Descárgate la app
Esnaola kontseilariak Nafarroako V. Liburu Azoka inauguratu du, dastatze eta literaturaren uztarketa edo 12 eta 17 urte arteko gazteentzako literatur lehiaketa bezalako nobedadeekin
2025ko maiatzaren 23a
Esnaola kontseilariak Nafarroako V. Liburu Azoka inauguratu du, dastatze eta literaturaren uztarketa edo 12 eta 17 urte arteko gazteentzako literatur lehiaketa bezalako nobedadeekin
Iruñeko Gaztelu plazan, aurtengo maiatzaren 30etik ekainaren 8ra bitartean, Liburu Azokaren edizio berria egingo da, bosgarrena kasu honetan, Diego de Haro Liburu-denden Elkarteak antolatuta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Gazteentzako literatur lehiaketa berria izango da eta edarien eta literaturaren uztarketa ere bai. Gainera, aurreko edizioetan bezala, tailerrak, mahai-inguruak eta Irakurketa Klub irekia programatu dira.
Kultura, Kirol eta Turismo kontseilari Rebeca Esnaolak Azokaren edizio berri hau aurkeztu du gaur Nafarroako Liburutegian, eta bertan berretsi egin du Nafarroako Gobernuak “gure erkidegoko liburu-denden irakurketa eta lana sustatu eta bultzatzeko duen konpromisoa”.
Zentzu horretan, Esnaolak liburuaren sektoreak arlo ekonomikoan eta kulturalean egiten duen ekarpen garrantzitsua azpimarratu du. “Funtsezkoa da Nafarroako herritar guztiek, erkidegoko edozein lekutan, eduki kulturalak eskura izatea”, adierazi du Esnaolak, eta azpimarratu du Nafarroako Liburu Azokak aukera ematen duela “irakurketa gure egunerokoaren epizentroan jartzeko, kaleetan, bide publikoan, herritarrek liburuekin eta profesionalekin harreman zuzena izan dezaten, eta adin talde guztiei irakurtzeko ohitura sustatzeko”.
Iruñeko Gaztelu Plazaz gain, ohiko etxolak hartuko dituena, Tutera, Caparroso, Baztan , Allo, Fitero edo Zarrakaztelu dira aurten Liburu Azokan programatutako jarduerekin parte hartuko duten 10 liburutegietako batzuk.
Jardueren egitaraua
Nafarroako Liburu Azokaren V. edizioak, oraingo honetan, jardueren programa bat aurkeztuko du, maiatzaren 30ean, ostirala, 10:30etatik aurrera, ekitaldiaren aurkezpenarekin, Gurutze Gorriari liburu solidarioa ematearekin eta Nafarroako Idazleen Elkarteak Isabel Blanco Ollero idazle eta T-16 arte galeriako koordinatzaileari eta Susana Rodríguez Lezaun kazetari eta idazleari egindako omenaldiarekin, iaz hil zen Saturnino Napal mediku eta idazle nafarra ohorezko kide izendatzeaz gainera.
Aurreko edizioetan bezala, Liburu Azokak Nafarroako publiko guztiak (haur , gazte eta heldu), literatur genero (narratibo, saiakera, dibulgazio, ilustratu, haurrena, gazteeena) eta Nafarroako bi hizkuntza ofizialak hartzen ditu barne.
Bosgarren edizio honetako egitarauaren baitan, azoka osoan zehar ohikoak izango dira liburuen aurkezpenak eta sinadurak hainbat egilerekin, goizeko zein arratsaldeko saioetan. Gainera, eta programatutako jardueren artean, halaber topatuko dugu ditugu haurrentzako ipuin kontalariaren saio bat, Patri de Blas narratzailearekin, Lettering tailer bat Imelda Arterekin zein Patricia Ramírez eta Sergio Herráizen ‘Soy una buena persona. 12 valores para ser mejor persona y dejar huella en los demás’.
Gazteak eta ez hain gazteak Mangaren inguruko hitzaldi batera joan ahal izango dira; nola hasi, pasadizoak, liburuen gomendioak eta modu ofizialean eta doan irakurri ahal izateko lekuak. Azken batean, kontua da hiri txiki batean bizi arren hobbie horretaz gozatzeko aukera asko daudela erakustea. Liburuak ere zozketatuko dira.
Edizio guztietan bezala, Ventura Rudizen idazketaren hastapen tailerrak izango dira, lehen hezkuntzako ikasleei zuzenduta, eta saio bat ere izango da Solera Klubeko nagusiekin, Nafarroako Idazleen Elkarteak (ANE-NIE) antolatutako mahai-inguruak, helduentzako ilustrazio tailerrak bi ilustratzaile nafarren eskutik (Raquel Samitier eta Itziar Reparaz), haurrentzako Lettering tailer bat eta Gerraren aurkako hitzak taldearen irakurketa klasikoa.
Horrez gainera, hirugarren urtez jarraian, irakurketa Klub ireki batekin kontatuko da, Liburutegi Zerbitzuarekin lankidetzan, Jesus Carrascoren eskutik. Jesus Carrascok Irakurketa Klubaren zikloaren azken saioan parte hartuko du. Jesus Carrascoren beraren ‘Intemperie’ liburuan inspiratutako filma proiektatuko du Nafarroako Filmategian, eta, ondoren, topaketa bat egingo da bere egilearekin.
Ibilaldi literarioak ere errepikatzen dira, José Miguel Albizu egilearekin, zeinek azokaren bi asteburuetan Iruñeko Hiru Burgosetan zehar gidari lanak egingo dituen.
Bosgarren edizioaren nobedadeak
Berrikuntza gisa, eta azokaren osagarri, ekainaren 2an eta 4an bi dastatze/uztartze saio antolatu dira edarien eta literaturaren artean.
Eta beste berrikuntza garrantzitsu bat, Liburutegi Zerbitzuarekin lankidetzan, Epizentroen I. Literatur Lehiaketa abian jartzea da, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Sariak (Elkartearen liburu-dendetan gastatzeko txartelak) Azokan ekainaren 3an egingo den ekitaldi batean banatuko dira. Eta ondoren, Txus San Vicentek rap/poesia tailerra eskainiko du publiko berarentzat.