2023ko ekainaren 29a

Iruñeko peñek bat egin dute Nafarroako Gobernuaren eraso sexistarik gabeko ‘Nafarroa jaia da. Erasotzaileak stop’ kanpainarekin

NABIko zuzendari kudeatzaileak kartelak eman dizkie Federazioa osatzen duten 16 elkarteei
Deskargatu irudia Irudi galeria

Iruñeko Peñen Federazioak bat egin du Nafarroako Gobernuak eraso sexisten aurkako ‘Nafarroa jaia da. Erasotzaileak stop’ kanpainarekin. Ekimena Nafarroako Berdintasunerako Institutuak sustatu du uda garaiko jaietan izaten diren erasoei aurre egiteko.

Hori dela-eta, NABIko zuzendari kudeatzailea den Eva Isturizek kanpainaren kartelak eman dizkio Federazioko lehendakari Iosu Santxezi, ‘Iruñeko Algara’ peñaren egoitzan egindako ekitaldian. Federazioa 16 elkartek osatzen dute. Gainera, jaietako zapiak eta esku gorridun pinak eman dizkio, jaietan eraso sexistak baztertzen dituen sinboloa.

Ekitaldian zehar, Isturizek eskerrak eman dizkio Federazioari emakumeen aurkako indarkeria baztertzeko duen konpromisoarengatik, eta azpimarratu du garrantzitsua dela peñek aurten kanpainako protagonistek helarazten duten mezua barneratzea: “Jaietan ez dira portaera sexistak onartzen; erasotzaileentzat ez dago lekurik”. Kutxi Romero abeslaria, Unai Laso pilotaria eta Aimar Oroz futbolaria izango dira protagonistak. “Oso garrantzitsua da gizonek aurrerapauso bat ematea eta emakumeak behartzen dituztenekin edozein konplizitate haustea”.

Era berean, Isturizek nabarmendu du emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan sentsibilizatzeko eta prebenitzeko egiten ari diren lana, tartean, sexu-erasoak gaitzesteko mobilizazioak, edota iazko urtean atera zuten bideoa. Peñen Federazioak ez du berdintasunaren aldeko lana San Fermin jaietan bakarrik egiten, baizik eta lana egiten du urte osoan zehar.

Bestalde, Iosu Santxezek eskerrak eman dizkio Nafarroako Gobernuari kanpainarengatik eta bertako kide izateko aukera izateagatik. “Hilaren 5ean, kartelak jarriko ditugu peñen barren atzean. Peñak leku segurua izatea nahi dugu, emakumeek jakin dezatela segurtasun-puntu horietan laguntza eta babesa jaso dezaketela une jakin batean laguntza hori behar badute”, adierazi du.

227 udalerrik eta kontzejuk bat egin dute baita ere kanpainarekin

Era berean, NABIk toki-erakundeen eskura jarri ditu kanpaina honetako materialak, udal bakoitzak mezuarekin bat egin eta nahi duen euskarrien bidez zabaldu ahal izan dezan (jaietako programa, kartelak edo sare sozialetan zabaltzea). Interesatuta dauden udalek izena eman dezakete ondorengo inprimakiaren bitartez. Gaur egun, 227 udalerrik eta kontzejuk bat egin dute.

Berrikuntza gisa, aurten, udalerri bakoitzak herriko izena eta armarria irudietan jar ditzake, ‘Nafarroa jaia da’ eslogan orokorretik norberarena pasatuz; hau da, “Altsasu jaia da”, “Tafalla jaia da”, “Barañain jaia da”, “Aranguren jaia da” edo “Ribaforada jaia da”.