2025ko apirilaren 14a

Ibilgailu berri batek liburutegi zerbitzua eskainiko du Areso, Goizueta eta Aranon

'LAGA Biblionetak' 300 libururako edukiera du eta mila pertsonatik gorako biztanleei emango die arreta
LAGA Biblioneta berriaren aurkezpena Areson Irudi galeria

Areso, Goizueta eta Arano herriek ibilgailu berri bat izango dute gaurtik aurrera, Leitzako liburutegitik liburutegi zerbitzuak gerturatzeko. "LAGA Biblioneta" du izena (Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoren akronimoa) eta gaur bertan aurkeztu dute Aresoko Nazabal Ikastetxean, Esnaola kontseilariak parte hartu duen ekitaldian.

Kontseilariarekin batera, Dabid Anaut Leitzako alkatea, Igaro Balda Aresoko alkateordea eta Asun Maestro Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria izan dira. Aurkezpenean, halaber, Nazabal ikastetxeko zuzendariak parte hartu du, ikasleekin eta irakasleekin batera.

Bere hitzaldian, Esnaolak azpimarratu du liburutegi-zerbitzuetara jotzeko eredu horrek laguntzen duela herritarrei “bizia ematen”. “Jasotzerakoan agertzen duten pozak eta herri bakoitzeko udalek eta gizarte-erakundeek izan duten inplikazioak erakusten dute bertako biztanleek garrantzi handia eman diotela ekimen honi, kultura, ezagutza eta irakurzaletasuna dinamizatzeko elementu gisa”, adierazi du. Kontseilariak “lehen mailako hurbileko zerbitzu publiko” gisa definitu ditu ekimen horiek, eta “gizarte- eta lurralde-kohesiorako funtsezkoa” dela nabarmendu du.

Azkenik, Rebeca Esnaolak Biblioneta hau udalerri hauetako bizilagunentzat eta bereziki geldialdia egiten duen ikastetxeetarako “biltzeko, ikasteko, irakurketa sustatzeko eta liburuak zein esperientziak trukatzeko gune” bihur dadin animatu du”.

Areso, Goizueta eta Aranorako zerbitzua

Leitza alderako liburutegi-hedapeneko zerbitzu hori ez da berria; izan ere, 2020an hasi ziren zerbitzua ematen, baina ibilgailu partikular batekin eta muga handiagoekin. Gaurtik aurrera, Nafarroako Gobernuak erosi eta egokitutako furgoneta bat dauka, Kangoo modeloa, bisita bakoitzean Leitzako liburutegiko funtsekin berritzen diren 300 libururentzako edukiarekin.

Liburutegi mugikorrak asteazkenetan ematen du zerbitzua, eta Areso (266 biztanle), Goizueta (692 biztanle) eta Arano (110 biztanle) herriak bisitatzen ditu. Mailegu-zerbitzua eta irakurketa sustatzeko jarduerak eskaintzen ditu, eta aldez aurreko eskaerak eta erreserbak posta elektronikoz eta Whatsapp bidez ere egin daitezke. Goizuetan, bestalde, euskarazko irakurketa kluba mantendu egiten da.

Areson zerbitzua Nazabal Eskolan ematen da. Goizuetan, zerbitzua 15 egunean behin ematen da, eta Andres Narbarte Xalto Eskola eta plazaren ondoan dagoen lokal bat txandakatu egiten dira. Hilean behin, Goizuetara joaten den egun berean, Aranon, herriko plazan edo Maisuenea lokalean ere ematen da zerbitzua.

Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuak, ekimenaren sustatzaileak, antzeko zerbitzuak ditu Aezkoa, Artzi, Erro, Luzaide eta Burgete haranetako berrogei herri ingurutarako, Aurizberriko liburutegia oinarritzat hartuta; Lizarraldeko Bibliobusaz gain, zeinek Lizarralde horretako 56 herri hartzen dituen barne.

Liburutegien sarea

Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarea 90 udalerritan dauden eta Nafarroako biztanleriaren % 92ri zerbitzua ematen dioten 100 liburutegi-zentrok osatzen dute. Zentro horiei liburutegi-hedapeneko zerbitzuak gehitu behar zaizkie. Zerbitzu horiek, oro har, lurraldean presentzia handia izatea ahalbidetzen dute.

2024an zehar, Sareko liburutegiek 774.753 dokumentu utzi zituzten eta 5.469 jarduera antolatu zituzten; guztira, 1.847.241 bisita izan ziren.