2023ko maiatzaren 29a

HEALTH azeleragailuak, osasunaren arloko ekimen-proiektuei zuzendua eta proiektu onenari 8.000 euroko saria emango duenak, hirugarren deialdia ireki du

Gehienez zortzi ideia edo ekimen aukeratuko dira, eta aurkezteko epea ekainaren 23an bukatuko da.

Nafarroako Gobernuko Berrikuntzako, Unibertsitateko eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroa (CEIN) sozietate publikoaren bidez, HEALTH azeleragailuaren hirugarren deialdia egin du. Azelerazio espezializatuko programa honen helburua da osasun-sektorean negozio-ideia berritzaileak dituzten ekintzaileei laguntzea, bai eta bertan lan egiten duten eta merkatuan gehienez urtebete daramaten proiektuei ere. Gainera, 8.000 euroko saria emango zaio proiektu parte-hartzaile onenari.

Aurkezten diren hautagaitzen artean, gehienez zortzi ekimen aukeratuko dira, irizpide hauen arabera: merkatuarekiko hurbiltasuna, garapen-potentziala, eduki zientifiko-teknologikoa edo talde sustatzailearen ezaugarriak.

Programan parte hartu nahi duten pertsonek deialdian parte hartzeko oinarriak kontsultatu ahal izango dituzte, eta ekainaren 23ra arte aurkeztu ahal izango dute hautagaitza formulario honen bidez.

HEALTH azeleragailua irailean hasiko da eta aukeratutako proiektuekin egingo den lana, 10 astez, ideia baliozkotzera eta negozio-eredua garatzera bideratuko da, dauden fasera egokitutako prestakuntza-ibilbideari esker. Azelerazio-prozesuan, parte-hartzaileek banakako tutoretzak eta aholkularitza espezializatua izango dituzte, jardunean dauden eta merkatuan esperientzia duten profesionalen eskutik.

2023ko “HEALTH azeleragailuaren proiekturik onenaren saria”

Azeleragailua aprobetxamenduarekin amaitzen duten ekimenak “HEALTH azeleragailuaren 2023. urteko proiekturik onenaren saria” (8.000 euro) jasoko duen epaimahaiaren aurrean aurkeztu ahal izango dira.

Epaimahaiak, besteak beste, proiektuaren izaera berritzailea, egingarritasuna eta merkatu potentziala edo talde sustatzailearen inplikazioa baloratuko ditu.

Gainera, saritutako proiektua CEINen osasun-arloko startupak eskalatzeko programan sartu ahal izango da “HEALTH ScaleUp 2023” eta sei hilabetez, doan, CEINen berrikuntza-mintegian instalatu ahal izango da.

HEALTH azeleragailua CEIN HEALTH ibilbidearen parte da eta osasun-arloko berrikuntza- eta ekintzailetza-ekimenak sustatzeko, bizkortzeko eta eskalatzeko zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditu.