2025ko urtarrilaren 15a

Gripearen intzidentziak gora egiten jarraitzen du Nafarroan, eta Osasun Departamentuak larrialdi-zerbitzuen erabilera arduratsua eskatu du

Osasun Publikoko Institutuak gomendatzen du oraindik txertoa jarri ez duten arrisku-taldeei txertoa jartzea, eta herritar guztientzat maskara erabiltzea arnasketa-sintomen aurrean eta esku sarritan garbitzea, kutsatzeak ahalik eta gehien saihesteko
Deskargatu irudia Irudi galeria

Gripearen uhin epidemikoak goranzko bidean jarraitzen du Foru Komunitatean. Urtarrilaren 6tik 12ra bitarteko astean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) Zaintza Epidemiologikoaren azken txostenak jasotzen duenez, gora egin dute arnas infekzio akutuak (898tik 1.069ra 100.000 biztanleko) eta gripe-sindromeak  (147tik 242ra 100.000 biztanleko) eragindako kontsultek.  Hala ere, Institutuan diotenez, gripearen eragina minimizatu egin daiteke baldin eta herritar guztiek, batez ere sintomak dituzten pertsonek, prebentzio-neurri batzuk hartzen badituzte, hala nola arrisku-taldeen eta talde kalteberen txertaketa, maskararen erabilera eta eskuen higienea.

Azken astean gripe-sindromeen intzidentziak gora egin du adin-tarte guztietan, baina tasarik altuenak heldu gazteen artean eman dira, nahiz eta diagnostikoen kopurua iazko aste berean izandako gorakadaren antzekoa izan. Arnasketako beste birusei dagokienez, arnas birus sinzitiala (VRS) arintzen ari da, batez ere pediatriako populazioan, eta COVIDak ia ez du zirkulatzen, eta noizbehinkako kasuak eragiten ditu.

NOPLOIren aurretiazko kalkuluen arabera, gripearen aurkako denboraldi honetako txertoak eraginkortasun ona du. Zehazki, gripeak eragindako infekzioen eta ospitaleratzeen % 60 eta 70 bitartean prebenitzen ari da txertatuak direnean. Kalkuluen arabera, orain arte 150 ospitaleratze inguru aurreikusi dira Nafarroan. Hori dela eta, NOPLOIk gomendatzen du biztanleria kalteberak eta arrisku-taldeek txertoa hartzea halakorik egin ez badute, eta immunizazioaren babes-efektua beste prebentzio-neurri batzuekin osatzea herritar guztiek arnas sintomen aurrean: maskara erabiltzea, leku txikietan biltzea saihestea, espazioak aireztatzea eta eskuak behin eta berriz garbitzea.

Asistentzi-presio handia Nafarroako ospitaleetan eta ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzuetan

Denboraldi honetan arnas birusen zirkulazio handia izan da, eta gripeak protagonismo berezia izan du. Horren ondorioz, eskaera handiagoa izan da ospitaleko eta ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzuetan eta erkidego osoko Lehen Mailako arretan, eta okupazio handia izan da ospitalizazioan. Egoera honen aurrean, Osasun Departamentuak herritarrei eskatzen die osasun-baliabideen erabilera arduratsua egiteko, paziente larrienei eta denbora-mendeko patologiak dituztenei arreta bermatzeko eta lehentasunezko pazienteen itxaronaldiak murrizteko.

2025aren orain artekoan Nafarroako hiru ospitale publikoetan jendetzako uneak egon dira, jaiegun eta asteburu osteko egunetan. Horrela, Iruñeko Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak (HUN) 2025eko lehen hamabostaldian izan du jarduera-gailurra urtarrilaren 7an eta 8an, 574eta 584 arretarekin, hurrenez hurren, larrialdi orokorren, pediatrikoen eta ginekologikoen artean. Bestalde, Tuterako Sofia Erregina Ospitaleak (HRS) erregistratu du eskari handiena larrialdietan hileko bi astelehenetan, urtarrilaren 13an (210) eta urtarrilaren 7an (204), eta urtarrilaren 2an (202). Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalearen kasuan (HGO), urtarrilaren 9an eta 6an izan dira, 98 eta 91 artapenekin, hurrenez hurren.

Egoera hori errepikatu egiten da ospitaleez kanpoko larrialdi-zentroetan, 859 eta 805 arreta eman baitzituzten urtarrilaren 4an eta 5ean, bi zentroen batukarian (San Martin eta Buztintxuri) eta arreta guztietan (medikuntza eta erizaintzako, pediatriako eta etxeetako arreta orokorrak).

Nafarroako Osasun Zerbitzuak (Osasunbidea) erregistratutako datuak aztertu ondoren, ikusten da ospitaleetan larrialdietara joaten diren pazienteen ehuneko handi bat kasu arinen zirkuituan artatzen direla (% 37 HUNen, % 56 HGOn eta % 70 HRSn). Hori dela eta, biztanleei gogorarazten zaie beste arreta-maila egokiago batzuk daudela kasu horietarako: ospitalez kanpoko larrialdiak, osasun-zentroak eta osasun-aholkua, ospitale-maila zainduz larrialdiko egoera larrietarako eta denbora-mendekoetarako. Era berean, gogorarazi da ospitaleetako arreta larrialdiaren eta larritasunaren arabera lehenesten dela, ez iritsitako ordenaren arabera.

Osasun Kontseiluaren zerbitzua asteko egun guztietan dago erabilgarri, 8etatik 22etara, 948 290 290 telefonoan edo (consejosalud@navarra.es) posta bidez, Foru Komunitate osoko herritarren premiazkoak ez diren osasun-zalantzak argitzeko eta, hala eskatzen bada, deskribatutako sintomen arabera zein osasun baliabidetara jo behar den jakiteko.

Joan den abenduaren 9an ezarri zen Neguko Kontingentzia Plana Osasun Sistema Nazionalean. Plan horretan, Nafarroako hiru zentroetan ospitaleratzeetarako oheak pixkanaka irekitzea, hala eskatzen duten zerbitzu eta solairuetan langileak ugaritzea eta Ermitagañako Osasun Zentroan Iruñean arreta jarraituko hirugarren puntu bat irekitzea aurreikusten zen. Puntu hori urtarrilaren 31ra arte egongo da martxan, lanegun guztietan, 16:00etatik 20:00etara. Zentro hori Iruñeko, San Martingo eta Buztintxuriko ospitalez kanpoko larrialdi-zentroekin lotzen da, eta ohiko ordutegiari eusten diote. Ospitaleko Larrialdietatik pazienteei adieraziko zaie zentro horietara bideratu behar direla, euren patologiaren triajearen arabera. Lehen Mailako Arretako zentroetan ere larrialdiak artatzen dira, jendeari arreta emateko ordutegian. Ordutegi horretan, harrerako langileek asistentzia maila egokienera bideratuko dituzte pazienteak, aurkeztutako premiaren arabera.

Arreta-maila guztietan, arnas sintomak dituzten pazienteei eta laguntzaileei maskara erabiltzeko eskatzen zaie, betiere osasun-zentroan badaude.