2024ko uztailaren 22a

Nafarroak eta Yamaguchik euskararen inguruko kultur harremanak sendotu dituzte

Ollo lehendakariordeak Yamaguchiko Prefekturako Unibertsitateak antolatutako tailer batean parte hartu du, non Foru Komunitateko elebitasunaren errealitatea ezagutzeko interesa agertu duten
Ollo lehendakariordea Yamaguchiko Prefaktura Unibertsitateko Makiko Tanaka 
eta Masaaki Okarekin
Ollo lehendakariordea Yamaguchiko Prefaktura Unibertsitateko Makiko Tanaka eta Masaaki Okarekin  Deskargatu irudia Irudi galeria

Ana Ollo lehendakariordeak Yamaguchiko Prefekturako Unibertsitate antolatutako internet bidezko tailer batean parte hartu du. Yamaguchiko eskualdea Nafarroarekin senidetuta dago 2003tik, eta euskararen erabilera ezagutzeko interesa agertu du, japoniar gizartean elebitasuna ez baita oso ohikoa, Yamaguchiko Prefekturako Gobernuaren Nazioarteko Dibisiotik azaldu dutenez.

Lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak euskara erabili zuen bere agur instituzionaletan, Nafarroako ordezkaritza batek joan den martxoan lurralde honetara egin zuen bisitan. Euskarak Japoniako agintarien arreta erakarri zuen, eta hizkuntza hori – japoniera eta gaztelerarekin batera – "Ouchi no tono sama Odorō kai" tailer tradizionalean sartzea erabaki dute.

Musika ekitaldi honen arduradun Jukanfuku Hanayagi ez ezik, Yamaguchiko Prefektura Unibertsitateko Global Zentroaren zuzendari eta katedradun Amy Wilson irakaslea, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP) ikasle-trukean parte hartuko duten Nazioarteko Ikasketen Fakultateko ikasleak eta Yamaguchiko Udaleko Nazioarteko Harremanen koordinatzaile Gema Gálvez Luis ere izan dira.

Iruñeko hiria eta Nafarroako Foru Komunitatea Yamaguchirekin senidetu ziren Xabierko Frantziskoren irudi historiko eta unibertsalari esker. XVI. mendearen erdialdean, nafarrak Japoniako lurretan igaro zuen denboran, Ouchi Yoshitaka daimioarekin (dantza horren protagonista) bildu zen, bere lurraldean kristautasuna predikatzeko baimena eman ziezaion.

Aurtengo urtarrilean, Yamaguchi hiria aukeratu zuen New York Times egunkariak 2024an bisitatzeko 52 lekuetako bat izateko. Kazeta horretan, besteak beste, Gioneko Jaialdia nabarmendu zen, eta, bertan, uztailaren 24an, Yamaguchiko herritarrek dantza herrikoi eta jendetsuan parte hartzen dute. Yamaguchiko unibertsitateak proposatutako tailerra jaialdi honen testuinguruan kokatzen da, eta berrikuntza gisa, aurten, dantza nagusi hau japonieraz, gaztelaniaz eta euskaraz partekatu da.

Xabierko San Frantzisko misiolari nafarraren irudia, senidetze honen eragilea izan zena, ez da bakarrik Asian egin zuen lan erlijiosoagatik ezaguna, baita bere bokazio multikultural eta eleanitzagatik ere. Horrela, garai hartako hizkuntza frankoez gain (gaztelania eta portugesa), Jesusen Lagundiko misiolari lanetan bertako hizkuntzak ikasi zituen Indietan (tamila, malaysiera eta japoniera, hainbat iturriren arabera), ama hizkuntza, euskara, ahaztu gabe. Euskararen Eguna, hain zuzen ere, abenduaren 3an ospatzen da haren omenez, bera zendu zen egunean.