2024ko otsailaren 8a

Nafarroak EBn duen Ordezkaritzak mintegi birtual bat antolatu du bihar, ‘EP Permed 2024’ medikuntza pertsonalizatuko Europako lankidetzaren deialdi berriari buruz

Edozein gaixotasunetara bideratutako ikerketa-proiektuak sustatu nahi ditu, eta 45 milioi euroko aurrekontua du guztira
camera_alt Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Europar Batasunaren aurreko Nafarroako Ordezkaritzak mintegi birtual bat antolatu du medikuntza pertsonalizatuko Europako EP Permed 2024 lankidetzaren deialdi berriari buruz. Ostiral honetan izango da, otsailaren 9an, eguerdiko 12etan. Deialdi honek edozein gaixotasunetara bideratutako ikerketa-proiektuak sustatu nahi ditu eta 45 milioi euroko aurrekontua du.

Mintegia doakoa da eta esteka honetan eman behar da izena. Saio honen bidez, EP PerMed Medikuntza Pertsonalizatuko Europako Lankidetzaren 2024rako deialdi berriari (EP PerMed Joint Transnational Call) eta Nafarroak parte hartzeko dituen aukerei buruzko informazio zehatza luzatu nahi da.

EP PerMed Europako lankidetzak beste deialdi bat egin du, medikuntza pertsonalizatuaren arloko proiektuak sustatzeko. 45 milioi euroko aurrekontua du eta edozein gaixotasuni buruzko ikerketa-proiektuak sustatu nahi ditu.

Deialdia zazpi urtez egingo da eta urtero proiektu berriak aurkeztu ahal izanen dira. Proiektu horiek 200.000 euro arteko finantzaketa jaso ahal izango dute eta hiru urteko iraupena izango dute. Lehenengo urte honetako deialdiaren helburua biomarkatzaile osagarriak edo tratamendu baten emaitzen jarraipena egitea ahalbidetzen duten beste markatzaile batzuk identifikatzeko edo baliozkotzeko medikuntza pertsonalizatuko ikerketa-proiektuak finantzatzea da. Gainera, diziplinarteko lankidetzak sustatu eta ahalbidetu nahi dira, ikerketa aurreklinikoa eta klinikoa proiektu traslazionaletan konbinatuz.

Bigarren presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, Ana Ollok, sarrera eta ongietorria eman ondoren, Mathias Vétillardek, EP PerMed Europako Lankidetzaren Idazkaritzakoak eta Frantziako Ikerketa Agentzia Nazionaleko (ANR) proiektu zientifikoen arduradunak, 2024rako deialdia aurkeztuko du mintegian. Nafarroatik, Delia Solak, Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuko zuzendariak eta Javier Rodrigok, departamentu bereko zerbitzuburuak, aurkeztuko dituzte Nafarroak Medikuntza Pertsonalizatuaren Nazioarteko Partzuergoan, ICPerMed, eta EP PerMeden duen duen partaidetza eta Nafarroako Gobernuak EP PerMeden parte hartzeko ematen dituen laguntzak. Eztabaida labur baten ondoren, ekitaldiaren amaiera emango dio Sergio Pérezek, Nafarroako Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusiak.