2024ko martxoaren 11a

Hezkuntzak 2024-2025 ikasturtean Haur Hezkuntzako ratioen murrizketekin jarraituko du, ikasle kalteberen maila handiena duten ikastetxeetan

Departamentuak martxoaren 18tik 22ra bitartean egingo den 3 urteko ikasleak onartzeko prozesua eta eskola publikoari laguntzeko kanpaina aurkeztu ditu
Irudi galeria

Nafarroako hezkuntza-sistema publikoak datorren 2024-2025 ikasturtean ikasle kalteberen bolumen handiena duten ikastetxeetan Haur Hezkuntzako geletan ratioak murrizten jarraituko du. Guztira, 3 urte beteko dituzten, 5.221 haur sartuko dira datorren ikasturtean Nafarroako hezkuntza sisteman. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak onartzeko ohiko prozesua martxoaren 18tik 22ra bitartean egingo da. Onarpenerako behin betiko zerrendak apirilaren 30ean argitaratzea aurreikusten da, eta matrikula egiteko ohiko epea ekainaren 17tik 21era bitartean.

Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok eta Departamentuko Hezkuntzako zuzendari nagusi Gil Sevillanok gaur goizean eman dituzte jakitera Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko irakaskuntzak egiteko Nafarroako Foru Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko ildo nagusiak zeintzuk diren eta “Yo soy de la pública / Ni publikokoa naiz” lelopean egun hauetan hedatzen ari den eskola publikoari laguntzeko publizitate kanpaina aurkeztu dute.

Datorren 2024/2025 ikasturteko aurreinskripzio-prozedura hau jadanik apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuan xedatuari jarraiki arautzen den laugarrena izango da; honen bidez, funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleen banaketa orekatuagoa lortu nahi da eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak xedatzen du banaketa hori.

Departamentuko arduradunek nabarmendu dutenez, ikastetxe bakoitzean hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleen eskolatze-indizea (ACNEAE) kontuan hartuta, ikasleen banaketa orekatuagoa errazteko aurreko legealdian sortu zen tresna aitzindaria alegia, Hezkuntza Departamentuak 24/25 ikasturterako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen eta bigarren mailetan 20 ikasleri eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloko hirugarren mailan 22 ikasleri ratioa murriztea erabaki du, ACNEAE indizea eginiko egunean indize negatiboa izaten duten ikastetxeetan eta hizkuntza ereduetan, alegia dagokien eragin-eremuko batez bestekoa baino ikasle-bolumen kaltebera handiagoa duten ikastetxeetan. Beraz, onarpen-prozesua arautu duen Ebazpena onartzen den unean adierazitako ratioa gainditzen duten taldeak dituzten ikastetxeek jazotako bajak soilik ordeztu ahal izango dituzte horrek ikasturte bakoitzari dagokion ikasgelako ikasle-ratioa gainditzea inplikatzen ez badu.

Raioen murrizketa progresibo bat da eta ikastetxeen sarean hedatuz doa hirugarren urtez jarraian, dagoeneko adierazitako irizpideen arabera, eta aipatutako 33/2021 Foru Dekretuaren 36. artikuluko 4. puntuan xedatuaren arabera. Artikulu horrek aukera ematen dio Hezkuntzari aurretiko ratioak baino txikiagoak finkatzeko, oro har, dagokion irakaskuntza mailarako. Gimeno kontseilariaren esanetan, eskaintza publikoaren kalitatea hobetzeko neurri hauekin “helburua da ikasleek gehiago eta baldintza hobeagotan ikastea, ekitateari lotutako ratioen jaitsiera mailakatuz eta ikastetxearen beraren ekitate eta berrikuntza eraldatzailearen irizpideak kontua hartuta”.

Onarpen prozesu arrunta honako irizpideen arabera arautuko da: ikastetxetan matrikulatutako anai-arrebak egotea, familia-unitatearen per capita errenta, ikaslearen edo haren guraso, tutore edo anai-arrebaren baten desgaitasun-egoera, genero-indarkeriaren eta/edo terrorismoaren biktima izatea, ikastetxeetan lan egiten duten legezko tutoretza egiten duten gurasoak, familia ugaria izatea, ikaslearen familia-harrerako egoera, guraso bakarreko familia izatea eta erditze anizkoitzean jaiotako ikasleak. 

Onarpen prozesu arruntean parte hartzeko eskabideak telematikoki izapidetuko dira, ahal dela, Hezkuntza Sailak horretarako garatutako eta Educaren Atarian eskuragarri egongo den web-aplikazioa baliatuz. Guraso-ahala duten gurasoek edo ikasleek legezko tutoreek formalizatu beharko dituzte.

Eskatutako ikastetxe bakoitzerako, eskatzaileak baremoa aplikatuz lortutako puntuen baturatik ateratzen den puntuazioarekin lehiatuko dira. Baremo horrek erabakiko du onarpen- eta itxarote-zerrenaren hurrenkera. Eta eskabidean ikastetxeak zein ordenatan jaso izan diren kontuan hartuta, plaza esleituko zaio eskatzaileari, onar litekeen lehentasun-ordenarik handienari jarraiki.

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailetan, aurten ere, bi plaza gordeko dira eskola-unitate bakoitzeko, aurrez izena emateko epea amaitu arte, hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleentzat. Erreserba hori Nafarroako ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztietan gauzatuko da. Plazak erreserbatzeko epea amaitu denean, bete gabeko plazak xede orotarako liberatuta geratuko dira eta hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasletzat hartu ez diren ikasleei eskaini ahal izango zaizkie. Gainerako ikasturteetan berriz, ikasle horien eskolatze-indizea hartuko da kontuan eta indize horrekin zehaztuko dira ikastetxe bakoitzean eskaini daitezkeen lanpostu hutsen izaerak.

ACNEAE ikasleen eskolatze-indizea dagokion eragin-eremuko batez bestekoaren gainetik duten ikastetxe orotan, ezaugarri horiek dituzten ikasleentzako plazak soilik gordeko dira. Aitzitik, eta indize berari jarraiki, ACNEAE ikasleen eskolatze-indizea dagokion eragin-eremuko batez bestekoaren azpitik duten ikastetxeetako lanpostu hutsen eskaintza, egoera hori betetzen ez duten ikasleetara soilik mugatuko da. Hezkuntza-etapa edo hizkuntza-eredu bakoitzeko ikastetxe bakarra dagoen udalerrietan dauden ikastetxeek ez dute indizerik izango. Horietan, balizko plaza hutsetatik eratorritako ikasleriaren onarpena ACNEAE baldintza betetzen duten edo ez kontuan hartu gabe egingo da.

Haur Hezkuntzako lehen zikloa 

Horrez gainera, Hezkuntzako zuzendari nagusi Gil Sevillanok adierazi du Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan haurrak onartzeko prozedurarako eskabideak 2024ko apirilaren 10etik 24ra bitartean aurkeztuko direla. Behin-betiko zerrenda ekainaren 5ean argitaratuko da eta matrikula ekainaren 6tik 12ra bitartean formalizatu beharko da, ikastetxeen erakunde titularrek xedatzen dutenaren arabera.

Lehenengo aldiz, Haur Hezkuntzako bi zikloetako onarpen-prozesuak LOE legean xedatutik eratorritako irizpide homogeneizatuen arabera arautzen dira.

2023/2024 ikasturterako onarpen-prozesuan egindako pilotajearen ostean, aurre-inskripzioa berriz ere bateratua izango da Hezkuntza Departamentuko ikastetxeentzat eta Iruñako Udalarenak direnentzat. Berriz ere, eskabideak telematikoki aurkeztuko dira, zuzenean eskatzaileen aldetik edo bestela euren eskabideak izapidetu nahi dituzten haiek zuzenean artatuko dituzten langile teknikoen aldetik.