoa izaten da, eta % 30 plastikoak, metalak, zura eta ehungintza. “Frakzio horiek materialen arabera bereizitako bilketetara desbideratu behar dira, beste edukiontzien bidez”, azaldu du Hondakinen Ataleko buru Raul Salanuevak. Horren harira, Aierdi kontseilariak azpimarratu du beharrezkoa dela “hondakinak eraginkortasunez birziklatzea eta horretarako dauden baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzea”. 

Hondakinen gaikako bilketa

Bereizita jasotako zatien artean, gehien hazi direnak edukiontzi horian jasotako ontziak izan dira (aurreko urtean baino % 15 gehiago pertsona bakoitzeko), baita edukiontzi marroiaren bitartez bildutako materia organikoa ere (2022an baino % 10 gehiago). Azken hori lotuta dago Erriberako Mankomunitate esparruan materia organikoaren bilketa hedatzearekin eta Iruñerrian txartel elektroniko bidez edukiontziak irekitzeko sistema zabaltzearekin. Eta nabarmentzekoa da paper-kartoizko eta ehun zatien bilketa ere, pertsonako % 5 eta % 2 gehiago izanik hurrenez hurren, azken hori arropa eta oinetakoentzako edukiontzien hornidura indartzearen ondorioz. 

Zifrak kontuan hartuta, edukiontzi horietan 21.053 tona ontzi arin utzi dira, 34,1kg pertsonako; edukiontzi urdinetan, paperarena eta kartoiarena, 27.960 tona utzi dira, 41,7 kilo pertsonako; beira-bilketa % 2 jaitsi da, guztira 18.163 tonarekin, 27 kilo pertsonako. Kasu honetan nabarmentzekoa da beirazko ontzien kontsumoa % 4,3 murriztu dela, beira birziklatzerakoan Nafarroa hirugarren erkidegoa izanik, Balear Uharteen eta Euskadiren atzetik, eta Iruña bigarren hiria maila nazionalean. 

Bestalde, materia organikoa biltzeko den edukiontzi marroian 35.862 tona utzi dira, 53,5 kilo pertsonako. Eta azpimarratzekoa da pertsona bakoitzak % 8 gehiago utzi duela edukiontzi horretan, etxeko edota komunitateko konpost-ontzien bidez, 2022an baino. 

Azkenik, hondar-frakzioa 124.276 tonara iritsi da, hau da, 201 kilo pertsonako, % 8 gutxiago, nahiz eta behar ez bezala utzitako hondakin-frakzioen kopuru handia nabarmentzen den: plastikozko, metalezko, egurrezko eta brik ontzien % 11; paperaren eta kartoiaren % 6; beste plastiko, metal eta zur batzuen % 4; arroparen, ehungintzaren eta oinetakoen % 4; eta hondakin arriskutsuen zein ez-arriskutsuen % 1. 

Hondakinen gaikako bilketa hobetze aldera, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak jarraibide batzuk aurkeztu ditu hondakinen bereizketa egokiari buruzko informazioa emateko eta, horrela, hondakinak dagokion edukiontzian uztea lortzeko. 

Foru Komunitatean, bereizita biltzeko eredua bost hondakin-zati nagusitan oinarritzen da: materia organikoa, ontziak, papera eta kartoia, beira eta gainerakoak. Bost zatiki horietan sartzen ez diren hondakinentzat beste bilketa-bide batzuk daude ezarrita. Arropa eta oinetakoak ehunerako edukiontzi arrosara; tamaina handiko objektuak (altzariak, koltxoiak, tresna elektriko eta elektronikoak, tresnak, etab.), zuzenean etxeetarako edo garbigune finko edota mugikorretan eskatutako bilketa-zerbitzuaren bidez, baita bere izaera eta/edo arrisku mailagatik berezitzat jotzen diren beste hondakin batzuk ere (pilak eta bateriak, sukaldeko eta motorreko olioa, pinturak eta disolbatzaileak, etxetresna elektrikoak, lanparak, etab.). Azkenik, sendagaiak eta dagozkien ontziak farmazietan entregatu behar dira. 

% 8 gutxiago zabortegira 

Bilketa bereziaren eta birziklatzearen hazkundea zabortegian tratatzen diren hondakinen kopuruan islatzen da. Kopuru hori % 8 jaitsi da 2023. urtean 2022ari dagokionez eta azken urtean sortutako hondakinen % 46 dira. 

Berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestaketari dagokionez, hondakinen %54 berrerabiltzeko bideratu dira; 2023an baino % 3 gehiago dira eta Foru Komunitateak 2025erako ezarritako %55eko birziklatze-helburua bete ahal izan  dezan errazten du. 

Aipatu helburuek Nafarroako Gobernuak joan den urtarrilean onartu omen zuen 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planean finkatutako ildoak dituzte xede. Plan horretan datozen urteetan jarraitu beharko diren ildo estrategikoak finkatzen dira, elikagaien alferrik galtzea murrizteko, erabilera bakarreko ontzien erabilera nahiz plastikoen kontsumoa murrizteko, produktuak berrerabiltzeko, eraikuntza hala nola deseraikitze jasangarriagoak sustatzeko edo bestelako fluxuen prebentzio globala lortzeko.