2024ko maiatzaren 23a

Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren Poctefa 2021-2027 deialdiak Nafarroarako proiektu europarrak finantzatzeko aukera berri bat eskaintzen du

Ana Ollo lehendakariordeak aurkeztu du, Euroeskualdearen esparruan, 14,8 milioiko deialdi berri hau, mugaz gaindiko lurraldean enplegua, mugikortasuna eta eleaniztasuna sustatzeko
Ollo lehendakariordeak Mendebaldeko Eremu Funtzionala aurkezteko 
prentsaurrekoan hitz egin du
camera_alt Ollo lehendakariordeak Mendebaldeko Eremu Funtzionala aurkezteko prentsaurrekoan hitz egin du  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok POCTEFA 2021-2027ko Mendebaldeko Eremu Funtzionaleko proiektuen deialdia aurkeztu du gaur Hendaian. 14,8 milioi euroko deialdia da, mugaz gaindiko lurraldean enplegua, mugikortasuna eta eleaniztasuna sustatzeko.

Ekitaldia Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualde Berriaren Lurralde Lankidetzarako Europako Taldeak (LLET) antolatu du, Eremu Funtzional horren garapena eta bultzada koordinatzeaz arduratzen den erakundeak. POCTEFA programak identifikatutako bost eremuetako bat da, eta Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berria Eskualdearen hegoaldea Baretous Haraneraino biltzen ditu. Jakina denez, Nafarroa da Euroeskualdearen buru, eta datozen urteetan Pirinioetako Lan Elkartearen buru izatea ere egokituko zaio.

Ollo lehendakariordearen hitzetan, "erakunde publikoen eta gizarte-ekimeneko erakundeen elkarlanean oinarritutako ekimen honek mugaren bi aldeetan bizi diren herritarrak ditu azken protagonista eta onuradun. Muga, aukera-iturri gisa ikusten dena, eta ez oztopo edo hesi gisa ".
Mathieu Bergék (Akitania Berriko eskualde-kontseilaria, Euroeskualdeko ordezkaria) deialdiaren xehetasunak eta Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren estrategian aurreikusitako ekintza-ildoak zehaztu ditu, mugaz gaindiko enpleguari, mugaz gaindiko mugikortasunari eta eleaniztasunari lotuta.
Bestalde, Mikel Antonek (Eusko Jaurlaritzaren Europar Batasunerako zuzendaritza) iragarri duenez, bihar, maiatzak 24, ostirala, 11:00etan, webinario tekniko bat egingo da proiektuen deialdiaren xehetasun guztiak azaltzeko. Informazio guztia eta izena emateko esteka Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren webgunean daude.

Gainera, Europako Batzordearen ikerketa baten arabera, mugaz gaindiko oztopoen %20 kentzeak mugako eskualdeen BPGa % 2 handitzea ekar lezake.

Joseba Erremundeguy Agglomération Pays Basqueko mugaz gaindiko, Europako eta nazioarteko lankidetzarako kontseilariaren arabera, "AFOMEF proiektuen deialdia abiarazteak aukera emango digu gure estrategia kolektiboa abian jartzeko mugaz gaindiko biziguneko biztanleen mesedetan. Communauté Pays Basquek, mekanismo berri horri esker POCTEFAren gobernantzan lehen aldiz inplikatuak, interes handia izango du mugaren efektuaren aurka borrokatzeko proiektuak hautatzeko, mugikortasunari, enpleguari eta hizkuntzei dagokienez ".

Iker Goiriak, Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Kabineteko mugaz gaindiko gaien arduradunak, AFOMEFek Europa mugaz haraindiko bizitza-arrora hurbiltzeko duen aukera azpimarratu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Etorkizuna Eraikiz" estrategiarekin bat datorrela azpimarratu du.
Amaitzeko, Jean Pierre Mirande 64. Departamentuaren Kontseiluko mendi politikez eta mugaz gaindiko lankidetzaz arduratzen den lehendakariordeak azpimarratu du proiektu horien bidez mugaz gaindiko egoiliarren eguneroko bizitzako funtsezko hiru erronkei – bereizezinak – lagundu nahi zaiela: komunikatu, lan egin eta bidaiatu ahal izatea.

Parte-hartzaile guztiak bat etorri dira ekimen honen garrantzian, mugaz gaindiko biztanleriaren eguneroko arazoei konponbide eraginkorrak eskaintzeko, lurralde-ikuspegi integratu berritzaile eta multiitematikoaren eremutik heldu behar baitzaie.

AFOMEF proiektuen deialdia 2024ko urriaren 23ra arte egongo da zabalik, 14:00etan. Xehetasun guztiak www.afomef.eu/ eta www.poctefa.eu/ webguneetan daude.