2024ko otsailaren 12a

Haurren minbiziaren biziraupena % 80an mantentzen da Nafarroan tratamendu pertsonalizatuei esker

2023an 22 haur minbizi kasu berri diagnostikatu ziren Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan

Nafarroako Ospitale Unibertsitariko Haurren eta Nerabeen Diziplina Anitzeko Unitateak, 22 minbizi-kasu berri diagnostikatu eta tratatu zituen 2023an, guztiak hilabete eta 16 urte bitarteko pazienteenak.

Guztira, unitateak 44 neska-mutil artatu zituen, zifra hori aurreko urteetakoen antzekoa izanik. Biziraupen globala ere % 80aren inguruan mantentzen da; maila hori egonkortu egin da azken urteotan, minbizia banakako moduan tratatzera bideratutako tratamenduei esker. 

Unitateko koordinatzaile Maria Sagaseta de Ilurdozen esanetan, “tumore solidoak zein hematologikoak tratatzeko saiakuntza ugari nabarmendu behar dira, tumore-zelula zehatzetara zuzendutako farmako berriak berreste aldera. Hori oso esperantzagarria da biziraupena hedatzeko eta albo-ondorio berantiarrak murrizteko orduan”.

2023an diagnostikatutako tumoreen harira, tumore ohikoena leuzemia linfoblastiko akutua (LLA) izan da, kasuen % 25arekin; jarraian datorkigu garuneko tumorea (guztizkoaren % 20a). Gainerakoak haurren bestelako patologia batzuei dagozkie, adibidez, No Hodgkin linfoma, Hodgkin linfoma, neuroblastoma, leuzemia mieloidea, sarkoma osteogenikoa edo Ewing sarkoma, besteren artean.

Kasu bakoitzerako diziplina anitzeko arreta bat

Haur eta Nerabeen Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitatea (UMDCIA), edozein motatako tumore-gaixotasuna duten 16 urtetik beherako haur eta nerabeak artatzen dituena, 2021eko uztailean jarri zen abian. Hiru pediatria-onkologo, kasuak kudeatzeko erizain bat eta Eguneko Ospitaleko bi erizain jarduten dira bertan lanean, hainbat espezialitatetako profesionalekin batera, zeinen artean dauden haur-kirurgia, pedatriako erradiologia, anatomia patologikoa, erradioterapia, neurokirurgia, helduen hematologia eta onkologia, farmazia eta gizarte-lana. Pertsona horien denen artean, haur horien bilakaeraren diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena egiten da. Bestalde, bizirik atera direnen jarraipen-kontsultak 40 paziente artatzen ditu hilero, maiztasun ezberdinaz, tumore motaren arabera, helduen unitateetara transferitzen diren arte. 

Azken 5 urteotan, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean haurren minbiziaren 108 kasu diagnostikatu dira. 2023. urteko 22 kasuri 2022ko 23ak, 2021eko 19ak, 2020ko 21ak eta 2019ko 23ak erantsi behar zaizkie.