2026ko azaroaren 13a

Iruña eta Baztan-Bidasoa bitarteko errepide bidezko garraio publikoaren emakida berriaren zerbitzu-prestazioa, 21.000 pertsona baino gehiago artatuko dituena

Azaroaren 24tik aurrera hasiko dira zerbitzuak ematen, eta handitu egingo da maiztasuna eskatu ahalako garraioaren bost lineatan
Declaraciones del consejero de Cohesión Territorial, Óscar Chivite Irudi galeria

Óscar Chivite Lurralde Kohesioaren Departamentuko kontseilariak, Berta Miranda Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendari Nagusiak lagunduta, parte hartu du gaur Iruña eta Batzan-Bidasoa bitarteko errepide bidezko ohiko garraio publikoaren zerbitzu berrien prestazioan. Emakida berria esleitutako enpresak hura sinatu ondoren, zerbitzuak datozen hamar urtetan 21.000 pertsona baino gehiago artatuko ditu eta 15,3 milioi euroko gehieneko kostua izango du.  Zerbitzua azaroaren 24tik aurrera abiaraziko da. 

Baztan-Bidasoa eremurako emakida berria osatzen duten zazpi autobusen aurkezpenean, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren titularrak balioa eman dio emakida berriak duen eskualde-ikuspegiari, baliagarri baita Nafarroako herritar guztiek kalitatezko garraio publikoa eskura dezaten, haien bizilekua edozein dela ere. Horrez gain, uste du garraio publikoa eskuratu ahal izatea dela lurraldea egituratzeko eta landa-eremuetan despopulazioaren aurka borrokatzeko gakoetako bat. Emakida berriak hirigunetara joan ahal izatea ahalbidetuko du, adibidez, Iruñera edo Donostiara, hala zerbitzu mota guztiak eskuratu ahal izateko.

Orain abiarazitako zerbitzuak, flota berritua izateaz gain, handitu egingo ditu maiztasunak eta eskatu ahalako zerbitzu berriak ezarriko ditu 25 biztanle edo gehiagotako udalerrietako bost lineatan: Zugarramurdi-Elizondo-Almandoz, Saldias-Doneztebe, Etxalar-Doneztebe-Lesaka, Ezkurra-Doneztebe eta Lantz-Iruña linea. 

Flota berritua

Emakida berrian zerbitzuak emango dituen enpresa Baztan Bidasoa Ultzama Movilidad SM izango da, zeina Burundesa SAUk eta Autobuses La Pamplonesa SAk osatzen duten. Zazpi autobus gehituko ditu, eta autobus horiek segurtasun-zerbitzu aurreratuak zein desgaitasunak dituztenen irisgarritasun-premiak artatzeko bermeak dituzte. Gainera, erosotasunaren estandar guztiak beteko dituzte.

Emakiden berrikuspena

Nafarroako Gobernuak 2019an Errepideko Bidaiarien Hiriarteko Garraio Publikoaren Plan Integralaren (PITNA) berrikuspen bat abiarazi zuen, ordura arte zeuden 38 emakidak zortzira murrizteko. Plan horrek xede du 25 biztanle baino gehiago dituzten udalerriak lotzea eskualdearen herriburuarekin, eta horiek konexio azkarra izatea hirigune handiekin. Horiek horrela, herritar gutxi bizi diren landa-eremuetan, turismo-ibilgailuen bidezko eskatu ahalako garraio-zerbitzuen ibilbideak ezarri dira.

Orain arte, sei emakida berritu dira Nafarroako Foru Komunitatean: Iruña –  Soria, Iruña – Tafalla (Tafalla ingurua), Iruña– Tutera– Zaragoza (Behe Erribera), Iruña – Altsasu –  Gasteiz, Iruña –  Irun (Baztan/Bidasoa), Iruña – Pirinio ingurua, zeina aldi baterako esleitu den. Gaur egun, Donostiarako emakidaren lizitaziorako aurretiaz egin beharreko izapideak bukatzen ari dira, eta lanean dihardute Estellerriarako zerbitzuaren diseinuan.