2023ko abenduaren 1a

Nafarroak 11 milioi euro jaso ditu Europako funtsetatik, mugaz gaindiko lankidetzako 35 proiektutarako

Uharteko Euskal Jai Berri birgaitzea, uholdeak adimen artifizialaren bidez prebenitzea edo Larrun mendiaren antolamendu iraunkorra aurkitzen dira POCTEFA 21-27 lehen deialdian onartutako ekintzen artean; deialdia Ana Ollo lehendakariordeak aurkeztu du
collections Irudi galeria

Foru Komunitateak 11,07 milioi euro jasoko ditu Europako funtsetatik, datozen hiru urteetan mugaz gaindiko lankidetza-proiektuak garatzeko, POCTEFA 2021-2027 programaren laguntzen lehen deialdiaren behin-behineko ebazpenaren arabera. Ebazpena atzo onartu zuen Saint-Gaudensen (Occitanie) Programazio Batzordeak.

Ana Ollo lehendakariordeak eta Sergio Perez Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusiak aurkeztu dituzte gaur goizean deialdi honen emaitzak. Era horretan, 35 proiektu bultzatuko dira Nafarroako erakundeen, entitateen eta eragileen parte-hartzearekin.

Bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskerako kontseilari Ana Ollok eta Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Sergio Perezek gaur goizean aurkeztu dituzte erakunde, entitate eta agente nafarren partaidetza dakarten 35 proiektu bultzatzea inplikatzen duen deialdi honen emaitzak. 

Horrela erraztu egingo dira, besteak beste, Uharteko Euskal Jai Berri frontoia birgaitzea; adimen artifizialarekin eginiko uholdeen udal prebentzioa; Larrun mendiaren antolaketa jasangarria; ur mugakideen gobernantza; Mugaz haraindiko Lankidetza Behatoki baten sorrera; minbizi hematologikoaren kasuko biziraupenaren hobekuntza; erresilientziaren hedadura mahastigintzan; segurtasunaren hobekuntza; Pirinioetako babes zibila, edota hidrogeno berriztagarriaren balio-katearen finkapena bezalako jarduketen garapena.  

Ana Ollo lehendakariordea gustura azaldu da programa honetan lortutako emaitzarekin zeinetan Nafarroak jada ibilbide luzea egina duen, Nafarroako Gobernuarentzat interes handikoa izanik “arrazoi ekonomiko zein politikoengatik. Izan ere, gai oso ezberdinen harira proiektuak jasotzekotan diren 11,07 milioi euroko kopuru osoaz haratago, deialdi honek Kanpo Ekintzaren Planari dagokion mugaz haraindiko eremuaren ardatza sendotu egiten du, izan ere, Nafarroako Gobernuarentzat funtsezkoa gertatzen da Nafarroako gizartea eta lurraldea bateratzeko orduan. COVID-19aren pandemiak mugaz haraindiko lankidetzan azken hamarkadetan jazo diren atzerapenen arteko larrienetako bat suposatu zuen, eskualde horien ekonomia nahiz mugikortasuna hala nola herritarrek partekatu ohi zituzten zerbitzuetarako irisgarritasuna larriki kaltetzeagatik. Ondorioz, ezinbestekoa da mugaz haraindiko eremua sendotzea, aukeren esparrua delako eta esparru oso zaurgarria delako".

“Elkarlanera derrigortuta gaude, gure egoera geografikoak hori eskatzen digu, ez soilik arrazoi ekonomikoengatik, baita arrazoi sozialengatik ere eta programa honek noranzko hori du xede” esan du lehendakariordeak. “Gure eskualdeekiko hurbilagoa den Europa komun bat eratzerakoan energiak nahiz ideiak batzeko ariketa bat da; mugaz haraindiko esparru honetan eraikitako Europa ukigarria da, lortu nahi dugun lurraldeari atxikitako – baina mundura irekitako – Nafarroa horren berezko nortasun ezaugarria”, esanez amaitu du.

17 milioiko inbertsioa

Denera 35 proiektu onartu dira agente nafarren partaidetza lagun; foru lurralderako 17 milioiko inbertsio bat suposatzen dute; horietatik % 65 (11,07 milioi) deialdiko FEDER funtsetatik datoz; dagozkion gaiek lotura dute ezagutzarekin eta berrikuntzarekin, balio ekologikoen babesarekin, prestakuntzarekin eta enpleguarekin, esparru inklusiboen eta sozialki integratuen sorrerarekin, eta Pirinioetako albo bietan eginiko turismoaren nahiz kulturaren sustapenarekin. Bestalde, Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Sergio Perezen esanetan, “113 eskarietatik, Nafarroa 48ren, ia erdiaren (% 48) baitan dago”.

Onuradunen harira, Nafarroako Gobernuak 11 proiektutan parte hartzen du hain zuzen, departamentu ezberdinen eskutik. Gainera, 6 sozietate publiko gertatu dira onuradun eta unibertsitateak 6 proiektutan dira partaide. Toki-sektorea halaber onuraduna da 11 toki-entitateren bitartez. Iruña, Tafalla, Uharte, Bera, Lesaka, Baztan, Urdazubi, Luzaide eta Esteribarko udalak eta Eugi eta Zubiriko kontzejuak ditugu hizpide. Nafarroako beste onuradunak teknologia- eta ikerketa-zentroak, elkarte eta enpresa pribatuak lirateke. 9 agente nafartar proiektuen ilarako lider edo buru bezala ageri dira.

Funtsen seigarren belaunaldia

POCTEFA 2021-2027 programa, INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra Programaren akronimoa da, hiru herrialdeen artean mugaz haraindiko lurraldearen garapen jasangarria sustatzeko sortutako lankidetzarako programa europarra. Jada eremu horretako integrazio ekonomiko eta soziala finkatzera bideratutako finantza-babes komunitarioaren seigarren belaunaldia da. POCTEFA programak Pirinioetako albo bietako, halaber mugako itsasbazterreko eremuak barne hartuz, aktoreen eskutik diseinatutako eta kudeatutako lankidetza-proiektuak ko-finantzatzen ditu.

Programa honen kudeaketarako agintea Pirinioetako Lan Komunitateari dagokio, zeinen gobernantzan Nafarroako Gobernua izango den partaide, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza dela medio. Nafarroaz gainera, partzuergo honi dagozkio Euskadi, Aragoi eta Katalunia, hegoaldera; Akitania Berria eta Okzitania, iparraldera; eta bestetik, Andorra.