2025ko apirilaren 23a

Irujo kontseilariak Lacturalek Etxeberriko biogas plantan “ekonomia zirkularraren eta energia berdearen alde” egindako apustua nabarmendu du

Egunero jezten diren behiek sortutako simaurraz baliatuta, lantegi honek bere autokontsumorako nahiz herria eta, besteak beste, Lactuyogurtak eta Ultzama postreak ontziratzen diren planta hornitzeko energia ekoizten du
Irujo kontseilariak Lacturaleko instalazioak ezagutu ditu
Irujo kontseilariak Lacturaleko instalazioak ezagutu ditu  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria den Mikel Irujo Lacturalek Etxeberrin dituen instalazioetan izan da berriki, animalien ongizatean eta iraunkortasunean erreferentea den esne-enpresan. Ibilbidean zehar, harekin batera izan dira Juanma Garro, Lacturaleko presidentea; Iñaki Redín, zuzendaria;  Patricia Ziganda, kudeatzailea; eta Maite Azpiroz, Marketin arduraduna, beste hainbat abeltzainarekin batera.

Bisitan zehar, kontseilariak bertatik bertara ezagutu ditu Lacturaleren praktika berritzaileak, besteak beste, autokontsumo energetikoaren sistema eta behien mindetan oinarritutako biogasaren ekoizpena eta banaketa. Horrek ekonomia zirkularraren eta ingurumen-inpaktuaren murrizketaren aldeko apustua indartzen du.

Zentzu horretan, Irujo kontseilariak Lacturale bezalako enpresen “garrantzia” azpimarratu du “Nafarroaren garapen ekonomiko eta jasangarrirako”, enpresak “bere ingurunearekin, animaliekin eta pertsonekin duen konpromisoa” azpimarratuz. Industria Departamentuak biogas plantarako emandako laguntzarekin egindako apustua ere azpimarratu nahi izan du, “ekonomia zirkularraren eta energia berdearen aldeko apustuaren adibide argia denez”.

Lacturaleko Etxeberri baserrian jezteko 500 behi inguru daude eta egunero 65 tona inguru simaur sortzen dira. Horiek biogas plantako digestorera eramaten dira, eta hor elektrizitatea ematen duen eraldaketa jasaten dute. Proiektu honen jatorria Joanes Etxegoyen da, lantegi honi buruzko Gradu amaierako proiektua aurkeztu zuen ingeniari gaztea. Lacturaleren proiektu energetikoa azaldu dio Joanesek zuzenean kontseilariari bere bisitan. “Biogas planta honek urtean 1.390 megawatt inguru sor ditzake behien simaurretik abiatuta. Energia horrek autokontsumorako balio du, bai eta herria eta lactuyogurtak ontziratzen diren planta (Ultzama postreak, besteak beste) hornitzeko ere”.

Juanma Garro enpresako presidentearen esanetan, “planeta zaintzea ez da aukera bat, guztion betebeharra baizik, eta Lacturalen egunero egiten dugu lan hori lortzeko”.

Lacturale 2005ean sortu zuen Nafarroako abeltzain talde batek, eta azken urteotan hazkunde nabarmena izan du. Hasieran, enpresak 25 milioi litro esne ekoizten zituen urtean, eta horietatik % 45, gutxi gorabehera, bere marka propioaren pean ontziratu zituen. Jasangarritasunarekin eta kalitatearekin duen konpromisoa izan da merkatuan sendotzea lortzeko giltza.

2011n, Lacturalek 4 milioi euro inbertitu zituen bere instalazioak modernizatzeko, bereziki energia-eraginkortasunean eta ingurumen-inpaktuaren murrizketan oinarrituz. Horrez gain, biogas-instalazioaz gain, gaur egun panel fotovoltaikoak eta geotermia ere baditu. “Ekoizpen integratuko sistemen inplementazioak eta energia berriztagarri horiek esnearen sektoreko erreferentziazko eredu bihurtu dute Lacturale” adierazi du Irujo kontseilariak. Izan ere, Etxeberrikoa da hiru energia berriztagarriak dituen Europako lantegi bakarra: geotermia, eguzki-energia eta biogasa.