2022ko abenduaren 27a

Kulturak Irulegiko Eskua aurkeztuko du ostegun honetan Iruñeko Planetarioan

16:30etatik 20:00etara ikusi ahal izango da, eta egitarauan aurkikuntzan eta ikerketan parte hartu dutenen hitzaldiak ere izango dira  
Irulegiko eskua.
camera_alt Irulegiko eskua.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren Ondare Historikoaren Zerbitzuaren bitartez, Irulegiko Eskua erakutsiko die nafarrei ostegun honetan, hilak 29, arratsaldean. Euskal hizkuntzarik zaharrenean inskribatuta dagoen Kristo aurreko I. mendeko brontzezko pieza 16:30etatik 20:00etara izango da ikusgai Iruñeko Planetarioko erakusketa aretoan. Sarrera doakoa izanen da.

Aldi berean, hitzaldia eskainiko dute aurkikuntzan eta ikerketan parte hartu duten pertsonek. Zehazki, honako hauek hartuko dute parte: Jesus Sesma, Nafarroako Gobernuko arkeologoa; Mattin Aiestaran, Aranzadi Ikerketa Elkartekoa eta Irulegiko indusketaren zuzendaria; Berta Balduz, Nafarroako Gobernuko zaharberritzailea; eta Bartzelonako Unibertsitateko Javier Velaza eta Euskal Herriko Unibertsitateko Joaquin Gorrochategui hizkuntzalariak.

Hitzaldiak 19:00etan hasiko dira. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte, baina hitzaldietara sartu ahal izateko, gonbidapena jaso behar da aurrez Planetarioan (gehienez bi pertsonentzako gonbidapena), ondorengo ordutegian: abenduak 28, asteazkena, 10:00etatik 14:00etara; eta abenduak 29, osteguna, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era.

Pieza hori bigarren aldiz erakutsiko da, pasa den 16an Aranguren Ibarreko ikasleek, kolektiboek eta bizilagunek ikusi ahal izan baitzuten. Irulegiko Eskua herri horretan aurkitu zuten.

‘Sorioneku’

Irulegiko Eskua brontzezko pieza bat da, etxe bateko sarrerako atean zintzilikatzeko diseinatua, etxea babesteko objektu erritual gisa. Bertan, bost hitz agertzen dira eta horietako bat deszifratu ahal izan da: “Sorioneku” (zorionekoa).

Kristo aurreko I. mendearen lehen herenekoa denez, salbuespenezko aurkikuntza izan da; izan ere, orain arte ezagutzen den dokumenturik zaharrena da, baita euskaraz idatzitako luzeena ere. Beste aurkikuntza batzuekin batera, eskualde horretako antzinako biztanleek idazkera erabiltzen zutela baieztatzen du. Horretarako, signario iberiarraren aldaera bat erabiltzen zuten, “signario baskonikoa” bezala ezagutzen zena.

Eskua Irulegiko herrixkan (Aranguren Ibarra) egiten ari diren indusketen esparruan aurkitu zuten. Bertan, Brontze Aroaren erdi aldetik (K.a. XV. mendetik XI. mendera) eta Burdin Aroaren amaiera (K.a. I. mendea) bizi izan ziren. Proiektua Aranguren Ibarreko Udalak sustatzen du, eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso du. Aranzadi Zientzia Elkarteak egiten du kanpaina arkeologikoa.