2023ko martxoaren 6a

Jendaurrean jarri da Nafarroako Lurralde Estrategiaren erreforma, erronka klimatiko eta demografiko berriei erantzuten diena

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira lurraldearen antolamendurako tresna hau eta haren ingurumen-azterketa, kaltetutako toki-erakundeek eta administrazioek kontsulta dezaten

Nafarroako Aldizkari Ofizialean astelehen honetan argitaratu dira Nafarroako Lurralde Estrategiaren (NLE) hasierako bertsioa eta harekin lotutako ingurumen-azterketa estrategikoa, kaltetutako toki-erakundeek eta administrazioek beren iritzia eman dezaten. Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua klima-aldaketara eta erronka demografiko berrietara egokitzeko prozesuan aurrera egiten ari da, lurraldearen antolamenduko tresna nagusietako bat da-eta.

Nafarroako Gobernuak pasa den asteazkenean erabaki zuen dokumentua jendaurrean jartzea, eta, astelehen honetatik aurrera, 45 eguneko epea hasiko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, entzunaldia emateko udalei, kontzejuei edo mankomunitateei nahiz kaltetutako administrazio publikoei eta interesatuei.

Lehen bertsio hau egin arte, Nafarroako Gobernuak, bigarren lehendakariorde eta Lurraldearen Antolamendu, Paisaia, Etxebizitza eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria den Jose Mª Aierdiren bitartez, dokumentu hau aldatu beharra dagoela adierazi du. Dokumentuan sartzen dira gainerako plan zuzentzaileak, eraginekoak eta hirigintzakoak.

Klima-aldaketaren mehatxuek, despopulazioak, erronka demografikoak eta gizarte-kohesioak edo iraunkortasunera eta deskarbonizaziora bideratutako garapen ekonomikoaren paradigma berriek, Aierdiren hitzetan, “erantzun irudimentsuak emango dituen begirada berria” eskatzen zuten lurraldearen eta bertan bizi den gizartearen arteko harremanaren inguruan.

Zehazki, NLE berrikusteko lau helburu hartu dira kontuan. Lehenik eta behin, Nazio Batuen, EBren eta Espainiaren hiri-agenda berriak nahiz 2030 Agenda. Bigarren, Nafarroako erronka espezifikoei erantzun nahi izan zaie; hau da, despopulazioa, landa-eremuen egitekoa eta tokiko maparen erreforma. Hirugarren, NLE berrikusteko, indarrean dauden plangintza estrategikoak integratu eta horiei koherentzia eman nahi zaie: S4, landa-garapeneko programak, Ekonomia Zirkularraren Agenda, Klima Aldaketarako Ibilbide Orria, e.a.

Azkenik, laugarren helburuarekin, Nafarroa jada abian den trantsizio anitzerako prestatu nahi da: industriala, ekologikoa, soziala, energetikoa, klimatikoa eta baita kulturala ere.

Zer da NLE?

Gogoratu behar da, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen arabera, NLE lurraldearen plangintza estrategikorako tresna dela Nafarroako Foru Komunitatean. Horren barruan sartzen dira gai hauei buruzko jarduketarako irizpide, jarraibide eta gida guztiak: lurraldearen antolamendu fisikoa, baliabide naturalak, azpiegitura handiak, espazioaren garapena eta hiri-garapena, jarduera ekonomikoak, bizitegikoak, ekipamendu handiak eta kultura-ondarearen babesa. Alegia, esparru-dokumentu bat da, eta, hortik abiatuta, Nafarroan lurraldearen antolamendua eratzen duten gainerako planak diseinatuko dira.

Nafarroako Parlamentuak du NLE onartzeko eskumena. Egungoa 2005ekoa denez, gizartearen eta komunikazioen errealitate berriak, herri askoren despopulazioak, etxebizitzaren paradigma berriek eta hiri-bilbeen iraunkortasunak dokumentu estrategiko hau aldatzea planteatu zioten Gobernuari.

Berrikusteko lana Jose Mª Ezquiaga hirigileari eta Salvador Rueda Bartzelonako Hiri Ekologiaren Agentziako zuzendariari agindu zieten 2019an.