2024ko apirilaren 26a

Euskarabideak eleaniztasuna sustatuko du ikasgeletan erabiltzeko material didaktikoa landuz

Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak parte hartu du sei autonomia erkidegok hizkuntza politikaren arloan sinatutako lankidetza protokoloaren bileran
Hizkuntza politikaren arloko lankidetza protokoloaren jarraipen 
batzordearen bilera, Santiagon
camera_alt Hizkuntza politikaren arloko lankidetza protokoloaren jarraipen batzordearen bilera, Santiagon  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak, Javier Arakamak, Santiagon parte hartu du Nafarroak Galizia, Euskadi, Katalunia, Balear Uharteak eta Valentziako Autonomia Erkidegoekin hizkuntza politikaren arloan sinatutako lankidetza protokoloaren jarraipen batzordean.

Berezko hizkuntzak dituzten komunitateek sortutako batzordea da. Bertan, komunitateetako hizkuntza-politiketarako interesgarriak diren hainbat gai jorratzen dira, bai eta beren hizkuntzak sustatzeko ekintza bateratuak egin ere.

Oraingo honetan, DBHko ikasleei zuzendutako material didaktikoak egiten aurrera egin da. Nafarroak aktiboki parte hartu du unitate didaktiko horien sorkuntzan, eta aukeratutako gaia musika izan da. Helburua gazteek Estatuaren errealitate eleanitza ezagutzea da, material parte-hartzailearen eta interesaren bidez, eta hizkuntzekiko jarrera positiboa eta errespetuzkoa garatzea.

Landutako beste gaietako bat Estatuko telebista publikoan hizkuntza koofizialak sustatzea izan da, eta, zehazkiago, Clan TV, haurrei zuzendutako kanala, Estatuko hizkuntza ofizialetan sartuta.

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen (NPLD) Batzar Nagusia

Santiagora egindako bidaian, Euskarabideak NPLDren Batzar Orokorrean ere parte hartu du, non hizkuntza teknologiak bizitza sozial eta ekonomikoan duen eraginari buruz eztabaidatu den. Hainbat gai landu dira, hala nola itzultzaile digitaletarako sarbidea, hizkuntza ezagutzeko sistemak edo prozesadore linguistikoak, eta eskualdeetako hizkuntzen kontserbazioan eta hedapenean duten eragina. Hizlarien artean aipagarria da Anna Solé, Europako Batzordeko eleaniztasun departamentuko kidea.

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen (NPDL) helburua Europan hizkuntza-aniztasuna sustatzea da, maila guztietan informazioa eta esperientziak partekatuz, aniztasun hori errazago ulertu eta nazioartean gehiago aintzatesteko. Nafarroa eskubide osoko kidea da 2010az geroztik, eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bidez parte hartzen du sareko jardueretan. NPDLk estatuetako eta eskualdeetako gobernuekin lankidetzan jardun ohi du lan-saioetan, bai eta hizkuntza-plangintzan diharduten beste erakunde batzuekin ere. Sare horretan Europa osoko erakundeak daude ordezkatuta, hala nola tokiko agintariak, ikerketa-zentroak, unibertsitateak eta gobernuz kanpoko erakundeak.