Descárgate la app
Loaren apnea duten pazienteen arreta hobetzeko lanean ari da Osasun Departamentua, Lehen Arretaren eta ospitaleko arretaren arteko zirkuitu berri batekin
2024ko martxoaren 13a
Loaren apnea duten pazienteen arreta hobetzeko lanean ari da Osasun Departamentua, Lehen Arretaren eta ospitaleko arretaren arteko zirkuitu berri batekin
Osasun Departamentua protokolo bat lantzen ari da loarekin lotutako arnas nahasmenduak dituzten pazienteen arreta hobetzeko eta osasun-zentroetatik pneumologiako kontsultetara egiten diren bideratzeak arintzeko. Gaur egun, paziente horiek aldez aurretik Pneumologiako profesional batekin egon behar dute, eta hark baloratu egiten du, Loaren Nahasmenduen Diziplina Anitzeko Unitatean hitzordua jarri aurretik. Sistema berria ezarrita, pazienteek tarteko pasabide hori saihestu ahal izango dute, eta zita zuzenean lortu ahal izango dute unitatean, pneumologiako kontsulta orokorrean baloratu beharrik gabe.
Pneumologiak urtero artatu izaten dituen lehen 4.200 kontsulten % 30 inguru loarekin lotura izaten duten arnas nahasmenduei buruzkoak dira eta horrek esan nahi du urtero 1.200 paziente izan litezkeela protokolo berriaren onuradun.
Sistema berri honek, ondorioz, mesede zuzena egingo die loarekin lotutako arnas nahasmenduak jasaten dituzten pazienteei, Lehen Arretako eskaeraren eta Loaren Unitatean dagokion proba diagnostikoaren arteko itxaronaldia murriztuko baita; eta zeharka, beste arrazoi batzuengatik Peumologiako kontsultara bideratuak diren pazienteen onerako ere izango da, espezialitate honen zerrendatik kenduko baitira loarekin lotutako nahasmenduen eskaerak, eta, horrela, espezialitate horretan beste patologia batzuengatik bisita bat behar duten pertsonentzako itxaronaldia murriztuko da.
Zirkuitu berri hori abian jartzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eraginkortasun eta Asistentzia Segurtasuneko Zerbitzuaren, Lehen Mailako Arretako Gerentziako Kudeaketa Klinikorako eta Asistentziaren Jarraitutasunerako Laguntza Zerbitzuaren eta HUNko Loaren Unitateko, Lizarrako García Orcoyen Ospitaleko eta Tuterako Reina Sofía Ospitaleko Pneumologiako profesionalen artean garatutako protokolo bat lantzen ari dira. Beraz, protokolo honen arabera, loarekin lotura izan lezakeen arnas nahasmendu baten susmoaren aurrean, eta dagozkion miaketa eta proba osagarriak egin ostean, osasun-zentrotik Loaren Unitateak balorazioa eskatuko du, eta bertatik deituko zaio pazienteari.
Loaren Munduko Eguna, martxoak 15
Datorren ostiralean, martxoak 15, Loaren Munduko Eguna ospatuko da, zeinen helburua gaueko atseden onaren garrantziaz kontzientziatzea den. Gaizki lo egiten dutela dioten pazienteen kasuan, loaren apnea da kontuan hartu beharreko patologietako bat, eta Arreta Espezializatutik nahiz Lehen Mailako Arretatik eginiko diziplina anitzeko lanketa funtsezkoa da horiek maneiatzeko.
Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Lo Unitateak loa oztopatzen duen apnea duten pazienteak artatzen ditu, diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena egiten zaienetik. Loaren apnea duen pazientearen arretak Unitatearen jardueraren % 80 baino gehiago hartzen du.
Loaren apnearako tratamenduak pisua galtzea eta bizi-ohitura osasungarriak izatea bezalako neurriak eskatzen ditu, baina kasu larrietan CPAP izeneko presio positiboko ekipo baten tratamendua adierazten da. Eta paziente gehienetan, CPAPak nabarmen hobetzen du pazientearen lo-kalitatea apneak tratatzean. Hala ere, CPAP bidezko tratamenduari erantzuten ez dioten pazienteen ehuneko bat dago, eta ondorioz, unitateak diziplina anitzeko talde bat du, honako espezialitate hauek barne dituena: Pneumologia, Neurofisiologia, ORL, Aurpegi Masailetako Kirurgia eta Nutrizioa. Horrek aukera ematen du gaixotasunari modu integralean heltzeko eta kasuaren arabera egokiena den alternatiba terapeutikoa hautatzeko.