Descárgate la app
Nafarroak 'Gazteak eta Memoriarekiko Konpromisoa' nazioarteko topaketan parte hartu du Bartzelonan
2025ko maiatzaren 10a
Nafarroak 'Gazteak eta Memoriarekiko Konpromisoa' nazioarteko topaketan parte hartu du Bartzelonan
Nafarroak 'Gazteak eta Memoriarekiko Konpromisoa' nazioarteko topaketan (Youth and Memory Engagement) parte hartu du duela gutxi, Bartzelonako Unibertsitatean, 2025eko apirilaren 9an eta 10ean. Bertan, 19 herrialdetatik etorritako memoria demokratikoarekin konprometitutako 50 bat gazte bildu ziren.
UB Elkartasun Fundazioaren Memorien Europako Behatokiak (EUROM), Gazteriaren Institutuak (INJUVE) eta Espainia Askatasunean. 50 urte duen ordezkaritzak antolatu dute ekimena, gazte sare transnazionalak sendotzeko eta Europan memoria partekatuen kultura sustatzeko helburuarekin. Euroclioren, Foru Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko (Memoriaren Nafarrroako Institutua) eta Bartzelonako Udalaren laguntza izan zuen. Foru Komunitatearen aldetik, Oskia Paternáin, Oier Santamaria eta Edurne Turrillasek parte hartu zuten, eta Memoria Historikoaren arloan Nafarroan garatzen ari den lana aurkeztu zuten, Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendari José Miguel Gastónek eta institutu bereko Dokumentazio Saileko buru César Layanak lagunduta.
Bartzelonan ospatutako bi jardunalditan, parte-hartzaileek esperientziak, jardunbide egokiak eta estrategiak partekatu zituzten gizarte zibiletik, hezkuntzaren eremutik eta administrazio publikoetatik memoria-prozesuak bultzatzeko, eta, horrela, gazteek giza eskubideen eta justizia sozialaren defentsan duten zeregina indartu zuten.
Programazioak hitzaldiak, proiektuen aurkezpenak eta tailer praktikoak uztartu zituen. Marije Hristova CSICeko ikertzaileak ireki zuen topaketa, memoriaren erabilera politikoari eta deshobiratze-prozesuetan egindako lan komunitarioaren balioari buruzko hitzaldi kritiko batekin. Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzako, Erbesteko Ibilbidearen Estatu Idazkaritzako, Memoriaren Nafarroako Institutuko eta Lisboako Unibertsitate Novako gazte ordezkaritzek beren ekimenak partekatuz ireki zituzten saioak. Gainera, tailer interaktiboak eta Bartzelonako memoria kolonialetan zeharreko ibilbidea egin ziren, eta, horri esker, parte-hartzaileek gogoeta egin ahal izan zuten iragan kolonialaren ondareaz, ikuspegi transnazional batetik. Topaketa dinamika parte-hartzaileekin amaitu zen, sareko lankidetza modu berriak diseinatzeko eta etorkizuneko estrategia komunak eraikitzeko.
Memoriaren Nafarroako Institutua, Memoria Historikoaren lanaren erreferentea
Nafarroako ordezkariak Memoriaren Nafarroako Institutua zer den azalduz hasi ziren. Erakunde publiko honek erreparazio, desobiratzeak, sinbologia frankista kentzea, Memoria tokiak sustatze politikak eta, bereziki, hezkuntza-proiektuak garatzea zuzendu dituena. Aurkezpenak Memoria duten Eskolak programan jarri zuen arreta. Ekimen aitzindaria da, eta Memoria Historikoa hezkuntza-eremuan integratzea du helburu, irakaskuntza-prestakuntzaren, ikasleekin egindako jardueren eta Memoria Historikoaren hezkuntzarekin konprometitutako ikastetxeen sare baten bidez.
Erakusketan programaren jarduera esanguratsuenetako batzuk erakutsi ziren, hala nola ikasleek Askatasunaren Botilen martxan edo Belaunaldien arteko Topaketan, Sartagudako Memoriaren Parkean, parte hartzea. Era berean, Gazteriaren Institutuak eta Memoriaren Nafarroako Institutuak antolatutako boluntariotzako auzolandegietan bunker frankistak berreskuratzeko ekimena.
Aurkezpenaren ondorioek agerian utzi zuten praktika horiek aukera ematen dietela ikasleei iragan traumatikora bizipenez eta emozioz hurbiltzeko, eta eragin handia dutela ikasleen kontzientzia kritikoan eta biktimekiko enpatian. Hezkuntza-ikuspegi horrek ikasleen interesa Memoria Historikoarekiko konpromiso aktibo bihurtzen duela nabarmendu zen, hezkuntza ez errepikatzeko funtsezko tresna dela berretsiz.
Topaketaren bi jardunaldien ondoren, Nafarroa Memoria Historikoaren eta gazteekin egindako lanaren esparruan erreferentziazko komunitate gisa finkatu dela egiaztatu da, topaketan zehar partekatutako esperientziek agerian utzi zuten bezala. Bizipen-jarduerek zuzeneko esperientzia sortzen dute ikaskuntza-prozesuan, hala nola biktimen senideekin hitz egitea edo memoria-tokiak bisitatzea. Jarduera horiek bereziki baliagarriak eta eraginkorrak dira ezagutza historikoa, enpatia, kontzientzia kritikoa eta konpromisoa garatzeko gazteengan. Hala aitortu zuten Europako zenbait ordezkaritzek, eta horietako batek interes bereziz nabarmendu zuen Nafarroan bunkerrak berreskuratzeko egindako jarduera; beste batzuek, berriz, biktimen senideekin hitz egiteko espazioak beren proiektuetan sartzea proposatu zuten, eta praktika hori azken urteotan egiten ari da Foru Erkidegoan, eta emaitza oso positiboak izan ditu.
Testuinguru horretan, "Gazteak eta Memoriarekiko Konpromisoa" bezalako topaketak oso garrantzitsuak dira, lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Ana Ollo sailburuak etengabe adierazten duen bezala, "negazionismoaren hazkundearen, diskurtso errebisionisten eta Europako gorakada beliko kezkagarriaren aurrean". Memoriaren Nafarroako Institutuko kideek adierazi zutenez, "gertakari horien aurrean, ezinbestekoa da gazteek memoria demokratikoaren eta giza eskubideen defentsan duten papera indartzea. Hori lortzeko, gaur egun gazte gisa dagoen erronka handienetako bat iragan traumatiko horiek belaunaldi berriei hurbiltzeko beharra da, gaur egun berezkoak eta garrantzitsuak direla sentiarazteko. Kongresu hau bezalako truke-guneek beste errealitate batzuk ezagutzeko, horietatik ikasteko eta estrategia komunak taxutzeko aukera ematen dute, ikuspegi partekatu, kritiko eta eraldatzaile batetik ".