2022ko abenduaren 23a

Kulturak 440.171 euroko laguntzak deitu ditu Nafarroako espazio eszenikoak eta musikalak modernizatu eta kudeatzeko

Eraldaketa, Berreskurapen eta Erresilientzia Planaren barruan daude, eta erakunde publiko eta pribatuek eska ditzakete gaurtik urtarrilaren 23ra arte

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak – Príncipe de Viana Erakundea – 440.171,18 euroko laguntzen deialdia egin du, Nafarroan dauden eszena- eta musika-espazioak modernizatzeko eta modu iraunkorrean kudeatzeko, titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan. Gaurtik urtarrilaren 23ra arte eska daitezke.

Eraldaketa, Berreskurapen eta Erresilientzia Planaren Next Generation funts europarren bidez eginiko finantzaketa honekin, modernizazio digitala, trantsizio berdea eta espazio eszenikoen eta musikalen eraldaketa xede dituzten inbertsio proposamenak estaliko dira, kudeaketa adimentsu eta jasangarri bat sustatzea ahalbidetuz.

Deialdi honi dagozkion jarduketak 2021eko apirilaren 27a – Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren onarpen data- eta 2023ko urriaren 3a artean egin behar dira.

Deialdian xedatuari jarraiki, azpiegitura eszenikoetarako laguntzen hartzaile zehatzak dira antzokiak, auditorioak, zirko karpak, zuzeneko musika aretoak, entsegu aretoak, antzerki, dantza, musika eta zirko konpainietako espazio eszenikoak eta musikalak hala nola bestelako diziplina anitzekotakoak. Musika edo ikus-entzunezko grabazio aretoak/ estudioak baztertu egingo dira.

Inbertsio proiektuak bideratu behar dira audio sistema digitalak eta sare-komunikazioak, argiztapen eta bideo digital sistemak, makineria eszenikoaren kudeaketa digitala, edota eszena- eta musika-espaziotako ikuskizunen kudeaketa artistikoa nahiz ekoizpena xede izaten dituzten erremintak eta sistema digitalak modernizatzera.

Laguntza hauen onuradunak izan litezke entitate publikoa eta pribatuak, irabazi asmorik gabeko elkarteak, Nafarroako toki entitateen edo foru Komunitateko Administrazioaren mendeko izaera pribatu edo publikoko fundazioak, eszena- eta musika- azpiegituretako titularrak, zeinetan inbertsioa egingo den.

Funts europarretatik datozen 3,3 milioi

Arte eszenikoen eta musikalen azpiegituren modernizazioa nahiz kudeaketa jasangarria barne hartzen da Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 24. Osagaiaren baitan, zeinekin banatzen diren Next Generation programaren funtsak, Nafarroako Gobernuaren Nafarroa Suspertu Planarekin lerrokatuta.

Deialdi hau, Nafarroak funts europarren Kultura eta Kirol Ministeriotik jaso dituen 3,3 milioi euroren globalean kokatzen da, zeinen baitan dauden halaber zinema aretoetako ekitaldiak, hiri-gunetik kanpoko kultur ekintzak, proiektu enpresarialak, ondare zaintza edo liburutegiko funtsen hedapena.

Laguntza hauek guztiak jadanik tramitatzeko bidean edo tramitatuta daude, eta kultura-industrietako balio-katea sendotzera bideratutako erreformak eta inbertsioak dakartzate, bere gaitasunak eta erresilientzia sendotzea bilatuz, hiru ardatz estrategikoak sustatzean: lurraldearen lehiakortasuna, dinamizazioa eta kohesioa eta bestetik, kultura zerbitzuen digitalizazioa eta jasangarritasuna.